2024/12/20

ABENDUAK 20 (arteaz)

Beti gustatu izan zait museoetara joatea. Arte modernoa eta garaikidea bereziki ditut maite. Ez dut gehiegi ulertzen, zerbait ulertu behar bada, emozioen bila joaten naiz, ea zirrara sortzen didan obrarik ikusten dudan, besterik ez. Bereziki pintura dut gustuko, beno pintura eta argazkilaritza. Azken garaian hain ohikoak diren instalazioak, oro har, gutxiago esaten didate.
Egun hauetan Bilbon nabil eta bertako bi museo bisitatzeko probestu dut denbora, eguraldia ikusirik plan ezin hobea bide batez. Ba ez batean ez bestean ez dut hunkitu nauen ezer topatu. 
Arte ederretako museoan Juan Luis Goenagaren erakusketa ikusten aritu naiz. Hiru koadro kenduta beste guztiek ez didate ezer adierazi. 
Guggenheimen, aldiz, Hilma af Klint suediarraren eta Paul Pfeiffer estatubatuarraren obrak. Lehenaren margolanak, orohar, roilo bat iruditu zaizkit. Bigarrenaren lan eklektikoa ez zait heldu, eta zerbait adierazi dit azalpenak irakurri eta entzun ostean. 
Eta hori da artea, bakoitzak adierazteko erabiltzen duen lengoaia, baina gutxitan guztiok  gustuko duguna.
Eguna musikarekin errematatuko dudanez, espero dut artistarekin asmatzea, zapore gazi-gozo hau kentzeko. Beno, artistarekin baino, prestatu duen kontzertuarekin. Zeta ba al zatoz? 
Ostiral on!

2024/12/19

ABENDUAK 19 (bero bakartia)


Azken boladan

gauero esnatzen naiz

lau edo bost bider

izerditan

lumadun edredoia

soberan dudala

Hanka luzatzen dut

zurearen bila

ondoren besoa

ohearen bestaldera

zure bizkar leuna

topatu nahian

baina hutsik da

soilik maindire hotza

topatzen dut

Aldez mugitzen naiz

bero bakarti hau

jasanezina baita

Berriz ere lokartzen naiz

eta handik ordu batera

ostera esnatu

izerditan

lumadun edredoia

soberan dudala

eta hanka eta besoa

luzatzen ditut

baina esnatu orduko

alde eginda zaude

beti 

2024/12/18

ABENDUAK 18 (Probidentziaren gauzak)

Atzo eskiatzera joan nintzen Aralarrera. Esan dezaket eskiatzen dakidana han ikasi nuela, duela urte asko, elur gehiago botatzen zuen garaian hara joateko ohitura baikenuen.
Oso gustuko dut elurra, bakea ematen dit, ondo sentiarazten nau, energia positiboz betetzen nau.

Aralar ez da ene iritziz tokirik egokiena iraupen eskia egiteko, elurra jauzi berri ez bada behintzat. Mundu guztia doa umeekin, edo umerik gabe, elurraz gozatzera, eta bideak oso zapalduta egoten dira.
Atzo kamioi bat pasa omen zen pistatik gora. Ikusi behar zen han zeuden zuloak eta irregulartasunak. Bestalde, hotzarekin elurra izoztuta zegoen lehen orduetan.
Bada pertsona bat crowfunding bitartez bidea egiten duena. Baina niretzat ez zen nahikoa. Monoa kendu nuen, baina ez nuen guztiz disfrutatu, tarte batzuetan gozatua hartu nuen arren. Halere beldurrarekin ibili nintzen, nire burua ez bainuen oso seguru ikusten. Eta oso eskiatzaile  ona ez naizenez, aspaldiko partez erorketa batzuk izan nituen, batzuk nahi gabe, beste batzuk nahita, nire burua elurretara botata.

Gauza da etxera bueltatu eta lasai egon nintzela, baina orduak aurrera joan ahala, eskubiko oina gero eta okerrago sentitzen nuela, lurrean ezin jarri iritsi arte. Erorketaren batean egindako bihurrituren bat bere hortzak erakusten ari zitzaidan.
Jarri nituen izotza eta arnikadun ukendua, hartu nuen antiinflamatorioa, eta gaur goizean hobeto jaiki naiz, baina panikoa sentitu dut. Oinik gabe ez bainaiz ezer. Ezin badut ibili, paseatu, mendira ala hondartzara joan, zer geratzen zait? Ezin badut dantzatu, zer egingo dut gustuko ditudan festa eta kontzertuetan?

Eta pentsamendu horiek buruan jaiki naiz zeruari begira, gaur egin behar nuen mendi itzulian pentsatuz, besterako utzi beharko dudala, hobe dela egun batzuetan atseden hartzea, hilabeteak hankarik gabe egotea baino. Eta otu zait, akaso, Probidentziaren gauza izan zela duela hilabete batzuk ostiraleko Ferminen kontzerturako soilik eseritako sarrera eskuratu ahal izatea; bestela, zer egingo nuke hanka honekin pistaren erdian bi ordu eta erdi zutik? Eboluzioa kontatuko! 

2024/12/17

ABENDUAK 17 (gauza soilak ditut maite)

Gauza eta pertsona soilak ditut maite. Bai hala da, apaingarriak soberan ditut, gero eta gehiago. Soiltasuna diodanean naturaltasuna ere adierazi nahi dut, artifiziorik gabeko hori, berezkoa dena, besterik ez. Pertsonak halakoak maite ditut, gero eta gehiago, itzulingururik gabe dabiltzanak, bere aurpegia, izena eta izana lehenengotik adierazten dizutenak. Horren bila nabil, beti, eta halakorik ezagutuz gero horretan tematzen naiz, zaila baita landugabeko diamante bat bitan topatzea.
Baina ez zen hori gaur hona ekarri nauena, soiltasunez ari nintzen bai, baina bi gomendioekin natorkizue, bata musikala, bestea zinematografikoa.

Lehena aurrekoan ere aipatu nuen, Biznaga talde madrildarra da. Azken asteetan Euskal Herrian aritu dira biran eta euren azken diskoa erosi diet. Furgoan daramat ordu erdiko CDa buelta eta buelta, ozen, oso ozen, haien letrak entzunez behin eta berriz. Gaurkotasuna dute, salaketa dago, baina errealitatea islatzen dute, pertsona arrunten egunerokoak, arazoak, minak, gabeziak eta bizitzeko arrazoiak eta grina.

Beste estilo batean, besteak beste Rodrigo Sorogoyenek sinatutako “los años nuevos” serie espainiarra daukagu. Hamar kapitulu dira, istorioan garatzen den urte bakoitzeko bat. Bi pertsonen arteko hamar urteetako harremana kontatzen da, beti egun berdinean, urteko azken egunean hain zuzen ere. Artifiziorik gabe berriz ere, dialogo naturalak dauzka, zuk eta nik izan ditzakegun horiexek. Esan gabeko desioak daude, eta minak, eta pasioa, sufrimendua eta zoriontasuna, eta norberaren gabeziak; baina guztiaren gainetik maitasun asko, baina benetakoa, erraietatik ateratzen den hori, zuk sentitzea nahiko zenukeen hori.

Ba batzuen diskoa entzuten eta bestearen seriea ikusten otu zait biek ere gauza asko dutela komunean ni horrenbeste harrapatzeko, eta naturaltasuna da, detaile txiki bakoitzean ageri dena. Ez naiz ezeren kritikari eta ez dizuet bestelako baloraziorik egingo. Entzun eta ikusi, eta zuek baloratu. 

2024/12/16

ABENDUAK 16 (badatoz gabonak)

A ze galbana sartzen zaidan gabonetan pentsatzen dudan bakoitzean. Ez zaizkit inoiz gehiegi gustatu, eta adinarekin are eta gutxiago, kalean, poteo egunetan, arnas daitekeen hipokresia ez dudalako jasaten ziurrenik.

Aurten desberdinak zaizkit, opor luzeetan nagoenez ez direlako beharrezko ditudan opor batzuk, baina ohiturazko hainbat kontu berdin-berdin egin behar ditut, eta jada haien arrastoan nabil. Ilobentzako opariak, federazioko txartelaren berritzea, urteko azken eta hasierako egunetan gustura egingo nituzkeen planetan pentsatzea besteak beste. Ez dut burua parrandan, aurreko ostiralekoa ikusita arrazoi gehiagorekin, eta urduritzen hasia naiz, etxeko garbiketa egiteko egunak atzera kontaketan direlako. Eskerrak ez zaidan kozinatzea eta otordurik antolatzea tokatzen, oraintxe bertan etxea dudan modua ikusirik ezinezkoa bailitzake.

Eta ez ditut gabonak gustuko ez, badirudielako egun horietan oso zoriontsua izatearen plantak egin behar dituzula; familia perfektua duzula adierazi behar duzula, zenbat juntatzen zareten eta zein ondo pasatzen duzuen kontatu behar duzula. Zutaz jende pila bat akordatzen dela adierazi behar duzula, baita zu beste pila batez akordatu eta haiek zoriondu ere.

Kaka zaharra, gabonetan nirekin ez da inor akordatzen, urteko gainontzeko egunetan bezala, edota akordatzen direnak urte osoan akordatzen diren berberak dira, esku batekin kontatzekoak. Modu berean ni pertsona jakin batzuekin soilik akordatzen naiz, urteko edozein egunetan akordatuko nintzatekeen horiexek. Eta bai, aitortzen dut Eguberrian etxekoekin bazkaltzeko juntatzea gogoko dudala, agian, urteko beste egunetan elkartzen ez garelako. Eta beti amestu izan nuela gabon zaharra aukeratutako familiarekin, alegia, lagunekin igaroko nuela urteren batean egun hori, baina hori ez da inoiz gertatu, eta, egia esateko, gaur egun jada berdin zait, urteko edozein egun izan daitekeelako egokia horrelakoak egiteko, baina oso aspaldi ez dudala halakorik izan. Eta, hala ere, hemen jarraitzen dut, bizirik, nire gorabehera guztiekin, baina ez gehiegi kexatzeko moduan.

Gabon festetarako, dagozkion afari eta bazkariaz gain, hiru kontzertu dauzkat programatuta. Espero dut mendi irteeraren bat egitea, eta giroak laguntzen badu, eta badirudi baietz, eskiatzera eskapadatxo bat egitea. Ez nauzu poteoan ikusiko, hogeitalau arratsaldez ez bada, ez nauzu ikusiko inor zoriontzen, ohitura faltsu horiek aspaldi galdu bainituen. Halere, zuri irakurle hobena opa dizut, bai gaur, bai bihar, baita hurrengo urtean ere.

Ondo pasa gustatzen zaizun hori egiten!

2024/12/15

ABENDUAK 15 (deskontrol)

Ez da berdina dena ez kontrolatzea eta deskontrolatzea. Lehenaren aldekoa naiz, ni nahiko kontrolatorra izan bainaiz bizitza osoan, ez dakit nahita edo nahi gabe, eta gauzak gertatzen uztea eta guztiari adi ez egotea niretzat positiboa da. Baina hortik deskontrolatzera alde handia dago.

Aurrekoan hori gertatu zitzaidan, bazkari baten ostean kontzertu batera joan, gero pote pare bat gehiago hartu eta biharamunean etxean esnatu, hara nola heldu ote nintzen jakin gabe.
Kontuak egiten hasi nintzen, horrenbeste edan al nuen halako amnesia izateko? Ezetz esango nuke, baina egia da gorputza beti ez dagoela berdin, eta alkoholaren eragina beti ez dela berdina. Gainera, gero eta gutxiago edaten dut, azken boladan kirol asko egiten ari naiz, pisu gutxiago daukat, ez dakit horiek guztiak juntatuta arrazoi nahikoak diren harrapatu nuen mozkorra justifikatzeko, baina egia dena da beldurtu egin nintzela.  Ez dut gustuko horrela sentitzea. Gazteagoa nintzenean izan nituen halako episodio batzuk, baina beti ziren gaupasa baten ondoren, ordu pila bat edaten eta erretzen egon ostean, jaien bueltan, ez ostiral tonto batean.

Eskerrak ez nengoen ene herrian, zerbait desegokia egin banuen inork ez ninduen ezagutzen, hemen azaltzen da besteek gutaz zer pentsatuko dutenaren beldurra; halere, etxean ala beste nonbait, ezagunekin edo ezezagunekin, ez naiz oso harro hori gertatu izanaz. Halako biharamunetan damua da edukitzen dudan sentipena, hori gehiago ez mesedez, atzera bueltarik ez dagoela jakin arren. Eta nire hurrengo pentsamendua da, zer egin behar dut edateari erabat utzi, ze behin hasita azken tragoa hartzeko inoiz ez baitut presa handiegirik.

Eta zuek, kontrolatzen duzue, ala deskontrola nahiago? Igande on!

