2010/08/17

Bizitza salgai

Egun hauetan kanpoan izan naiz, Frantzia aldean zehazkiago esateko, herri txiki lasaietan, eta ia egunero herriren batean merkatuak zeuden, eta batzuk "brocante" delakoak ziren, deitu rastro, bigarren eskuko azoka, nahi duzuen moduan, edozein modutan aluzinantea zen. 
Brocante horietako batetik bueltaka nenbilela zeraz ohartu nintzen jendeak bere bizitzaren apurrak salgai jartzen dituela xoxa batzuen truke. 
Nire herrian horrelako azokak antolatzen direnean edonor animatzen da etxean soberan dauzkan arropak, liburuak, diskak salgai jartzera kontenedore batera bota beharrean euro batzuk lortzeko asmoarekin, eta bide batez beste norbaitek erabil baditzake askoz hobe, baina ni ez naiz horietaz ari. 
Lehengoan benetan ohartu nintzen batzuk, helduek bereziki, euren bizitza, euren bizipenen historia zatiak salgai jartzen dituztela, eta horrek benetan erakartzen nau.
Haien postuetatik buelta bat ematean ohartzen zara euren bizitza kontatzen ari direla objektu kasu askotan ugertu horien bidez.
Aurrekoan bigarren gerrate mundialean frantses armadak erabilitako jaka, txapel, mandoen ikurrak eta paratxutak ere zeuden salgai. Oroitzen dut Berlinen bloke komunistaren mota guztietako ikurrak topa zitezkeela halako merkatu batean.
Amona batek seguruenik berak urteetan egindako harizko amantal, maindire eta abarrak zituen. Beste gazte batzuek, seguruen herentzian jasotako aiton amonen etxetik ateratako altzari zahar, baita garai bateko erloju, irrati, kafea xehetzeko errotatxoak...
Gauza guzti haien atzetik historia asko ezkutatzen direla somatzen zen, eta neuk behintzat ezer erosteko intentziorik ez banuen ere, izugarri disfrutatu nuen haien bizitza imajinatuz pausu bat aurrera nindoan bakoitzean.
Batek pentsa dezake, bai zera, hori kontsumismo hutsa da, egia esateko jendez gainezka egoten dira halako azokak, baina ez dute zer ikusirik zentro komertzial batean topa dezakezunarekin. Hemen gauza erabiliak, historia, pasadizo eta anekdota txiki edo handi ugari ezkutatzen dituzten objektuak ikus ditzakegu eta niri behintzat izugarrizko bizitza ematen didate.
Litekeena da transakzio komertzial hutsa izatea, baina neuk erromantikoegi begiratuta bada ere, beste zerbait dakusat guzti horren atzetik, besteen bizitzak ikusten ditut eta horrek betetzen nau.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina