Aurreko astean izandako berri egarria zela eta (Bildurekin zer gertatuko ote zen jakinminez), ordu mordoa eman nituen internetera konektatua.
Ostegunean Garan sartua egon nintzen denbora luzez eta haren orriaren eskumaldean twitterrak zebiltzan goitik behera pasatzen etengabe, jendearen iritzi, aportazio, sentimenduak adieraziz.
Une batean analfabeta xamarra sentitu nintzen sare sozialen kontu horretan, eta atzean geratzeko beldurrez edo, twitterren kontu bat irekitzea erabaki nuen.
Ez nekien kontua irekia egin denek ikusteko bezala, hala pribatu moduan utzi, soilik nik oniritzitako jarraitzaileen eskaerak onartuz, zer egia esan pentsatzen dudana publikoki adieraztea lotsa handia ematen dit (ez edukiengatik, formarengatik baizik), atzean irakurleak baino epaileak egongo direla imaginatzen dudalako. Tontakeria bat izango da seguruen, ez dudalako uste gauza handirik esango dudanik eta edozein kasutan ezkutatzeko ezer ez dudalako, baina hor ibili nintzen deliberatzen.
Gauza da kontua ireki nuela eta batzuen jarraitzaile egin naizela, baina egia esan ez dakit tresna hori nola erabili eta gainera ez dakit horren beharrik ote dudan ere, baina tira hogeitabatgarren mende honetan, badirudi horrelako gauzak derrigorrezkoak direla, edo derrigorrezkoak egiten ditugula progresoaren eta informazioaren puntan egoteko.
Pentsatzen jarrita horrelako hamaika kontu dauzkadala ohartu nintzen. Posta elektronikoko bi kontu (bat lanekoa, bestea pertsonala); sare sozialetako beste bi (hi5, sekula erabili ez dudana, eta facebooka, horri bai ateratzen diodala nolabaiteko etekina bereziki urrun bizi diren lagunekin informazioak eta afizioak partitzeko); flickr-en kontu bat argazkiak erakusteko; groovesharken beste bat musika lortu eta konpartitzeko; youtuben ere kontua ireki nuen aspaldi ez dakit zertarako; bi blogen kudeatzaile ere banaiz (nire txoko "anonimo" hau, jende ezagun gutxik ezagutzen duelako, eta beste bat bere momentuan nire barrua hustutzeko sortutakoak); lanean ere hainbat blogetan tarteka nire aportazio "profesionalak" egiten ditut. Horrez gain beste hamaika orrietako erabiltzailea naiz, bakoitza bere erabiltzaile izen eta pasahitzekin...
Ze hori da bestea, guztietan, edo gehienetan behintzat, anonimoa izaten jarraitu nahi dut. Inozo halakoa, libre sentitu nahi dut eta alde guztietatik kontrolatua egongo naiz ziurrenik, nahi duenak eta dakienak, kontu horiek deszifratu ahalko dituelako...
Ufffff!!!!! mareatzen hasia naiz horrenbeste gakoekin..., uste dut agendatxo bat erosi beharko dudala nire pasahitz eta goitizen guztiak apuntatzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina