2026/04/10

APIRILAK 10 (berrabiarazten)

Esan dezagun pribilegiatu bat naizela, oporretan egon naizela eta, handik etorrita, oporren oporrak, edo atsedena, edo esan nahi duzun bezala hartzen ari naizela; nire buruarekin eta nire gorputzarekin, nire niarekin alegia, birkonektatzeko eta birraurkitzeko egunak hartu ditudala.

Garbiketa egiten ari naiz, barrukoa, fisikoa eta kimikoa, -bihotzekoa ere nahiko nuke-, toxinak botatzen, min ematen didana gogotik erauzten saiatzen, jendartearekiko enpatia areagotzen ahalegintzen, baina aizue ezin!

Oporretan izan arren lan batzuk egitea egokitzen zait egun hauetan, eta orduan konturatu naiz jendearen berekoikeriaz, ezer berririk ez esan dezadan bide batez. Pertsona batzuk ez dira ohartzen eskubideez gain, betebeharrak ere badituztela - aldamenekoari sor diezaiokedan kaltea edo eragozpena niri bost-.
Bost minutuko lana egiteko bi egunez ibili behar izan dut dantzan, pertsona baten arduragabekeriagatik, mezu faltagatik, komunikazio ezagatik. Haluzinatu egiten dut lankide batzuen jarreraz, nola zerbait esan eta kasu zipitzik egiten ez duten, beraiekin ez balihoa bezala, eskubideen taulari soilik begiratzen diotela. Eta amorratu egiten naiz, eta nire zen egoera pikutara doa instant batean, ahotik apoak eta sugeak irteten hasten zaizkidalarik.

Haserre nago nire ingurukoekin, egoera familiar baten aurrean hartzen ari diren jokabideagatik, hor ere berekoikeria eta enpatia falta nagusi; eta haserre nago zurekin, beno nire buruarekin, zu ahazteko ahaleginetan huts egiten dudalako etengabe, eta gutxien espero dudanean hor agertzen zarelako, nahiz eta azken boladan, apurka-apurka zure presentzia desagertzen ari den.

Berrabiarazteko ahaleginean nabil, baina dena kontran datorkidala iruditzen zait, eta nahigabe izugarria jabetzen ari da nitaz, nire hormonak dantza kaotiko batean gozatzen duten bitartean. Noizko niretzako gozamena?
Berrabiarazi nahi dut ni berri bat sortzeko eta zu berri batekin elkartzeko. Ea zein den hurrengo zapuztailea.  

Ondo amaitu pazko astea.

2026/04/04

ZERTARAKO?


Zertarako itxoin

Ez bada zure ahotsa entzuteko

Zertarako itxoin

ez bada zure eskua laztantzeko

Zertarako itxoin

Ez bada zure ezpainak dastatzeko

Zertarako itxoin

Ez bada zu besarkatzeko


Begiak itxi ditut

Eta itxaroten geratu naiz

Zertarako?

2026/03/16

MARTXOAK 16 (beharrak)

Hilabete pasatxo da ez naizela hemendik igaro. Idatzi dut, zerbait, poemaren bat, esaldiren bat, baina ez naiz nire barrua hustutzera paratu, zentzurik onenean, ez dut astirik hartu azken garaietan nire bizitzan, nire inguruan, munduan gertatzen ari denaz hausnarketarik egiteko tarterik hartu. Eta bai, gauzak gertatu dira, gertatzen ari dira, gertatuko dira, munduko oinarriak dardarka jartzen dituztenak, baita nire barne-oreka kolokan jartzen dituztenak ere.

Azken garaitan, kanpora begira jartzen naizenean, harridura, sumindura eta haserrea dira nagusi nire baitan, eta haiekin batera izugarrizko inpotentzia. Munduan gertatzen ari dena, lehen ere gertatzen zena, baina orain agerian eta inolako inpunitaterik gabe egiten dutena ikusteak asaldatu egiten nau. Nire egunerokoan berdina egiten jarraitzen dudan arren, politikoki gero eta arrazoi gehiago sentitzen ditut borrokarako, sistemari aurre egiteko, beti izan ditudan ideietan sakontzeko.

