2026/04/27

APIRILAK 27 (idazteaz)

Sabatikoa amaitu nuenetik gutxi izan dira idazten jarri naizen egunak. Lagun batek esan zidan noizean behin jarraitu behar nuela, baina egia esan egunerokoak irentsi nau, asko kostatzen zait tarte lasai bat hartzea pantailaren aurrean, edo orri zuriaren aurrean esertzeko, eta denbora daukadanean burua beste zerbaitera bideratzen dut, nekatua egoten naizelako mentalki, lanak eragiten didan desgaste neuronalak eraginda edo.

Eta hori guztia esanda, aitortu beharra daukat faltan botatzen dudala idaztea, jartzea kostatu arren on egiten didala, oraintxe bertan puztuta sentitzen bainaiz. Puztuta ez soilik fisikoki -nire haragian frogatzen ari naiz menopausiak emakumeon metabolismoa moteldu egiten duela, gantzak gerrialdean pilatzen direla, inflamazioa eguneroko kontua dela, inoiz izan gabeko zelulitisa zure izterrez jabetzen dela…- puztuta nire burmuinean egosten diren ideia, iritzi, sentsazio, uste, kritika, aurreiritzi, maitasun, gorroto eta sentimendu anitzen eraginez. Eta horiek guztiak, orain psikologikoez ari naiz, erauzteko behar izugarria daukat, edozein momentutan eztanda egiteko berebiziko beldurra baitatorkit tarteka. Oraintxe halaxe sentitzen naiz, itota kasik, edozein unetan ahotik behazuna botatzen hasteko puntu-puntuan, gainezka barruan pilatuta ditudan sentsazio eta sentimenduengatik.
Eta esango didazue erraza dudala, eseri eta idatzi besterik ez dudala behar, baina kontua ez da hain sinplea. Goizeko sei ta erdietan martxan jartzen naizenetik etxera heltzen naizen arte, denbora guztian buruarekin eta pantailaren aurrean aritzen bainaiz lanean, eta etxerakoan daukadan gogo bakarra da burua itzaltzea, off egitea, neuronak lokartzea. Halere, nire neuronak anarkista  samarrak dira, eta nahi duten uneetan nahi duten kontuetan jartzen dute arreta, eta hantura areagotu besterik ez da egiten. Lehertzear dagoen puxika baten antzera sentitzen hasten naiz eta orduan, nire minak, nire beldurrak, nire beharrak eta nire desioak geratzen dira agerian, etxera heltzerakoan eguneko kaka guztia zeini kontatu ez dudala nabarmentzen zaidanean.

Iaz ez nuen halakorik sentitu, ez orain sentitzen ari naizen moduan bederen, egunak ez zirelako hain gogorrak, hain estresagarriak. Denbora nire buruari eskaintzen nion, eta ez zitzaizkidan horrenbesteko kontu pilatzen nire buru txiki honetan. Eta beraz bai, idatzi beharra daukat, nitaz, zutaz, nire hutsuneez, nire beharrez, nire ilusioez, nire ametsez. Nire buruari gogor egin behar diot paper zuriaren aurrean esertzeko, tarte batez bada ere, nire obsesioak ahazteko, gogoa askatzeko, etxean ez dudan kideari ordez orriari kontatzeko kezkatzen nauena, haserretzen nauena, pozten nauena, dosi txikitan kanporatzen ez badut edozein unetan lehertu egingo bainaiz, eta orduan, agian, beranduegi izango da.

Aste on irakurle agurgarria, aste on paper zuria, aste on zeta maitea! 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina