2025/11/28

AZAROAK 28 (blue weekend)

Zer zentzu dauka bizitzak
norekin partekatu ez duzunean?

Zulo beltz batek harrapatua nago
Ez da inondik argi izpirik sartzen
Akaso iluntasun hau da nire patua
Eta ez dut gustuko
Txiki sentitzen naiz, ikusezin
Nire boza ez da inon entzuten
Inork ez du nire irria agerrarazi
Nire alaitasuna desagertu egin da
Nire gorputza zimeltzen ari da
Nire gogoa hiltzen

Gaur black friday baino
Blue monday da nire baitan

2025/11/17

AZAROAK 17 (heriotzaz)

Ekainak hogeitahiruko egunerokoan nire amodio handiez aritu nintzen. G, T, S eta Z izan nituen hizpide.

G-ren inguruan honakoa idatzi nuen:

Nire lehen amodio handia san fermin batzuetan ezagutu nuen, txosnetan. Inoiz ez zaizkit ahaztuko G-ren begi urdin haiek, ikusi eta haren begiradari iltzatuta geratu nintzen asteburu guztirako. Hamazazpi urte besterik ez nuen. Bi urte gutxienez iraun zidan harenganako gogoa. Urte betera ikusi nuen berriro, handik aurrera sekula ez, ez dugu inoiz gehiago kointziditu, ez manifa batean, ez kontzertu batean, inon ez, halere, ez ditut inoiz ahaztuko haren begiak, ezta berak errepikatzen zuen esaldia ere.
Esaldia honakoa zen “ Lo malo no es vivir en las nubes, lo malo es bajar”.

Ez galdetu zergatik edo zergatik ez, kontua da aurreko astean G etorri zitzaidala gogora eta haren izena googleatu nuela, bere berri sareetan topatu asmoz. Eta agertu zen haren argazki bat. Eskela bat zen, duela bi urtekoa. Zerbaitek egin zidan bihotzean krak.

Argazkia zuribeltza zen, ez zen haren begien urdina antzematen, ile ugaria erabat zuritua zeukala ikusten zen, eta gaztetako liraintasuna galdua nonbait, aurpegia eta lepoaldea beteta ikusten baitzitzaizkion.
Espekulatzen hasi nintzen, eta jasotako informazioagatik ospitalean hil zela zirudien, beraz, ziurrenik, gaixotasun larri baten ondorioz. Akaso minbizia, batek daki. Berrogeita hemezortzi urte zituen, gazte gure mundurako, gazte nire baitarako.

Nire barruari begira jarri nintzen, nire minetara, nire beldurretara, nire gabezietara, eta otu zitzaidan haiek baztertzeko tenorea badudala, bizitzak ihes egiten baitigu gurera bilduta gauden bitartean.

Espero dut G orain bai lainoetan egotea, lasai, zure maiteen bihotzetara egunero jaitsiko zaren arren.

Muxu bat zure san ferminetako maitearen partetik!  

2025/11/09

AZAROAK 9 (urtebetetzeak)

Urteak betetzea gauza ederra da, bizitza eta bizitzea gustuko baduzu bederen. Nik maite dut urteak betetzea, horrek adinean gora noala adierazten didan arren, baina heldutasun gozo batean sentitzen naizen honetan atsegin dut.
Ederra da ere zure adin hori ingurukoekin konpartitzea, baina zeintzuk dira ingurukoak, zein da une honetan nire ingurunea? Ba hori ez dut hain argi, edo agian bai, baina ez dut publikoki adierazi nahi, nire barruan oso garbi izan arren.

Lehengo urtean nire buruari opari eder bat egin nion, eta urtebetetzea Nepalen ospatu nuen, besteak beste Everest ikusiz, astebete lehenago arte ezezagunak zitzaizkidan lagunez inguratuta.

Aurten ostiralarekin tokatu da nire eguna eta asteburu osoa bakarrik igaro dut. Gaizki ez, esan beharra daukat, baina norbaitekin topa egiteko gogoz geratu naizela ez dut ukatuko.

Baina horrelakoa da bizitza, eta pixkanaka daukaguna onartzen ikasi behar dugu. Nik gero eta konpainia gutxiago, baina bake handiagoa sentitzen dut ariman eta, alde horretatik, pozik sentitzen naiz, nirekin bizitzen ikasten ari naizelako. Pena handia ere badut, bake hau norbaitekin partekatzea nahiko nukeelako, izan zitekeen zeta, baita ondo sentiarazten nauen edozein ere. Baina hala gertatu da, kitto.
Y-k ere ahaztu du nire eguna, agian gertatu behar zen zerbait zen hori ere. Ez naiz haserretuko, bizitzak aurrera darrai, eta datorren bezala onartzen ikasten dugunean soilik lortuko dugu zoriontasunera hurbiltzea.

Eta hurbiltasunaz ari naizela, zeta, egun hauetan inoiz baino gertuago sentitu zaitut urruntasunean. Noizko gure arteko hitzordu bat?

Igande on!

2025/11/03

AZAROAK 3 (ez dago azarorik, laster gabonak)

Esaldi hori zerabilen nire lankide ohi batek udazkeneko garai honetan, hitz jokoa eginez, eta gustatzen zait, esanahia oso ondo inoiz ulertu ez dudan arren.
Dena dela, arazoekin edo gabe, asteburuan sartu ginen azaroan, nire hilabete begikoenean, eta gabonak laster datozen arren, hilabete osoa dugu udazkenaz gozatzeko.

Azaroan izaten zen gure baserrietan txerri-hilketa, San Martin egunaren bueltan; garai horretan izaten dira hego haize zakarreko egunak, horiek urte guztira hedatu diren arren; hilabete horretan jazten dituzte geure basoek kolore beroetako jantzi dotoreak; hilabete horretan erditu zen nire ama nitaz: horregatik, akaso, eta soilik horregatik, da nire hilabete faboritoetan faboritoena.

Asteburuan azaroari oda bat idatzi nahi nion, baina azaroko egun horietakoak bizi izan nituen, malenkoniatsuak, barrura begiratzekoak, eta ez nuen une egokirik topatu hartaz aritzeko eta orain jarri naiz, gabonak heldu aurretik azaroa badenaren konstantzia utzi nahi baitut hemen, inork auzitan jarri aurretik hilabete horren balioa.

Arimen gauarekin batera heldu zaigu azaroa gurera. Probes ditzagun hilabeteak aurrera egin ahala, mozten doazen egun horiek. Goza ditzagun gure basoek eskaintzen dizkiguten zentzu guztietarako plazerak: izan koloreak, izan hostoak zapaltzean sortzen diren doinuak, izan fruituak, izan bertan murgilduta lortzen dugun energia eta bakea. Gure hirietako gaztain postuak ere baliatu ditzakegu azaroaz gozatzeko. Dena da mesedegarri, azarorik gabe ez bailitzake gabonik egongo.

Gozatu!

2025/10/30

URRIAK 30 (Edurne zuri berritua)

Bart gauean berarekin egin du amets. Denbora asko da ez duela ikusi. Hura ahazteko bidean da, edo ahaleginean bederen, baina patuak berarengana bultzatzen du, etengabe.
Herriko aldizkariko argazkietan topatu du behin baino gehiagotan, eta bart, beste behin ere ametsetan.

Ez da amets sexuala izan, ezta sentsuala ere, baina berarekiko beharra eta nolabaiteko menpekotasuna azaldu dizkio, eta hain zen bere irudia garbia, ezen jaiki bezain pronto telefonoa begiratu duela, haren deia edo mezua topatzeko esperantzaz.

Bilatu du uatsapean, bilatu du telegramen, baita facebook eta instagramen ere. Miatu du bere korreo elektronikoa. Baina alferrik izan da, ez dago haren seinalerik inon.

Eta Edurne zuriren antzera, sagar bati kosk egin, eta somnifero eskukada ahoratu ostean,  oheratu egin da, betirako loaren bila, haren musuek esnatuko duten itxaropenaz. 

2025/10/24

URRIAK 24 (oraindik)

Dena asmatuta dagoela diote

dena dastatuta

dena entzunda

dena ikusia

dena esanda

 

Gure artekoa, ordea, asmatzekoa da oraindik

Gure gorputzak elkar dastatzeko zain dira

Gure intziriak entzuteko

Elkarrekin ez gaituzte oraino ikusi

Eta oraindik ez dizut xuxurlatu zenbat maite zaitudan 

2025/10/19

URRIAK 19 (udazkena)

Udazkenean sartu gara.

Hego haizeak kulunkatzen ditu

haritzak, pagoak, pinuak

baita izenik gabeko zuhaitza guztiak

Epel hori sentituz noa bidean aurrera

Jurgi Ekizak dio itzulerarik gabe

bidaiak ez duela zentzurik

hausnarrean geratu naiz

Eta nahi gabe zure argazki bat ikusi dut

azken garaian ikusi zaitudanetan

zeneraman sudadera bera jantzita

oraindik udararen arrastoak gainean

bisaia beltzaran

eta ilea motz

ez dakit eder zauden ala ez

zure irudia oso lausoa baita nire gogoan

eta kantuak dioen moduan

oraindik ere tarteka maite… 

2025/10/10

URRIAK 10 (telekinesia)


Muxu emango nizuke
eta besarkada estu bat
nire ondoan bazina

Matala ferekatuko nizuke
akaso eskua
eta besoa
baita bizkarra ere
nire ondoan bazina

Urruti zaude ordea
zure itzalaren arrastorik
ez da hemen

Halere oparia bidaliko dizut
distantziara, birtuala
nire gogotik zurera
telekinesia bidez
nire hatz mamien oroitzapena
ailegatuko zaizun esperantzaz

2025/10/03

URRIAK 3 (lanera bueltatzearen ajeak)

Zertaz ari gara maitasunaz ari garenean? Halako zerbait zioen Carverren errelatoen liburu batek. Ni ez noa gaur maitasunaz hitz egitera, emateko maitasun asko eduki daukaten arren. Nire helburua bestelakoa da, pertsonek ditugun eta egunero adierazten ditugun kontraesan jasanezinak agerian jartzea besterik ez dut nahi. Horretarako hainbat galdera botako ditut, hausnarketa bultzatu nahian. Nirea, beste batean etorriko da.

Pozik bizi al zara soilik zure zilborrari begira?

Zure ingurua zilborrez beteta dagoela konturatu al zara inoiz?

Zuk egin nahi ez duzun lana, beste batek egiten duenean, bitan pentsatu gabe etengabe kritikatzea zilegia iruditzen al zaizu?

Ondorioak atera aurretik azterketa orokor bat egiten al duzu inoiz?

Zerbait eskatzen duzunean, besteak ere eskatzen ari direla, eta denentzat ez dagoenez, partekatzen ikasi beharra dagoela bururatu al zaizu inoiz?

Zurekin denbora inbertitzen ari naizen bitartean beste bati denbora kentzen ari naizela pentsatu al duzu inoiz?

Zuk zure ordutegia eta bizitza daukazun modu berean, beste batzuk gure bizitza eta ordutegiak baditugula kontutan hartu al duzu inoiz?

Horrela jarrai dezaket, luze.
Hilabete bat besterik ez da pasa, eta dagoeneko muturrak, liskarrak eta norberekoikeriak han eta hemen somatu ditut. Lanera ez noa lagunak egitera, proiektu batek funtziona dezan ahalegintzera baizik, eta horretarako zilbor guztiei begiratzea ezinbestekoa da, batzuetan batzuk nabarmenagoak izan arren.

Ez ditut ulertzen lankideen arteko errespetu-faltak, kasu ez egitea, beste alde batera begiratzea. Hezkuntzako lehen mailako lezioa da, eta geu ez bagara gai hori egiteko, zer erakutsi ahal diegu gure ikasleei?

Ostirala iritsi da, ordenagailua itzaltzera noa. Espero astelehena bestelakoa izatea.

Asteburu on!

Oharra: hau idatzi ostean, mendi buelta bat ematera joan naiz musika entzunez eta Puntu Takoma taldearen kantu batean esaldi hau:

"Azken finean, gizaki putak besterik ez gara, gure zilborren munduan"

2025/09/29

IRAILAK 29 (zinemaldia vs festival de san sebastian; euskal zinema vs cine vasco)

Larunbatean amaitu zen zinemaldia. Zinemazale amorratua naiz, astero joaten naiz zinemaz gozatzera saletara, filmak, pantaila handian, inolako distrakziorik gabe ikustea bezalakorik ez dagoela iruditzen baitzait.

Hogei bat urterekin hasi nintzen zinemaldira joaten. Programa erosi, aztertu, interesgarri begitantzen zitzaizkidan filmak aukeratu, sarrerak erosteko ilarak egin, aretoetan sartzeko ilarak egin, zuzendarien aurkezpenak eta tertuliak entzun tarteka… erritual bat zen niretzat, gozamenerako errituala.
Urteak aurrera joan ahala, eta eventitisak esponentzialki hazten joan diren heinean, nire zinemaldirako gogoa eta interesa esponentzialki ere txikitzen joan da. Iaz, esaterako, ez nuen filma bakarra ere ikusi zinemaldi osoan, eta egunak erabat libre izan nituen.
Aurten, Lillian Hellmanen atzera begirakoa interesgarri iruditu zitzaidan, eta sail horretako zazpi film ikusteko aprobetxatu dut, bestela pantaila handian sekula ikusiko ez nituenak.
Egia esan merezi izan du, baita gidoilariaren inguruan egin dituzten aurkezpenak entzutea ere, askotan ikusezin izan diren emakume zinegileen garrantzia balioan jartzeko, eta pertsonaia horren ibilbidea ulertzeko. Niretzat deskubrimendu bat izan da, filmetako batzuk telebistan ikusiak izanda ere.

Halere, nire gaurkoaren izenburuak ez du zerikusirik nire zaletasunarekin, hizkuntzarekin baizik.
Aurten komunikabide eta sare askotan azpimarratu da inoizko zinemaldirik emankorrena izan dela euskal zinemaren ikuspegitik. Urrezko maskorra, esaterako, euskal film batentzat joan dela, horrek izan dezakeen garrantzi guztiarekin. Eta hemen dator irekitzera noan meloia nolabait esatearren. Los Domingos filma EAEn ekoitzita egongo da ziurrenik, baina euskaletik gutxi duela esango nuke, vascotik izango du izan beharrekoa. Bere zuzendaria saria jasotzera igo zenean, bizkaitarra izanagatik ere, ez zuen hitz bat bera ere euskaraz esan; alta, eskerrak eman zizkion San Sebastianeko festivalari filma saritzeagatik.

Bitxia da gero, ekialde urrunetik eta beste atzerrietatik datozen zinegileak gure hizkuntzan hitz batzuk esaten saiatzen diren bitartean, bertako batzuk ez dute gure kulturarekiko inolako begirunerik azaltzen. Zer dute horiek euskaletik, ekoiztetxea erkidegoan egon eta EITBko dirua jasotzeaz gain?
Berdina gertatzen da estatuko zinema munduko jende gehienarekin. Grazia egin zidan Guerinek, apatrida zela esan, baina diskurtso osoa bere patriako hizkuntza nazionalean egin zuenean. Ez luke ba apatrida batek hizkuntza eta kultura gutxituen aldeko bestelako jarrera bat agertu beharko?

Haserretu egiten naiz gauzei bere izena ematen ez zaielako. Maspalomas eta Karmele, aipatuenak izendatze aldera, euskal zinema dira. Los Domingos bezelako produkzioak, ordea,  beste zerbait. Horregatik ez diet balio zinematografikorik kendu nahi, besterik gabe adierazi nahi dut euskaletik gutxi dutela, erderetatik eta erderetarako eginak baitaude.

Noiz hasiko gara gauzak behar bezala izendatzen?

Bide batez, aprobetxatu nahi dut jada ikusi dudan Maspalomas filma gomendatzeko. Gogorra eta aldi berean goxoa, sentsibilitate handiz eginda, euskal gizartean ezkutuan mantendu den gaia azaleratzen du. Filma elebiduna izanagatik, hizkuntzaren trataera bikaina du, nire uste apalean, gure diglosiaren isla. Etzazue galdu!