Pertsonalean esan dezagun nire gogoa itzalita dagoela nolabait. Lanean murgildurik, ez diot gogoari aukera gehiegirik eskaintzen bere sentimenduetan arakatzeko, horren inguruko hausnarketa egiteko, erabakiak hartzeko. Baina onartu beharra daukat dolu batean daramadala ikasturtea, ametsetatik askatzeko premia izugarriaz, indar ikusezin batek galarazten didana.
Eta hor nabil, noraezean bezala, nahi eta ezin batek harrapatuta, ametsetan ametsetatik ihesi. Hori besterik ez baita izan azken garaian harrapatu nauen sentimendua, nire gogorako sortu dudan ametsa. Eta nazkatu naiz, nola errepikatzen naizen, bestelako beharrak baititut.
Beharra daukat sentitzeko zerbait erreala, sentitzeko beste baten azala, sentitzeko beste baten desioa eta beharra.
Beharra daukat gozatzeko, nire niari uzteko, konplexuak galtzeko, daukadan maitasuna emateko. Beharra daukat norbait faltan botatzeko, norbaiten ahotsa entzuteko, norbaiten ferekak jasotzeko.
Beharra daukat kaletik irribarretsu joateko, besarkatu eta besarkatua izateko, zaindu eta zaindua izateko, maitatu eta maitatua izateko.

Ez dut uste gehiegi eskatzen dudanik, ala agian bai. Baina behar horiek guztiak itzalita dauzkat denbora zugan pentsatzen ematen dudan bitartean, amets ezinezko batean.

2026/03/14

POEMA BAT IDATZI

 

Poema bat hautatu beste bat idazteko

hara irakasleak eskatutakoa

Eta hor dabil

ikasitako kantuen artean arakatzen

hori baita poesiaz dakien apurra

Liburutegira jo dezake, akaso

miatu poesia sailean

Behar du euskaraz, pentsatu du

izan dadila modernoa

poeta anderea ahal dela;

balio diezaiola barrua hustutzeko

nor den azaltzeko

nondik datorren gogoratzeko

Eta hautatu du Blas de Oteroren emigrantea

jatorria beharrezko baitu

bere burua definitzeko

Etxarteren espazioaren logikak eman dio

mundu honetan duen posizio politikoa

Irastortzaren frenatzeaz irakurriz

joandakoek utzi diotena

ekarri du gogora

Eta hala bildu ditu poemarako gaiak

Orain hitz egokiak aukeratu 

eta haiek jostea 

besterik ez du falta


2026/02/24

DEI BAT

Batzuetan etxean biltzen naiz

mundutik ihes egiteko

errealitatea borratzeko

ikusezina bihurtzeko.

Eta orduan dei bat jasotzen dut

eta gogorarazten didate 

ez naizela bakarrik

eta sentiarazten didate

badudala itzalik. 

Orduan 

ezkutalekutik irteteko gogoa pizten zait,

mundura bueltatzekoa

errealitateari aurre egitekoa

hemen nagoela esatekoa. 

Eta horrela jarraitzen du nire bizitzak

erratikoki

alde batetik bestera 

etengabe

balantza batean lez

balantze batean lez

gora eta behera

etengabe gozatzen; 

sufritzen aldi berean, 

barrezka eta negarrez

pozarren eta haserre; 

beti kontran

baina aldi berean alde.


Batzuetan

hilda nagoela pentsatzen dudanean

bizirik nagoela gogorarazten didan

DEI bat jasotzen dut.

 

2026/02/17

KANARIAR UHARTEAK

Akordatzen ama Kanarietara egin nuen lehen bidaia zurekin izan zela? Lanzarotera joan ginen elkarrekin, aita hil eta urte betera esango nuke, baina ez nago ziur. 

Zu gehiagotan izanda zinen, aita bertan zendu baitzen, ez dakit Gran Canarian edo Tenerifen izan zen, urte asko igaro dira eta nik memoria laburra daukat xehetasunetarako.

Urte batzuk beranduago La Palmara joan ginen, gabon zaharra pasatzera, akordatzen?  Zuk txunta-txunta egin nahi zenuen hoteleko orkestraren erritmoan; ni ez nengoen horretarako prest, horretan, beste gauza askotan bezala, hain gara desberdinak!

Baina hondartzarako zaletasuna bai kutsatu zenidala, eta hemen nago, zure urtebetetze egunean Tenerifen, eguzki eta atseden bila, monteyplayako eten bat egitera etorrita. 

Eta zurekin akordatu naiz hoteleko emakume helduak (zaharrak esan beharko nuke, ni neu nahiko heldua banaiz eta) gurutzatzean, orkestren erritmoan dantzatzen duten atzerriko jubilatuak ikustean. Zu ere hala ibiliko zinen, txunta-txunta, lagunduko zizun norbait alboan izanez gero.

Nik txunta-txunta ez, baino paseo ederrak eta eguzki-saio batzuk egingo ditut zure eta nire omenez, bueltan, itzaletan egon ote naizen galdetuko didan inor izango ez dudan arren. 

Muxu bat Tenerifetik ama!

2026/02/12

OTSAILAK 12 (ostegun gizen)

 

Errepidean noala

auto pilaketak gurutze-bidean

albora begiratu

eta hara bazar txinatarra;

guztiak harantz doaz,

azken orduko mozorroa

eskuratzeko ahaleginean.

Bertan izango dira,

ziurrenik,

Txinako ekonomiak

pobretuko gaituela diotenak,

inolako lotsarik gabe,

finean, gaur ostegun gizen baita

ez garen hori azaleratzeko eguna

edo, akaso, nahi eta ezin dugun hori izatekoa?

Inauteri on!

 

 

2026/02/08

LENGOEGUNAKGOGOAN


Kafe usaina, irratiaren doinua,
ekonomikaren epeltasun goria;
bakterioak akabatzeko esnea irakin,
horretarako dagoen lapiko gorrian,
eta borborka hasi, 
eta esnegainak gainezka egin,
ay la leche! 
Hori genuen eguneroko errituala,
institutura bidea hartu aurretik,
nerabe ginen garaitan.

Mariano Ferrer aspaldi zendu zen ordea,
esnea tetrabriketan dator orain,
behiarena, edo auskalo zerena;
gurasoek ez dute esnerik irakiten,
gazteek ez dute gosaltzen,
Eroskira doaz atsedenaldian,
plastikoan bilduriko 
opil prozesatuen bila,
eta sakelekoek eskainitako 
musika entzuten dute, 
haririk gabeko entzungailuetan.

Jada ez da debaterik, 
ez leku komunik,
ez gosari konpartiturik, 
ez eta esne errerik.
Egun beste zerbait da, 
okerragoa? Ez
Hobea? Ezta ere
desberdina soilik.

Eta Uztapideren Lengoegunakgogoan aitzaki
memoria ariketa egin dut, 
bizitzari erresilientzia aplikatzeko,
malenkoniatsu jarri aurretik
oroiminak aurrera egitea 
oztopa ez diezadan,
eta topa dezadan geroagatik,
igarotako edozein garai
ez delako beti hobea izan.

2026/01/27

KRISTALEZKO BEGIAK


Ederrak zirela zioten

handiak

marroixkatik itsasoaren tonalitatera hurbiltzen 

tarteka

eguzkia bizi denean

bereziki


Biziak

misterioz beteak 

handiak zioten

bere handitasunak

ez die nahiko dohain eman, ordea

heldutasunean bere lana

ongi betetzeko


Eta orain

kristalezko lupa batzuz mozorrotzen ditu

maskorrezko bilgarri batez

apaindutako lupak

ispiluak isla interesgarria

buelta diezaion

ederra ei zen hura

halaxe jarrai dezan

2026/01/05

URTARRILAK 5 (errege bezpera)

Bukatu da nire abentura italiarra. Oraindik goiz guztia daukat disfrutatzeko, baina hain da eguraldia eskasa, ezen hoteleko saloian nagoela liburua eskutan orduak pasatzen uzten, Erroma guztia jada ezaguna bailitzan, ikustekorik ez banu bezala. Imajinatzen dut, beno jakin badakit, gauza asko, toki asko, eliza asko, museo asko, taberna eta jatetxe asko... geratu zaizkidala dastatu gabe, hurrengo baten bueltatzeko aitzakia, beste sasoi batean agian, baina egun zaila da ze giro izango den jakiten, euriteak, ekaitzak, lehorteak, hotz glaziarrak egun batetik bestera ager baiaitezke, ia konturatu gabe, herrialdeen inbasioen antzera, bapatean hortxe. Eta mundu guztia beha beha geratzen da, inpotentzia handiarekin, gutxi batzuk mundua kontrolatzen dutela ulertu bai, baina onartu ezinik. Zer izango da hurrengoa? Zer egin dezakegu justizia sozialean sinesten dugunok? Ba al dago irtenbiderik gero eta jasangaitzagoa bihurtzen ari den mundu honetarako? Bertol Brechti egotzitako baina Martin Niemölleren poema hau etorri zait gogora:


Lehenbizi komunisten bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan,
ez bainintzen komunista.
Ondoren juduen bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan,
ez bainintzen judu.
Ondoren sindikalisten bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan,
ez bainintzen sindikalista.
Ondoren katolikoen bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan,
ez bainintzen katoliko.
Azkenik nire bila etorri ziren, eta jada ez zegoen nire alde mintzatzeko inor."

Ea gaur eta bihar artean erroskorik jateko aukera daukazun, baina ez inoiz ahaztu goiko hitzak. Astelehen on!