2010/08/17

Bizitza salgai

Egun hauetan kanpoan izan naiz, Frantzia aldean zehazkiago esateko, herri txiki lasaietan, eta ia egunero herriren batean merkatuak zeuden, eta batzuk "brocante" delakoak ziren, deitu rastro, bigarren eskuko azoka, nahi duzuen moduan, edozein modutan aluzinantea zen. 
Brocante horietako batetik bueltaka nenbilela zeraz ohartu nintzen jendeak bere bizitzaren apurrak salgai jartzen dituela xoxa batzuen truke. 
Nire herrian horrelako azokak antolatzen direnean edonor animatzen da etxean soberan dauzkan arropak, liburuak, diskak salgai jartzera kontenedore batera bota beharrean euro batzuk lortzeko asmoarekin, eta bide batez beste norbaitek erabil baditzake askoz hobe, baina ni ez naiz horietaz ari. 
Lehengoan benetan ohartu nintzen batzuk, helduek bereziki, euren bizitza, euren bizipenen historia zatiak salgai jartzen dituztela, eta horrek benetan erakartzen nau.
Haien postuetatik buelta bat ematean ohartzen zara euren bizitza kontatzen ari direla objektu kasu askotan ugertu horien bidez.
Aurrekoan bigarren gerrate mundialean frantses armadak erabilitako jaka, txapel, mandoen ikurrak eta paratxutak ere zeuden salgai. Oroitzen dut Berlinen bloke komunistaren mota guztietako ikurrak topa zitezkeela halako merkatu batean.
Amona batek seguruenik berak urteetan egindako harizko amantal, maindire eta abarrak zituen. Beste gazte batzuek, seguruen herentzian jasotako aiton amonen etxetik ateratako altzari zahar, baita garai bateko erloju, irrati, kafea xehetzeko errotatxoak...
Gauza guzti haien atzetik historia asko ezkutatzen direla somatzen zen, eta neuk behintzat ezer erosteko intentziorik ez banuen ere, izugarri disfrutatu nuen haien bizitza imajinatuz pausu bat aurrera nindoan bakoitzean.
Batek pentsa dezake, bai zera, hori kontsumismo hutsa da, egia esateko jendez gainezka egoten dira halako azokak, baina ez dute zer ikusirik zentro komertzial batean topa dezakezunarekin. Hemen gauza erabiliak, historia, pasadizo eta anekdota txiki edo handi ugari ezkutatzen dituzten objektuak ikus ditzakegu eta niri behintzat izugarrizko bizitza ematen didate.
Litekeena da transakzio komertzial hutsa izatea, baina neuk erromantikoegi begiratuta bada ere, beste zerbait dakusat guzti horren atzetik, besteen bizitzak ikusten ditut eta horrek betetzen nau.

2010/07/23

Estatu espainolean demokrazia?

Estatu espainolean gertatzen dena benetan izugarria da.
Kubako preso politikoak askatzeko Moratinosek izugarrizko gestioak egin omen ditu eta lortu du hainbat pertsonek askatasuna lortzea, eta Espainiako medio guztiak horren berri ematen eta Kubako erregimena satanizatzen, baina ez al dakite zenbat preso "politiko" dauzkaten Espainiako espetxeetan sakabanatuta "por la pati" esaten den moduan epaile eta politiko batzuk asmatutako teoria baten izenean?
Baina hauen lotsagabekeriak ez du mugarik. Atzo Facebooken Arnaldo Otegiren izenean zegoen orrialdea itxi zuten, beste berri bat sortu eta hura ere itxi zuten. Aitzakia inork ezin duela gestionatu beste baten izenean dagoen orrialdea. Eta zalantza sortu zitzaidan, Bob Marleyk ba ote du orrialderik? Ba begira bai, zerutik edo inpernutik gestionatuko ote du bere kontu hori? Auskalo, itxuraz han wifia ondo doa, edo ez bere ondorengoek gestionatuko dute, posible al da? Eta Super Cocori zeinek gestionatzen dio kontua Epik, Blasek? Eta Nirvanakoei Courtney Lovek ala diska konpainiak?
Ezetz, hau ez dela serioa, Euskal Herrian baina estatu espainol osoan ere eskubideen urraketa dago behin eta berriro, eta jendea ez al da enteratzen? Futbol garaipen batekin ahaztu egiten al dituzte inguruan egunero gertatzen diren injustizia guztiak?
Nik aurrerantzean lema berri bat erabiliko dut, Demokrazia Euskal Herriarentzat noski baina baita demokrazia espainolentzat ere, ze hala sentitzen direnek, munduko herritar guztiek bezelaxe, benetako askatasunean eta justizian oinarritutako gobernu bat merezi dute.

2010/07/22

AMETSA

Titi burua zimikatu didazu
Buelta hartu det
Zure gerrira heldu naiz
Bero nago
Nire gorputzeko atal izkutuenean inundazioak hasi dira
Muxu bat eman didazu hilean
Nik bueltatu dizut begian
Zure mingain hezea bilatu det iluntasunean
Mingain dantza hasi da
Gero beso dantza, hanka dantza, gerri dantza
Gure gorputzak baten urtu dira
Eta azkenean nire ahotik oihu amaitezin bat irten da

Ama sartu zait gelan, kezkatuta
Nire pelutxezko hartzatxoa erabat blai dago
Ez dakit zer gertatu den
Baina bihar ere zurekin amestea espero det

Hartzatxoa labadoran sartzea deliberatu det
Badaezpada ere

2010/07/14

NOIZ ARTE?

Hamaika ordu pasa dituzu errepidean. Duela zazpi urte ez duzula ikusi. Bi ordu pasatzen dituzu itxaroten, bat kolan zure burua identifikatzeko, beste bat itxaroten, txanda heldu arte.
Amorruak jaten dizu barrena, urduri zaude, nola topatuko duzu, zer esango diozu, azkenean zure txanda heldu da.
Atea zabaldu, atea itxi, atea zabaldu, atea itxi, ihesi irtengo zaren beldur ote dira?
Patioa azkenean, pasabide bat, eta zure kabina, ez edozein, zuri bia egokitu zaizu, zerbaitegatik ote, zerbaitegatik
Bapatean blokeatu zara, zer moduz? Irrifar egiten duzu denbora guztian, baina ez duzu hitzik artikulatzen, ez da soinurik irtetzen zure barrutik
Irrifar egiten duzu, zerbait esan nahi duzu, baina ez dakizu zer
erridikulo geratzeko beldur zara
ulertzekoa da, zer esan behar diozu zazpi urte entzerratuta daraman pertsona bati, oso ondo bizi zarela, edo zure penak eta arazoak kontatuko al dizkiozu
Ez dauka zentzurik, dena surrealista da
berak hitz egiten du, eta zuk irrifartsu darraizu
azkenean askatu zara, hasi zara berriketan, baina jada berrogei minutu igaro dira
muxu bat, besarkada handi bat, zaindu
Berriz ere pasabidea, atea ireki, atea itxi, atea ireki, atea itxi
kanpoan zaude duela hiru ordu bezala, beste hamaika etxera bueltan.
Bera barruan geratu da, noiz arte?

2010/07/04

Despedida

Azkenekoz egon ginenean oso mozkortuta geunden, bestela seguru ez genuela elkarrekin amaituko. Ez naiz ondo akordatzen baina litekena da nik kaña sartzea, zure aldetik jarrera baikorra bazen ere. Dena borroso daukat, baina elkarrekin bukatu genuen, eta txortan egin genuen, gustora gainera, horretan ez daukat zalantzarik.
Biharamuna ez zen hain gozoa izan, ez niretzat behintzat, zure jarrera hotza izan zen, gelidoa, damutua egongo bazina bezala, baina ez zenuen hitzik esan, horrek ez ninduen gehiegi harritu baina zapore gazi gozo bat utzi zidan, eta argi ikusi nuen hura zela azken aldia, onartzea gogorra bazitzaidan ere.
Ordu ezkeroztik elkar ikusi dugu eta zure jarrera batzuetan benetan arbuiagarria izan da, niri normal aktuatzeko esan baina ez zinen onena lezioak emateko, bai egia da nirea ere ez dela askotan hobea izan, baina zer nahi duzu esatea zu ahazteko zerbait egin behar nuen. Hala ere batzuetan zure begirada somatzeak nahasi egiten ninduen, nahasi egiten nau ze ez dizut ulertzen, ez ditut zure keinuak ulertzen eta hori da nik behar dudana, gauzak argi ikustea.
Nire itsutze horretan ezin izan nuen ebitatu eta aurrekoan mezu bat bidali nizun zurekin egoteko gogoa nuela adieraziz. Ez didazu erantzun noski, banekien, baina gehien izorratzen nauena da hortik aurrera agian gehiago ihes egingo nauzula, eta horrek benetan izugarrizko pena ematen dit ze benetan izugarrizko tipoa zarela pentsatzen dut eta narzisismoan erori gabe ni ere krixton tipa naiz, eta ezin duzu imajina baina ez dakizu nola eskertuko nizuke mezu batekin erantzun izan bazenit, zuk ez duzula nirekin egoterik nahi eta zutaz ahaz nadin esanez, zure ahotik edo mezutik zuzenean argi eta garbi entzuteak edo irakurtzeak mina emango zidan, baina horrekin zure begiradak batzuetan sortzen didan nahasmena ez zen gehiago sortuko, eta hori da errespetatzen duzun pertsona bati egin diezaiokezun gauzarik zuzenena.
Ondo bizi!

2010/06/28

SOLIDARITY

Nerabe garaiko kanta baten izenburua da, itxura denez beste gizarte batekoak gara, naiz, hitz hori niretzat esanahiez beterik dago, gure formazio kultural politikoak hala erakutsi zidan aspaldi, eta adinarekin kontserbadoreagoak bihurtzen garela badiote ere, nik uste egunetik egunera erradikalagoa naizela, planteamenduetan, ideietan, funtsean burges txiki bat banaiz ere.
Bizi garen krisi garai hauetan herritarrok ez badugu gizartea, sistema sozio-politikoa aldatzeko pausorik ematen, noiz egingo dugu? Benetan lasai bizi al gaitezke gure bizilagunek bizitza duin bat eramateko haina ez dutela ikusirik?
Langabezi tasak gora doaz, herritarron maila adkisitiboa behera, batzuei krisia gutxiago afektatu arren, zer itxaron behar dugu guri, norbanakoari tokatu arte?
Biharko greba eguna deituta dago gure herrian. Lantokian greba kontu hauekin esperientzia txarrak izan ditut eta nire jokabidea aldatu egin dut. Ez naiz ni izango greba deituko duena, egongo da ba beste inor nire lankideen artean konzientzia minimo bat izango duena ezta? Ba itxura denez ez. Inork ez du hitzik esan, eta itxura denez ni izango naiz greba egingo duen bakarra.
Flipatu egiten dut, plantila euskalduna, itxura batera abertzalea, eta inork ez du greba egiteko planteamendurik egin, ez eta greba egiteko intentziorik adierazi.
Ez da ba beldurra izango, ezin dut ulertu.
Nik kontzientzia oso lasai daukat, bihar kalera irtengo naiz, gobernuak eta oro har sistemak langilegoari egiten digutena salatzera, baina bihar ere triste egongo naiz, triste ze nirekin lan egiten duten guztiak (edo gehienak behintzat) lanera joango dira hemen ezer gertatu izan ez balitz bezala. Hori bai solidaritatea!!!

MAITEMINA

Nola daiteke horrela sentitzea
jakingo bazenu zenbat maite zaitudan
baina ez zaizu interesatzen

Zure begiradak zoratu egiten nau
hotza izan arren, indiferentea,
baina zerbait ezkutatzen da
zerbait ezkutatzen duzu ezti koloreko begi horien atzean

Zure irrifarrak galdu egiten nau
beste mundu batera narama
irrifar hori niri zuzendua ez izan arren

Zure muxu goxoen oroitzapen soilak
kitzikatu egiten nau
zer ez nuen nik emango
ezti zaporeko ezpain horiek berriro dastatzeagatik

Zure beso gihartsuak
nire beso ahulak laztantzen imajinatzen ditut
zure bizkarra irudikatzen dut
zure ipur masailak
zure belarri ttipiak

Zure mingain bustia senti dezaket
zurekin akordatzen naizen bakoitzean
eta ezin dut, ezin dut gehiago

Bai, maiteminduta nago,
gogorra da onartzea
onartzea zentzu bakarreko maitasuna dela
baina ezin dut nire burua, nire bihotza engainatu

Nola daiteke horrela sentitzea...
...jakingo bazenu zenbat maite zaitudan...

2010/06/16

errealitate gordina

a buen entendedor...
... pocas palabras bastan!


egia borobila, baina batzuetan zaila da onartzea, seguruenik ez dugulako nahi...

2010/06/14

Denbora kontuak

Hemengo hau eta ondoren etorriko diren beste batzuk 2005, 2006 urteetan idatzitako poematxoak (nolabait deitzearren) dira. Batzuk agian kursi xamarrak izango dira, baina momentuko sentimenduak erreflejatzen dituzte, besterik gabe, eta batzuk baliogarri zaizkit 2010ean ere nire barnea adierazteko!
Berrogei urte pasatu dira
Gauzak ez dira aldatu ordea,
Badirudi denbora gelditu egin dela,
Badirudi, baina ez,
Bestela galdetu
galdetu hortik
Ziegetan urteak daramatzaten horiei
galdetu
Ea denbora gelditu ote zaien
Ea gaztetasuna errekuperatuko ote duten
Egunen baten
Kalean berriro direnean
Berrogei urte geroago

ZORIONTASUNA

ZORIONTASUNA
Askotan galdetu izan diot neure buruari zoriontasuna zer den. Azkenaldian nire inguruan ikusi eta sentitu ditudan bihotz bakarti, apurtu guztiak ikusirik berriro ere galdetu diot, zer da bada zoriontasuna? Ba ote da benetan zoriontsu sentitzen den izakirik, edo behar bada gizakirik esan beharko nuke, zeren zoriontasuna izaki arrazionalen kontu bat dela dirudi, animaliak ere deprimitu egiten diren arren, seguru ez dutela zoriontasuna bilatzen gizakion antzera. Ta kontua da ez diodala nire galderari erantzunik topatzen.
Dakidan gauza bakarra zera da, zoriontsu sentitu izan naizeneko uneetan nirekin zeuden pertsonak, nituen gauzak, igarotako tokiak, ez daudela gehiago nirekin. Une batez egon direla hor eta konturatu naizenerako desagertu egin direla. Eta horregatik bizi naiz alde batetik triste, baina bestalde, bilatzen, une batez zoriontsu egingo nauten egoerak, lekuak, liburuak, filmeak, pertsonak bilatzen bizi naiz, eta batzuetan bilaketa horretan oso bakarrik sentitu ohi naiz, eta ahul, indarrik gabe, dena pikutara botatzeko gogoz. Baina gero une zoriontsu bat suertatzen denean, bilaketarako grina pizten zait berriro ere, eta animoz betetzen naiz eta gogor ekiten diot nire bilaketari.
Kasualitatez hau idatzi dudan hontan, zineman izan naiz gai honi buruzko filme bat ikusten eta bertako protagonistak horrela amaitzen du: “Behin zoriontsu izan zarenean benetan, gehiago bizitzeak ez duela merezi”. Eta ez nago ados, zoriontsu izan eta gero, une hori itzali egiten denean, zulo ilun batean sartzen zara eta zaila da hasieran argi izpirik topatzea, baina tunel guztiek dute amaiera, eta itxaropena hor nunbait azaltzen da gutxien espero duzun une eta tokian.
Kezka bakarra daukat: mundu guztia dabil nire antzera edo ni naiz nire mundu honetan zoriontsu ez den bakarra?