2011/06/01

amodiozko sarrerak

Atzo nire blog anonimo honi errepaso txiki bat egiten aritu eta konturatu nintzen sarrera asko enamoratu batek bere maiteari idatzitako gutunak, poemak ziruditela. Egia da askotan pertsona jakin bati buruz aritu naizela, eta berak bakarrik jakin dezakela zertaz aritu naizen. 
Erridikulu xamar sentitu nintzen une batez, baina onartu beharra daukat horrelako zerbait egon dela guzti horren atzean, jakin ez badakit ere kontzienteki izan den ala ez.
Aitorpenak egiten hasita agian intentzio guztiarekin idatzi ditut horrelakoak, sekula esan gabeko hitzak eta adierazi gabeko sentimenduak kanporatu behar nituelako, helarazi behar nizkiolako, jakin behar zuelako nola sentitu naizen eta bide batez barruan nuen korapiloa askatu beharra neukalako. Ze ez dakit zein arrazoirengatik pentsatzen nuen berak irakurri egiten zituela, baina atzo ohartu nintzen ezinezkoa dela. 
Ezinezkoa da zugan interesik agertu ez duen pertsona batek zure bloga irakurtzea. Ezinezkoa urtebetetzea zoriondu eta eskerrak eman ez dizkizunean; ezinezkoa bere egoeraz kezkatu eta hitza ahoan bakarrik utzi zaituenean, ezinezkoa. Zergatik eta zertarako? Ongi idazten dudalako? Emmmm, ez dut uste. Autokonplazentziagatik? Absurdo xamarra iruditzen zait. 
Pertsona batekiko inolako interesik ez baduzu, ez zara berarekin akordatu ere egiten, are gutxiago bere blogean sartu; ez da zure buruan existitzen, punto.
Nik uste dut nire hitzekin aukera ugari eman dizkiodala nirekin kontaktuan jartzeko, baina ez da horrelakorik sekula gertatu, beraz...
Halere sarrera hau irakurriko balu jakin dezala asteburu bat pendiente daukagula...je,je!!!
Zauria ixteko garaia heldu dela uste dut, elorriak barruan badirau ere. 
Ea zortea dudan eta zutaz desenamoratzen naizen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina