Seinale bat egin didazu
edo ez!
nire senak dio baietz
seinale bat izan dela
eta urduri jarri naiz
izugarri urduri
eta ez dakit zergatik
azken finean
kanpotik begiratuta
ez baita ezer berezia
baina guk badakigu badela
ze zuk
nik bezain ondo dakizu
zein den gure hizkuntza
neurri batean
elkar ulertzen dugu
hitzik esan gabe
keinu zuzenik gabe
komunikaziorik gabe
komunikatzen gara
eta polita da, bitxia
baina nik
beste zerbait behar dut
zertarako seinale hori?
bizirik zaudela adierazteko?
zutaz ahaz ez nadin ziurtatzeko?
Joku horiek nazkatuta naukate
nire burua nahastea
nire loa eragoztea
hori da lortzen duzuna
eta barkatu baina nik
nire loa zainduko duena
bilatzen ari naiz
lasaituko nauena
aurpegira hitz egingo didana...
Nirekin komunikatu nahi baduzu
ongi etorri,
ni topatzea ez zaizu zaila izango
baina egizu zuzenean
hori baita nire erantzuna jasotzeko
izango duzun bide bakarra
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina