2011/07/02

iragana, oraina, geroa

Hondartzatik atera naiz, patxadatsu, autobuserako bidean eta semaforo batean hantxe zu. Bizkarrez egon arren berehala ezagutu zaitut, etzara gehiegi aldatu, seguru zimurrak zure aurpegian ugaritu direla, baina atzetik behintzat betiko itxura zenuen, agian gure garaian baino kilo batzuk gehiago, besterik ez.
Ez zindoazen bakarrik, zure atzetik bi ume koxkor, hamar eta zazpi bat urteko mutil eta neskatila bat. 
Autobus geltokian zuei so geratu naiz eta bat batean imajinatu dut ume horiek nireak izan zitezkela bere garaian hartutako erabakiak hartu izan ez bagenitu, hobe esanda nik hartutako erabakia hartu izan ez banu. Imajinatu dut etxera zindoaztela amonaren etxera akaso, kasualitatez bost minutu beranduago zure anaia ere pasa baita bere bi semealabekin, nire ilobak otu zait une batez.
Askotan egin izan diot neure buruari galdera bera, eta gaur ere etorri zait, ea zurekin jarraitu izan banu egun zoriontsua izango nintzateken..., erantzunik ez dut ordea. Maiz pentsatu izan dut agian zoriontsu ez, baina bizitza errazagoa izango litzatekela, pentsatzeko asti gutxiago izango nukelako eta eguneko ordu gehienak lanari, etxeari eta familiari eskaini beharko nizkiekelako, baina hori al da nik bizitzari eskatzen diodana?
Jende askok familia izaten du, bizi legea delako, ohituraz, beraiengandik espero dena delako akaso; beste batzuk benetan amatasunaren eta aitatasunaren deia jasotzen dute eta umeak ekartzen dituzte konbentzimendu osoz. Ni ez naiz sekula ez lehen ez bigarren taldean egon. Azken urte hauetan harreman egonkor bat izan banu agian planteatuko nuke halakorik, baina tokatu ez denez ezin jakin.
Edozein kasutan bere garaian hartutako erabakiak gaur egun bizi dudan egoerara ekarri nau. Ezin damutu egindakoaz, harek ez baitu atzera bueltarik, aita zu izan zara, ni ez ama, ume horiek agian nireak izan zitezkeen, baina ez dira, neuk horrela erabaki nuelako.
Agian hori da nire patua, benetan maite nauten pertsonak alboratzea, nireganako inongo interesik agertzen ez duten tipoekin enamoratzeko. Ufffffff, horrek oso gaizki sonatzen du, baina egia da inkontzienteki bada ere, batzuk sufrimendurako eta autoflagelaziorako tendentzia handia izaten dugula. 
Espero horretan ere, bizitzako beste kontu batzuetan bezala, gauzak aldatzen hastea, eta naizen bezalakoa maite nauen tipo xarmangarria topatzea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina