Gaur lankide bati komentatzen nion zein aspergarria zaidan futbolaren zera hori. Ingurune honetan mundu guztia dabil larunbateko Espainiako Errege Koparen finalak aztoratuta, eta gehiago edo gutxiago guztioi eragiten digu.
Halere, esan dezadan, Athleticek
finala jokatu zuenean baino zarata gutxiago somatzen dudala mediotan oraingoz,
baina motorrak berotzen hasiak dira. Lehengoan Donostiako Udaletxean jarri
duten dekorazioa ikusi nuen eta amorru edo nazka edo halako zerbaiten puntu bat
sentitu nuen, eta badakit ulergarria dela hiriak bere taldea animatzea. Kontua ez da
Errealeko talde maskulinoarekin zer egiten duten, kontua da beste genero edota
kirol guztiekin egiten ez den guztia. Horrek sortzen dit ezinegona.
Bai, futbolak millioiak mugitzen ditu,
esango didazue, baina hori, neurri batean, egiten diren kirol eta kultura-politiken
ondorioa besterik ez da.
Beste gai bat kezkatzen nauena da, gurasoek beraiek euren seme-alabei zein eredu ematen dieten euren hooliganismoa agerian uzten dutenean. Oroitzen ditut Athleticeko finalaren egunean Sevillan egindako jaian, zein irudi tamalgarri ikusi ziren telebistan, aita batzuk guztiz mozkorrak, eguerditik, ume txikiekin tartean, oihuka… Hor garatzen da seme-alaben benetako heziketa.
Aitortu beharra daukat nerabetan
Errealeko bazkide izan nintzela hiru urtez, ez futbola gustuko nuelako, ez dut
apenas kontrolatzen, jokalariak eta Atotxa zaharreko giroa gustuko nuelako baizik.
Gaur egun ez zait interesatzen, ez futbola, gutxiago oraindik futbolaren
inguruan aspalditik eraikita dagoen irudi elitista hori, oparotasunarena,
emakumeak kosifikatzen dituena (goi-mailako futbolisten bikoteez ari naiz).
Tristea iruditzen zait gure gazteek horiek izatea heldutarako eredu, zerbait
oso gaizki egiten ari garenaren seinale besterik ez dela deritzot.
Hezkuntzan gabiltzanok egunero ikusten
dugu zein aisialdi mota bilatzen duten gure mutilek, baloia kenduz gero beti
arazoak, eta euren artean jarrera oldarkorrak eta matxistak oso nabarmenak
dira.
Arrazoi horiengatik futbola gorroto dudala esan dezaket, beno gorrotoa baino indiferentzia da eragiten didana.
Halere, nire lankideak bota didan bezala, ziurrenik larunbatean egongo naiz telebistari begira, tarteka besterik ez bada, futbola gorrotatu arren nahi dudalako Errealak irabaztea, Aitor Zabaletarengatik besterik ez bada.
Zorte on, ondo pasa Sevillara zoaztenak eta ez ahaztu, bizitzak aurrera darrai, futbolarekin edo gabe.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina