Adinan aurrera noala, gero eta zailagoa egiten zait gure existentzia ulertzea, agian gutxiago pentsatu eta gehiago ekin, gehiago disfrutatu beharko nuke, eta horretan saiatzen naiz, baina zoriontasunaren bilaketa horretan milaka galdera kolpatzen zaizkit burmuinean eta erantzuna topatzeko ahaleginetan joaten zaizkit bakarrik igarotzen ditudan une gehienak.
Oroitzen naiz Woody Allen deskubritu genuen garaian harrituta geratzen ginela nola bere filmetako pertsonai gehienak psikologoetara joaten ziren euren miseriak, kezkak, ezinegonak kanporatzeko eta barre egiten genuen, hori guztia gurekin ez zetorrela aldarrikatuz, hori burgesez beteriko EEBB bezalako herrialde batean gerta zitekeela soilik, gurean horrelakorik ez, ...
Urteak pasa ahala ohartu naiz, hori mendebaldeko edo edozein herri "garatutan" gertatzen dela zoritxarrez.
Gauza materialak ziurtatuta dauzkagun neurrian (etxebizitza, lana, heziketa, janaria, osasunbidea, bizioak,...), geure bilaketa harantzago doa ezbairik gabe. Bizitza duin baterako oinarrizkoak direnak asetzen ditugun neurrian, gure hutsuneak bilatzen ditugu kontzienteki edo inkontzienteki, materiala dena baino areago, eta hor gure gabeziak azalarazten hasten dira.
Jasan dugun heziketa erlijioso kastranteak, hutsune espiritual izugarria utzi digu, jainkoetan ez sinistetik gure buruan ez sinistera pasa gara nahi gabe, eta orain ez dugu gure beldurrak, gure hutsak, gure nahiak, gure desioak ulertzeko tresna egokirik, hustu egin gaituzte eta ez dugu hutsune hori betetzeko biderik aurkitzen.
Gero eta gehiago dira hori asetzeko bide berriak topatzen ari direnak, bizitza estilo berriak, jaterako orduan, erlazionatzeko orduan, norbera bere buruarekin bakean egoteko orduan, eta lehen ulertzen ez banituen ere, guzti horri buruzko iritzia aldatzen ari naiz apurka apurka. Ekialdeko kultura zabaltzen ari da neurri handi batean geure artean, meditazioa horren lekuko.Kolektibo batean parte hartzen dugunean kezka horiek guztiak, norbanakoak, desagertu egiten dira, beste aire batzuekin kutsatzen zara eta ez duzu astirik zure buruan pentsatzeko, baina zure etxeko atea ixten duzunean, hor ageri dira sekula alde egin ez duten mamuak eta hor dator norberaren gainbehera.
Zerbaitegatik gara izaki sozialak, taldearen babesean ziur sentitzen garelako, baina zer gertatzen da zure sare soziala desagertzen doanean, eta hori zoritxarrez adinarekin maiz gertatzen den gauza bat da?
Orain ulertzen dut jende askok familia, bikotea, edukitzeko duen beharra kosta ala kosta. Ez dakit horrek zoriontasuna dakarren ala ez, baina gure mamuak uxatzeko bidea da eta inork ez du mamuz inguraturik bizitzerik nahi.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina