Gaur egunen ikusi berri dut, ikastetxeetako
ikasturte hasierako familia bilera gehienetan, irakurmena izaten ari dela gai
izarra, orain arte landu gabeko gaia bailitzan, baina oraingoan esplizitatu eta
erdigunean kokatzen ari omen dela.
Gaurkoan ere, beste izar bat Donostian
Brad Pitt izaten ari da.
Bajan nago eta ospitalera igo behar
izan dut errebisio baterako, eta eguraldia probestuta hondartzara paseo bat ematera
joatea deliberatu dut, lau pareten artean egotea astuna egiten ari baitzait,
bereziki nire onera etortzen ari naizen neurrian.
Goizeko bederatzi ta erdiak inguru
izango ziren, iraila izaki hondartza jarri berri, jubilatu batzuk paseoan, eta
ni lako batzuk, eta zenbat jende korrika, batzuk ikasleak izango ziren, baina denak?
Jendeak ez al du lanik egiten?
Jarraitu dut Nautikoraino, portura, paseo
berrira (Antonio de la Torre gurutzatu dut footing egiten), Zurriola aldera jo
dut ondoren, nire etorkizun gertuko lantokia usaintzera, eta zenbat jende
aizue. Batzuk atzerritarrak ziren, baina beste asko ez dut uste. Neskak eta
mutilak, gazteak, nire tankerakoak, señorak eta señoroak, denetarik. Hesi batzuen
inguruan pilatzen ari ziren, goizeko hamar terdiak, denak bajan al daude ni
bezala, zeinek egiten du lana hemen?
Gaur egunek argitu dit misterioa, Brad
Pitten zain zeuden. Emakume batek telebistan aitortu du norberaren eginkizunak
eskatu duela bertan egoteko. Eta Pisako emaitzekin harritzen gara.
Barkatuko didazue, baina nire uste
apalean emaitza horiek gure gizarteak daraman bilakaeraren isla besterik ez
dira. Pantaila gehiegi erabiltzen dutela gazteek, eta ez hain gazteek eta nire
tankerakoek? Ez dut zalantzan jarriko, baina ez al ditugu beste gauza batzuk,
beste balio batzuk ere guztiz distortsionatu?
Lana egitea badirudi pringau batzuen kontua
dela. Gero eta zailtasun gehiago dago hainbat lanpostu betetzeko, jendea ez
dagoelako prest zenbait orduetatik aurrera, edo asteburuetan edo… lana egitera.
Ofizioak galtzen ari gara (deja vu bat izaten ari naiz, gai hau ez al dut beste
hainbatetan atera?) eta Brad Pitt gure lana baino inportanteagoa bada, gure ondorengoek
hori ikusten badute, zein jokabide garatuko dituzte?
Ez al diegu gure ongizatearen gizarte
honetan geure umeei dena ematen, dena barkatzen, dena tapatzen, dena errazten,
ezezkoa zer den erakutsi gabe, galtzeko aukera ekidinez askotan frustratuko ditugun
beldurrez? Eta frustraziotik ez al dira ba gauzak ikasten? Esfortzua neurrian
ez al da balio positibo bat? Inork pentsatzen al du Lamine Yamalek orduak sartu
gabe lortu duela duen futbol mailara iristea, bere gaitasunak gora behera? Zverevek
entrenatu gabe lortu duela aurten bi grand slam irabaztea, edota Brad Pitt
berak ez duela lan egin behar izan, eta testuak ikasi, eta asko sufritu heldu
den tokira heltzeko?
Ikastetxeetako irakurketa planak errebisatu
egin beharko dira, baita ebaluatzeko erabiltzen ditugun tresnak ere. Ikasleekin
geletan zorrotzagoak izan beharko dugu ulermen maila gara dezaten, baina
kanpoan jarraipenik ez badago, egungo gizarte eredua, balioak, aldatzen ez
baditugu jai izango dugulakoan nago. Umeek disfrutatu egin behar dute, baita
guk ere ahal dugun neurrian, baina lan minimo bat, esfortzu minimo bat, konpromiso
minimo bat eskatu behar zaie egiten dituzten gauzekin. Ezin diegu dena barkatu.
Ezetza existitzen dela ikasi behar dute, baita hori kudeatzen ere. Eta horretarako
familien papera ezinbestekoa da, umea laguntzeko, ez bere lanak eginez, egiten
dituela eta saiatzen dela ziurtatzeko baizik. Berarekin irakurriz, debekuak eta
mugak ezarriz beharrezko direnean, eta eredu izanez, ume gehienak gurasoak edo inguruko
helduak imitatuz hazten baitira.
Ea denon artean lortzen dugun
ditxosozko dorrea zuzen mantentzea. Ohera noa Sacamantecasekin berriro
gurutzatu aurretik.