paper zaharrak ordenatzen hasi
trasteroan gordetako kutxa zaharra arakatu
eta hor ageri zait zure erretratua
sabela irauli egin zait
ederra zaude, beti bezala
ez, inoiz baino ederrago
denbora geratu egin da une batez
zenbat oroitzapen
zenbat une
zenbat barre eta zenbat desio
patuak zu nire gogoan gordetzera bultzatzen nau
etengabe
joan egin baitzara
baina joan gabe
hor jarraitzen baituzu
toki guztietan agertzen baitzara
nahita
baita nahi gabe ere
madarikatu egin zaitut
erretratua eskuan hartu
eta sutondora hurbildu naiz
baina ezin izan dut bota
bi eskuekin tinko heldu dut
elkarrekin igarotako uneak
betirako gorde nahian edo
betirako bizi nahian edo
elkarrekin egin gabekoak
partitu gabeko guztiak
imajinatu ditut
berriro ere
eta gure harremana
edo harreman eza
ulertzen saiatu naiz
alferrik ordea
argazkia kutxa zaharrera bueltatu
trasterora eraman
eta bere tokian utzi dut
egon daiteken toki bakarrean
traste zaharren artean
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina