2025/02/04
OTSAILAK 4 (Kuala Lumpur)
Orain beste hiru bat ordu itxaron behar, Aucklanderakoa hartu arte.
Kuala Lumpur oso izen erakargarria da, baina, egia esateko, ez dakit ezer ez herrialde honi buruz. Bertara iristean piztu zait interesa: zertan oinarritzen duten ekonomia, zein erlijio profesatzen du gehiengoak, zein hizkuntzetan mintzo dira... Gutxienez, ia ziur hondartza ederrak izango dituela, beraz, beste baterako destinoa izan daiteke akaso.
Baina, oraingoz, nahikoa daukat Zelanda Berriko txokoei buruzko informazioa bilatzen, ez naiz beste herrialde batzuekin hasiko nahiko nahasmendu badaramat gainean eta.
Egun on!
2025/02/02
OTSAILAK 2 (bezpera)
Ba heldu da, eta gaur ez dakit nola igaroko dudan eguna. Entretenitua egotea komeni zait nerbiyuek akaba ez nazaten. Baita gauza batzuk begiratu beharko nituzke ere, planninga zehaztea paperean, baina ez dakit ahal izango dudan.
Lortu dudan kontaktuetako batek
erantzun dit, nire bila etorriko da aireportura. Flipatuta nago, ze jende
jatorra dagoen mundu honetan, sasikumeez haratago. Beste batek ez dit erantzun.
Ez dakit berriz ere saiatu ala ez. Nahita ez dit erantzun ala dena delakoagatik
ez du mezua ikusi edo entzun? Ez dakidanez, ez dakit nola jokatu. Audio bat
bidali nion. Igual zenbaki ezezaguna ikustean zuzenean borratu egin zuen? Agian
idatzizkoa bidaliko diot, ea erantzunik badagoen? Bai, hori egingo dut.
Eta bitartean hemen nabil, etxea txukuntzen, ahalik eta ondoen uzteko asmoz, frigoa hustutzen, nire kiloetan eragina izaten ari dena ezbairik gabe, bueltan lizunez beteriko bizitoki bat topatzea ekiditeko, eta gogoan izan behar ez nituzkeen eta bizi naizenik ere ez dakiten pertsonekin akordatzen.
Eta konturatu naiz errepikatu egiten naizela. Idazten ari naizenean, hau jada idatzi dut, etortzen zait burura, gero eta gehiagotan. Ez dakit hori ona ala txarra den. Ez dakit estilo baten ezaugarriak adierazteko modu bat den; ez dakit ideiak agortuta ditudalako den. Horretan pentsatzen ari naizela Mark Rothko bezalako artistak datozkit burura. Ez, ez dut nire burua mundu mailako, edo Euskal Herri mailako, edo nire herri mailako artistekin konparatu nahi. Bakarrik esan nahi dut pertsona bakoitzak bere interes propioak dituela, bere izaera, bere estiloa, eta hori, lehenago edo beranduago azaleratu egiten dela. Eta ez ote zait niri hori gertatzen ari, zazpi hilabete osoz, egunero idazten aritu ostean, jada estilo eta gaitegi propioa garatu dudala eta, ondorioz, errepikatu egiten naizela, baita izenburuetan ere.
Eta, korapilo bat sabelean, utzi egingo zaituztet irakurle maiteak, zenbat zarete, bat, lau, hiru, bost, zazpi? Gutxirekin konformatzen naiz, gaur blogean irakurle kopurua zero izan da, eta zer? Berdin dio. Halere, egunero jarraituko dut paperean nire abenturak, sentsazioak, pozak eta tristurak jasotzen. Bueltan izango duzue nire berri ostera ere.
Bitartean zaindu zaitezte, eta zoriontsuak izaten saiatu!
2025/02/01
OTSAILAK 1 (irrazionala naiz)
Baina perilla mota asko daude. Ni ez naiz kokotzatik gora ilezko laukitxo bat duten horietaz ari, hau da, antxume baten tankeran ile batzuk uzten dituztenez, ez. Atzeraka egiten didatenak ezpain inguruan ilezko borobil perfektua moztuta daukaten horiek dira. Beno borobil edo elipse, aurpegiaren formaren arabera. Ulertzen duzu zertaz ari naizen? Abascalen estiloan, baina perillan, ze argazkietan fijatzen aritu naiz eta hark bizarra osoa dauka, belarrietarainokoa. Abascalek ere nazka ematen dit noski, berea perilla ez izan arren, baina horretarako arrazoi estetikoak baino arrazoi ideologikoak daude. Baina perillekin ezin dut; ez perillekin, ez eta perilladunekin. Zeinek esango die gizon horiei guapo daudela, edo ondo geratzen zaiela? Ezin dut ulertu.
Harritzen al zaitu orain zergatik kostatzen zaidan horrenbeste ligatzea? Nola ligatuko dut, norekin, pertsonak baztertzeko halako arrazoi zentzugabeak, irrazionalak erabiltzen baditut?
Eta zuek, halako fobiarik sentitu al duzue inoiz? Arratsalde on!
2025/01/31
URTARRILAK 31 (nerbiyuak)
Maleta eginda, A-ren aholkuei ez diet jaramon handirik egin, erdiak kenduko lizkidake ziur, baina gauzak kabitu dira, beraz, gaitz erdi. Azkenean trolley batekin noa, eta gainean motxila txiki batekin.
Korapilo izugarria daukat sabelean,
unetik unera handitzen doana, Z ikustean sentitzen nuena baino handiagoa, hori
posible bada.
Antipodetako bi kontaktu pasa
dizkidate, eta jada mezu bana idatzi diet, baina hamabi orduko aldea daukagunez
pentsatzen dut gaua arte ez dutela ikusiko.
Atzoko eguraldiarekin eguna etxean
igaro nuen eraman beharrekoak aukeratzen, maletan aproba egiten, urduritzen. Jada
egiteko gutxi daukat, lehen egunetako planak zehazten joatea ez bada, eta
halako ezjakintasun bat sentitzen dut, bertigo izugarri bat, mundua bukatzera
balihoa bezala.
Zeinek esango zidan porru honetan
sartzeko? Ezin nuen kanarietarako bidai normaltxo bat aukeratu ez, munduko
beste puntara joan behar nik, baina zergatik? Zertarako? Hil aurretik zerbait
desberdina egin izanaren sentsazioa izateko, akaso? Bere garaian Jane Campionen
The Piano filma ikusi ondoren, inoiz horra joan behar dut esan niolako neure
buruari? Herrian errugbi tradizioa egonik Haka bat zuzenean ikusteko? Ala, besterik
gabe, natura delako nire gogoa asebetetzen duen bakarra eta han hori topatuko
dudalako, natura bere osotasunean?
Dena dela, klisk egin nahiko nuke eta jada han egon, ordurarte nerbioak jota egongo naizelako. Gaur, esaterako, oso lo gutxi egin dut. Ea datozen egunetan.
Asteburu on!
2025/01/30
URTARRILAK 30 (ahaztutakoak)
Atzo bi lagunek idatzi zidaten nire zerrendaren
kontura.
Batek esaten zidan arropa gehiegi neramala,
pisua kontrolatu behar nuela, emakume garbia naizela, ez dudala
horrenbeste zikinduko, desodorante on batekin dena konpon daitekeela, eta hara
hor zerrendan falta zen lehen artikulua, desodorantea. Halere ez noa trekking
bat egitera, ez naiz pisua gainean ibiliko denbora guztian. Kotxez mugituko naiz,
beraz motxilak edo maletak (zalantzan nabil bata zein bestea eraman, biekin
egingo dut aproba) pisu gehiago izan dezake; berez hegazkinean hogeita hamar
kilo arte sar ditzaket, nire helburua pisua horren erdira edo gutxiagora mugatzea
den arren.
Beste lagun batek pijama ahazten zitzaidala esan zidan. Ondo ikusia, aterpetxeetan logela konpartituetan lo egiteko asmoa dudanez, lo egiteko arroparen bat izatea komeni zait. Eta oheratzeko kontuekin jarraiturik, inork ez zidan esan kondoirik ez neramala, badaezpada baten bat eskura edukitzea komeni dela. Zein ondo dakiten ez dudala ligatuko, mirari bat litzateke. Halere, nezeserrean baten bat, igual, sartuko dut, fedegabeok ere inoiz mirariren bat bizitzeko aukera baitaukagu.
Eta kontuz aldaturik, aurrekoan esandako
bi filma ikusi ditut jada.
Lehena The Brutalist. Nolakoa
den ez jakintasuna, pertsona baten ezaugarri psikikoei egiten ziela erreferentzia
pentsatzen nuen. Esan dezadan, normalean, ez ditudala filmen erreferentziak
aurretik irakurtzen. Ba Brutalist edo Brutalism arkitektura
estilo bati deritzo, bigarren munduko gerraren ostean garatu zena, eraikin
funtzional eta merkeak eraikitzea zuena helburu, eta, horretarako, porlana eta
antzeko materialak erabiltzen zituena, Leioako unibertsitatearen tankerakoa,
ideia bat egiteko.
Ba filma gustatu zitzaidan, asko. Oso
luzea da, erritmo pausatua du, tartean hamabost minutuko deskantsua dauka,
baina ez da luze egiten. Niri, behinik behin, ez zitzaidan egin, eta arkitektura
zaleentzat, gai horren inguruko film bakarrenetakoa omen. Beraz, hor aukera.
Bestea ikusten dudan lehen film tailandiarra: Como hacerse millonario antes de que muera la abuela. Zoragarria iruditu zitzaidan. Gizatiarra, norberekoikeriaz beterik alde batetik, baina era berean oso goxoa; oso gomendagarria. Negar malko batzuk irten zitzaizkidan uneren batean. Eta ez dizuet gehiago kontatuko.
Eta gaur Donostiara joan behar izan
dudala derrigorrean autoaren kontu bat zela eta, paseo bat emateko asmo guztia
neukan, baina lehen autobusa hartu dut etxera, kalean ibiltzea ezinezkoa baita ari
duen euri eta haizetearekin.
Eta hitz hauek amaitzean maleta egiten
hasiko naiz, motxila ala trolley erabakitzeko, eta A-ren aholkuei jarraitu beharko
diedan erabakitzeko.
Ostegun On!
2025/01/29
URTARRILAK 29 (zerrendak egiten)
Hemen nabil zerrenda egiten, apurka-apurka maleta edo motxila prestatzen hasteko. Gaurkoan hori doa zerrenda, hilabete baterako beharko dudan gauzekin osatua. Lotsagorriturik onartu beharra daukat Gazara bueltatzen ari direnen ondasunak baino askoz ere zabalagoa dela. Munduaren alde honetan jaio izanaren zortea eta, zergatik ez esan, abantaila, horrela esanda oso hotz sonatu dezakeen arren, baina hori da errealitate gordina.
Arropak
Hiru kulero beltz, bat hilekorakoa
Galtzerdiak (4 pare, bi finagoak beste
bi potoloagoak)
Titizorroak: kiroletakoak 2,
bestelakoa 1
Bikini bi eta bainujantzia, bainurako
kapela, betaurrekoak, pareoa, toaila txikia, trapua, lehortzeko toaila
Praka luzeak bidaiarako eta bakero
batzuk
Kiroletako bi maila, gona motzak 2,
hiritik ibiltzeko bi praka (edo gona) motz
Kamiseta tiradunak kiroletakoak 2,
mauka motza beste 2, kalerakoak 2
Kamiseta mauka luze bi
Sudadera bi
Plumifero fina (jantzita)
Sira, kapela
Txupa bakeroa?
Bi zapatila pare (goretexakin eta
gabe), sandaliak eta txankletak
Teknologia
Argazki kamera eta bere kargagailua
Erlojuaren kargagailua
Mugikorra eta bere kargagailua
Kanpoko bateria bere kargagailuarekin
Aurikularrak eta bere kargagailua
Entxufe adaptadorea
Kotxeetarako konexioa?
Bestelako materiala
Motxila handia (fakturatu)
Motxila txikia gainean
Riñonera
Telazko poltsa bat
Koadernoak eta bi liburu irakurtzeko,
gidak eta mapak, idaztekoak, telefono batzuk eskuz apuntatuak
Irakurtzeko bi betaurreko pare
Pasaportea, gidatzeko baimen
internazionala
Ibiltzeko makilak, kranpoi txikiak, frontala
Eguzkitako betaurrekoak
Ilerako zinta bat, buff bat
Lo egiteko maindire-zakua
Labana eta kubiertoak
Kantinplora
Aterki txiki bat
Nezeserra
Xaboia (trozo arropak garbitzeko) +
gorputzerako
Txanpua
Aurpegirako krema, gorputzerako,
eskuetarako
Eguzkitako krema (aurpegia + gorputza)
Moskitoen aurkakoa eta ondorengoa
Botikina (paracetamol ibuprofenoa)
Tigre balsamoa
Salva slipak
Konpresa batzuk
Bidaiarako
Jatekoa, fruitu lehorrak, txokolatea
Badakit leku zibilizatu batera noala,
baina honekin moldatuko al naiz, janariaz beste erosi gabe?
Orain gauza horiek antolatu eta
motxila nola geratzen zaidan ikusi behar. Lan ederra daukat aurretik. Egun On!
2025/01/28
URTARRILAK 28 (norberaren etxearen bila)
Telebistari so
negar malkoak
irteten zaizkit
milaka pertsona
aita-amak,
seme-alabak, aiton-amonak
anai-arrebak,
osaba-izebak
lagunak
maitaleak
ezagunak
ezezagunak
denak
helburu bakarraz
euren
etxeetara bueltatzea
gertukoekin
elkartzea
bizitza
duin bat berreraikitzea
non eta ezerezean
inoiz
eurena izandako lurralde batean
orain
obra-hondakinen artean dagoena
Gainean
maleta soil bat daramate
umeek eskolako
motxilatxoa
euren ondasun
guztiak
eta halere
esperantza
bakean utziko
dituztelakoan
bizirik
irautekoa
euren
etxea topatzekoa.
Baina
betikoek mugak itxi dizkiete
eta han
daude pilaturik
itxaroten
duinki
inoiz etxe
sentitutako hura
berraurkitzeko
itxaropenaz.
2025/01/27
URTARRILAK 27 (astebete besterik ez)
Data hurbiltzen ari da, eta pixkanaka hasi naiz lotzeko geratzen zaizkidan hainbat kontu bideratzen. Izugarri urduri nago. Batzuentzat tontakeria bat izango da; niretzat orain arteko bizitzako abenturarik handiena, eta horretan pentsatzea ekidin dut, jada beste erremediorik izan ez dudan arte.
Hasi naiz nire apunteak, gidak,
koadernoak ateratzen. Programa moduko bat egin dut, moldagarria noski, nondik
norakoak jakiteko, jarraitu beharreko bidea erdi kontrolatuta izateko. Eraman beharreko gauzen zerrenda
egiten hasi naiz, arropak, lo egitekoak, botikina, nezeserra, koadernoak,
kamerak, kargagailuak, liburuak, janaria?
Motxila batekin noa, beraz ezin naiteke
gehiegi kargatu, halere ez nuke han ezer erosten ibili nahi, nahikoa gastatuko
baitut bestela ere.
Eta bitartean astea pasa behar, egunerokoari normal aurre eginez. Posible izango al zait? Ez dakit ba, saiatuko naiz halere.
Eta nire telefonoak dio euria espero dela nire auzoan hemendik gutxira, baina nik eguzkia eta zeru urdina besterik ez dut ikusten ene leihotik. Mendira joango al naiz erlaxatzera, ala hemen geratu oraintxe bertan urdailean nabaritzen ari naizen korapiloarekin borrokan?
Ai nolakoak garen arazo handirik gabe bizi garen pertsonak. Mundu guztiaren kezka larrienak nireen parekoak balira, mundu hobe baten bizi gareneko seinale zatekeen. Baina bizitzen jarraitu behar dugu, tarteka ez ikusiarena egin, edo ahaztu, zoriontasun deitzen dugun horren printzak tarteka sentitu ahal izateko.
Aste on denei!
2025/01/26
URTARRILAK 26 (hainbat kontu)
Atzo, esan bezala, Las vidas de Sing Sing filma ikustera joan nintzen. Nahikoa hotz irten nintzen zinematik, benetako errealitate batean oinarrituta dagoela jakin arren. Nahikotxo aspertu nintzen egia esateko.
Gaur goizean bost orduko tenis partida
bat ikusteko prest nengoen eta, ondoren sofan eserita igaroko nituen orduak
kontuan izanik, hasierako tartean mendi bueltaxka bat egitea erabaki dut. Orain
arte sekula aipatu gabeko, baina asko gustatzen zaidan Argiako podcast bat
entzuten joan naiz, Beranduegi izenekoa, haizearen ufadei eta astinduei
ihes egin nahian bezala. Barre asko egiten dut haiei entzunez. Telegramen
kontua dute, norbaiti interesatuz gero.
Eta etxera heldu naizenerako bigarren
setaren amaieran zegoen Australiako irekiaren mutilen finala. Nahiko puntu onak
ikusi ditut, baina probidentziari esker Sinnerek irabazi du set hori eta,
hortik aurrera, lehenagotik ere argi da, gainetik ibili da, Zvedevi hiru setetan
irabazita. Pena bat, motza egin baitzait.
Ondoren Goiatz Labandibarren Bekatua
liburua amaitzeari ekin diot, azkeneko atal bat kenduta asko gustatu zaidana, nik
bizi izandako egoera batzuk gogora ekarri dizkidalako akaso.
Bazkal ostean, alerta horia edo laranja haizearengatik emanda dagoela eta, ostera ere kalera irteteko beldurrez, siesta egin dut. Lo seko geratu naiz tarte batez. Gauak lapurtzen dizkidan lo orduen truke izango da ziurrenik, asko luzatzen ari den azken boladan, lo hartu bai, baina gauaren erdian esnatu egiten bainaiz, beti, eta hor aritzen naiz jira eta buelta, halako batean gorputz bat nire ondoan topatzea esperoko banu bezala. Baina ez.
Eta eguneroko lerroak idatzi ostean, irakurtzeari ekingo diot berriro, nire estudio berrian, nire butakatxoan. Roberto Bolañoren Llamadas telefónicas ipuin liburuarekin ari naiz, momentuz asko gustatzen ari zaidana.
Eta gaurkoz besterik ez. Ondo amaitu eguna!
2025/01/25
URTARRILAK 25 (azken egunetako planak)
Aurki denboraldi baterako ostera ere kanpora noanez, egun hauetan ondoren egingo ez ditudan gauzak egiteko behar moduko bat sentitzen dut.
Bata izan da etxea antolatzea, ordenatzea eta garbitzearena (nire burua antolatzea, ordenatzea, garbitzearekin batera, baina azken hau ez dakit guztiz lortu dudan). Azken aste hau horretan igaro dut ia denbora guztia. Etxearekin oso pozik geratu naiz, nire burua, ordea, beste gauza bat da: gauza berrietarako tokia egin nahi eta ezin. Zer egingo diogu, lanak gutxienez erdizka eginda.
Bestea da estreinatu dituzten eta interesatzen zaizkidan filmak ikustea. Uste dut aste guztia zineman igaroko dudala, gainera euria omen dator, beraz plan hoberik?
Atzo hasi nintzen Itoitz Udako Sesioak dokumentalarekin. Nire lagun batek esan didan moduan dokumentala baino dokumentu bat, hau da, taldea nola sortu zen jasotzeko modu bat. Ondo, besterik gabe, irudi batzuk oso onak iruditu zitzaizkidan arren.
Film euskaldun horretaz gain, honakoak dauzkat apuntatuta ikusteko:
Las vidas de Sing Sing, geroago noa;
The Brutalist hiru ordu baino gehiagokoa, deskantsuarekin ematen dutena,
astelehenean joango naiz ikustera; Babygirl, honekin zalantza daukat; La
semilla de la higuera sagrada iraniarra, Alemaniatik Oscarretarako izendatua
dagoena; Como hacerse millonario antes de que muera la abuela, tituluagatik
erakarri nauen film tailandiarra; La
fiebre de los ricos, Desmontando un elefante eta Miocardio espainolak;
El profesor de esgrima frantsesa.
Horien artean aukeratu beharko dut, ez
baititut egunak guztiak ikusteko. Iraniarra eta tailandiarra ziur ikusiko
ditudala, besteen artean agian aukeraketa bat egingo dut, egunek ematen
badidate.
Beraz, uste dut gaurtik hasita aste guztiko arratsaldeak beteta
izango ditudala.
Eta zuek datozen ordu eta egunetarako ze plan? Aspertuta bazaudete etxea garbitzea gomendatzen dizuet, niretzat terapeutikoa izan da. Hala nabil egun hauetan poz-pozik, bakarrik ligatzea falta zait.
Arratsalde on!