2024/12/14

ABENDUAK 14 (eta gaur zer)


Buruko min batek esnatu nau

ez dakit non nagoen

nire ohea da

baina ez dut oroitzen

nola heldu naizen bertara

Beldurra sentitu dut

kontrol galtze hori ez dut gustuko

ohean jarraitu dut

lotan jarraitzeko itxaropenaz

dena amets bat izan dela desiratuz 

2024/12/13

ABENDUAK 13 (santa luzia eguna)

 

Ez naiz jostuna, baina josten ikasi nuen, nire amaren tradizioari jarraitu nahian edo, halere, ez naiz inoiz bere parekoa izango horretan. Ez naiz jostuna, baina gaur bazkari eguna dut, gaur jostunen eguna baita, baita urteko egunik motzena ere, esaeraren arabera.

Gaur, eguna motza denez, denbora gutxi daukat idazteko, beraz doala hemendik omenaldi txiki bat ama jostun horiei guztiei, txikitan soinekoak eta denetarik egiten ziguten horiei. Beraiekin batera joan da emakume belaunaldi mota bat. Ez hobea, ez okerragoa, soilik desberdina.

Santa Luzia egun on! 

2024/12/12

ABENDUAK 12 (ehun kilo zabor)

Ehun kilo zabor eraman dut garbigunera

neure bizitzako garai bat ezabatu

berriei toki egiteko.

Berez ez da zaborra

jakintza da,

jada inork erabiltzen ez duen jakintza mota

eta horrela lekua egin dut nirean

gauza berrietarako,

bizitza berri bat eraikitzeko.

Baina otu zait, akaso,

duela urte betetik nire gogoa bete duen hori dela

garbigunera eraman beharrekoa,

eta nahita ere ezin;

zabor psikologikoa

zaborra baino bitxi bat dela pentsatu arren.

Gaur izan da garbiketako eguna

apropos agian 

gauzekin batera

inora ez naramaten sentipenak ezabatzeko esperantzaz,

urtebete nahikoa delako

izango ez den maitasuna

etxean gordetzeko. 

2024/12/11

ABENDUAK 11 (agur Lazkano)

Bizi garen jendarte hetero-patriarkalean ohikoa izan da familia liburuan lehen abizena gizonarena izatea, eta bigarrena emaztearena. Horrekin hazi ginen, horrela hezi gintuzten. Gaur egun, zorionez, gauza batzuk aldatu dira, bikote bakoitzak erabaki dezake zein abizen eman euren umeei, eta bikote hetero batzuetan, askotan ez dakit, emaztearena izan da familiaren lehen abizena. Nire lagun batzuk hala egin zuten bere garaian, halere, ez dut daturik hori zein proportziotan gertatzen den jakiteko.

Nire kasuan, nire gurasoek erabakitzeko aukerarik ez zutela izan jakin arren, nik ez dut inoiz arazorik izan nire lehen abizena aitarena izatearekin. Aitzitik, nire abizenaz harro nagoela esan dezaket, agian nafarra delako eta horrekin bestelako aldarrikapenak egiten ari naizelako nahigabean; baina, nire izena idazterakoan, bi abizenak jartzeko ohitura hartu nuen aspaldi, nire amaren izenari duen garrantzia emateko.

Gaur pilateseko klasean gizon batek Lazkano deitu dit. Ez da lehen aldia hori gertatzen zaidana. Beste batek ere hala deitzen dit ikusten nauenean. Lehen aldian arraro egin zitzaidan, nirekin ez balihoa bezala, izen hartara ez bainengoen ohituta. Oroitzen dut belarria zut jarri nuela, ondo entzuten ari ote nintzen galdezka moduan, baina egun errekonozitua sentitzen naiz amaren abizenarekin. Ez dakit emakumea naizelako egiten ote duten, nire amaren alaba naizelako, emakumea izaki amaren abizena erabili, baina gustuko dut, identifikatua sentitzen naiz, nire aitaren abizenarekin bezain beste, bien alaba bainaiz.

Ez dakit zuei, emakumeak, halakorik gertatu ote zaizuen, agian nire inguruan sentsibilitate handiko gizonak daude, agian kasualitate hutsa da, ez dakit, baina hausnarketa eragin dit. Eta gaur Lazkano moduan agurtu ditut nire gelakideak, eta amarekin akordatu naiz, eta Lazkano ere izateaz harro sentitu naiz.