2010/06/14

ZORIONTASUNA

ZORIONTASUNA
Askotan galdetu izan diot neure buruari zoriontasuna zer den. Azkenaldian nire inguruan ikusi eta sentitu ditudan bihotz bakarti, apurtu guztiak ikusirik berriro ere galdetu diot, zer da bada zoriontasuna? Ba ote da benetan zoriontsu sentitzen den izakirik, edo behar bada gizakirik esan beharko nuke, zeren zoriontasuna izaki arrazionalen kontu bat dela dirudi, animaliak ere deprimitu egiten diren arren, seguru ez dutela zoriontasuna bilatzen gizakion antzera. Ta kontua da ez diodala nire galderari erantzunik topatzen.
Dakidan gauza bakarra zera da, zoriontsu sentitu izan naizeneko uneetan nirekin zeuden pertsonak, nituen gauzak, igarotako tokiak, ez daudela gehiago nirekin. Une batez egon direla hor eta konturatu naizenerako desagertu egin direla. Eta horregatik bizi naiz alde batetik triste, baina bestalde, bilatzen, une batez zoriontsu egingo nauten egoerak, lekuak, liburuak, filmeak, pertsonak bilatzen bizi naiz, eta batzuetan bilaketa horretan oso bakarrik sentitu ohi naiz, eta ahul, indarrik gabe, dena pikutara botatzeko gogoz. Baina gero une zoriontsu bat suertatzen denean, bilaketarako grina pizten zait berriro ere, eta animoz betetzen naiz eta gogor ekiten diot nire bilaketari.
Kasualitatez hau idatzi dudan hontan, zineman izan naiz gai honi buruzko filme bat ikusten eta bertako protagonistak horrela amaitzen du: “Behin zoriontsu izan zarenean benetan, gehiago bizitzeak ez duela merezi”. Eta ez nago ados, zoriontsu izan eta gero, une hori itzali egiten denean, zulo ilun batean sartzen zara eta zaila da hasieran argi izpirik topatzea, baina tunel guztiek dute amaiera, eta itxaropena hor nunbait azaltzen da gutxien espero duzun une eta tokian.
Kezka bakarra daukat: mundu guztia dabil nire antzera edo ni naiz nire mundu honetan zoriontsu ez den bakarra?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina