2026/02/17

KANARIAR UHARTEAK

Akordatzen ama Kanarietara egin nuen lehen bidaia zurekin izan zela? Lanzarotera joan ginen elkarrekin, aita hil eta urte betera esango nuke, baina ez nago ziur. 

Zu gehiagotan izanda zinen, aita bertan zendu baitzen, ez dakit Gran Canarian edo Tenerifen izan zen, urte asko igaro dira eta nik memoria laburra daukat xehetasunetarako.

Urte batzuk beranduago La Palmara joan ginen, gabon zaharra pasatzera, akordatzen?  Zuk txunta-txunta egin nahi zenuen hoteleko orkestraren erritmoan; ni ez nengoen horretarako prest, horretan, beste gauza askotan bezala, hain gara desberdinak!

Baina hondartzarako zaletasuna bai kutsatu zenidala, eta hemen nago, zure urtebetetze egunean Tenerifen, eguzki eta atseden bila, monteyplayako eten bat egitera etorrita. 

Eta zurekin akordatu naiz hoteleko emakume helduak (zaharrak esan beharko nuke, ni neu nahiko heldua banaiz eta) gurutzatzean, orkestren erritmoan dantzatzen duten atzerriko jubilatuak ikustean. Zu ere hala ibiliko zinen, txunta-txunta, lagunduko zizun norbait alboan izanez gero.

Nik txunta-txunta ez, baino paseo ederrak eta eguzki-saio batzuk egingo ditut zure eta nire omenez, bueltan, itzaletan egon ote naizen galdetuko didan inor izango ez dudan arren. 

Muxu bat Tenerifetik ama!

2026/02/12

OTSAILAK 12 (ostegun gizen)

 

Errepidean noala

auto pilaketak gurutze-bidean

albora begiratu

eta hara bazar txinatarra;

guztiak harantz doaz,

azken orduko mozorroa

eskuratzeko ahaleginean.

Bertan izango dira,

ziurrenik,

Txinako ekonomiak

pobretuko gaituela diotenak,

inolako lotsarik gabe,

finean, gaur ostegun gizen baita

ez garen hori azaleratzeko eguna

edo, akaso, nahi eta ezin dugun hori izatekoa?

Inauteri on!

 

 

2026/02/08

LENGOEGUNAKGOGOAN


Kafe usaina, irratiaren doinua,
ekonomikaren epeltasun goria;
bakterioak akabatzeko esnea irakin,
horretarako dagoen lapiko gorrian,
eta borborka hasi, 
eta esnegainak gainezka egin,
ay la leche! 
Hori genuen eguneroko errituala,
institutura bidea hartu aurretik,
nerabe ginen garaitan.

Mariano Ferrer aspaldi zendu zen ordea,
esnea tetrabriketan dator orain,
behiarena, edo auskalo zerena;
gurasoek ez dute esnerik irakiten,
gazteek ez dute gosaltzen,
Eroskira doaz atsedenaldian,
plastikoan bilduriko 
opil prozesatuen bila,
eta sakelekoek eskainitako 
musika entzuten dute, 
haririk gabeko entzungailuetan.

Jada ez da debaterik, 
ez leku komunik,
ez gosari konpartiturik, 
ez eta esne errerik.
Egun beste zerbait da, 
okerragoa? Ez
Hobea? Ezta ere
desberdina soilik.

Eta Uztapideren Lengoegunakgogoan aitzaki
memoria ariketa egin dut, 
bizitzari erresilientzia aplikatzeko,
malenkoniatsu jarri aurretik
oroiminak aurrera egitea 
oztopa ez diezadan,
eta topa dezadan geroagatik,
igarotako edozein garai
ez delako beti hobea izan.

2026/01/27

KRISTALEZKO BEGIAK


Ederrak zirela zioten

handiak

marroixkatik itsasoaren tonalitatera hurbiltzen 

tarteka

eguzkia bizi denean

bereziki


Biziak

misterioz beteak 

handiak zioten

bere handitasunak

ez die nahiko dohain eman, ordea

heldutasunean bere lana

ongi betetzeko


Eta orain

kristalezko lupa batzuz mozorrotzen ditu

maskorrezko bilgarri batez

apaindutako lupak

ispiluak isla interesgarria

buelta diezaion

ederra ei zen hura

halaxe jarrai dezan

2026/01/05

URTARRILAK 5 (errege bezpera)

Bukatu da nire abentura italiarra. Oraindik goiz guztia daukat disfrutatzeko, baina hain da eguraldia eskasa, ezen hoteleko saloian nagoela liburua eskutan orduak pasatzen uzten, Erroma guztia jada ezaguna bailitzan, ikustekorik ez banu bezala. Imajinatzen dut, beno jakin badakit, gauza asko, toki asko, eliza asko, museo asko, taberna eta jatetxe asko... geratu zaizkidala dastatu gabe, hurrengo baten bueltatzeko aitzakia, beste sasoi batean agian, baina egun zaila da ze giro izango den jakiten, euriteak, ekaitzak, lehorteak, hotz glaziarrak egun batetik bestera ager baiaitezke, ia konturatu gabe, herrialdeen inbasioen antzera, bapatean hortxe. Eta mundu guztia beha beha geratzen da, inpotentzia handiarekin, gutxi batzuk mundua kontrolatzen dutela ulertu bai, baina onartu ezinik. Zer izango da hurrengoa? Zer egin dezakegu justizia sozialean sinesten dugunok? Ba al dago irtenbiderik gero eta jasangaitzagoa bihurtzen ari den mundu honetarako? Bertol Brechti egotzitako baina Martin Niemölleren poema hau etorri zait gogora:


Lehenbizi komunisten bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan,
ez bainintzen komunista.
Ondoren juduen bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan,
ez bainintzen judu.
Ondoren sindikalisten bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan,
ez bainintzen sindikalista.
Ondoren katolikoen bila etorri ziren, eta ez nuen ezer esan,
ez bainintzen katoliko.
Azkenik nire bila etorri ziren, eta jada ez zegoen nire alde mintzatzeko inor."

Ea gaur eta bihar artean erroskorik jateko aukera daukazun, baina ez inoiz ahaztu goiko hitzak. Astelehen on!

2025/12/31

ABENDUAK 31 (urte amaiera erroman)

Erroman nago, hiri eternala dioten horretan. Ez naiz bakarra gabon zaharra hiri zahar honetan igarotzea erabaki duena. Lepo dago hiria, turistez beteta, ni lakoaz lepo. 

Gaur lehen kontaktua egitera irten naiz, besterik ez. Filmetan ikusitako leku mitikoak usaintzera, dastatzen hastera, baina lan nekeza da. Jende andana dabil leku mitiko horietan. Erromatarrak, donostiarren antzera, nazkatuta behar dute turistifikazio kotxino hontaz. 

Kolak ikusi ditut Fontana de Trevira hurbiltzeko, Panteoian edota foroan sartzeko. Baina ez bakarrik hori, luxuzko dendetan sartzeko ere ilarak ikusi ditut. Zenbat diru daukan jendeak. Erromako San Silvestrea ikusi dut, jakin izan banu igual 5 kilometrokoa egitera animatuko nintzen; gaztain erreak erosi ditut eta erdiak ustelak zeuden, babo aurpegia ikusi dit nonbait saltzaileak. Bueltatu naiz halere, gaztain ustelak eskuan, eta eman dizkit pieza goxoak iruzurtiak. Eta keniatar batek baxu harrapatu nau eta euskalduna nintzela esan diodalako hasi zait gure onberatasuna goraipatzen, eta kasik gainean zeuzkan bitxi guztiak erosi arazi dizkit. Dirurik ez nuela esan besterik ez zait geratu, senarra etxean nuela eta nik ez dakit beste zenbat gezur, dena egoera deseroso hartarik irteteko. 

Eta gehiegi agobiatu aurretik hotelera bueltatu naiz, atseden hartzera, hitz hauek idaztera, komunetik pasatzera -gauza zinez nekeza gure hiri zibilizatu hauetan- eta gauean non afalduko dudan erabakitzera, nahiko bainuke ospakizun usaina hartzea urteko azken egunari.

Gabon zahar on eta urte berri on Erromatik!

2025/12/30

ABENDUAK 30 (nire arimaren bila)

 

Basoan barna noa

pagadi, harizti

ez dakit zer diren

askoren nahasketa bat

akaso

ez ditut ezagutzen

biluzik geratu dira

hotzik ez balute bezala

 

Alde batetik errekaren marmarra

bestetik txorien kantua

erditik nire urratsek orbelean sortu

krix-kraxak

hori dut soinu banda

 

Eguzkia goian da, edo,

enbor soilen artean

bere izpiak heltzen zaizkit

tarteka, itzalak sortuz,

eta animali ikusezinez gain

ni besterik ez naiz hemen

bakarrik edo.

 

Enborrek lotsatuta dirudite

elkarrengana biltzen baitira

euren buruak ezkutatu nahian bezala

eta tarteka gorostiren baten azpitik igaro

eta zu faltan izan zaitut

muxu emateko

hori omen eta

garai honetako tradizio

 

Imajinatu ditut mendi entzutetsuak

jendez mukuru

lasaitasuna baino

estresa eragiten dutenak

eta poztu nau

mendi itsusiaren aldeko

apostua egiteak

horrelakoetan soilik

aurkitzen baitut bakea

 

Basoan barna noa

bakarrik

nire arimaren bila

2025/12/24

ABENDUAK 24 (hipokresiari stop)

Aspaldi ez nintzela hemen esertzen, gosaldu ostean, duela urte ta erdi nire buruari jarri nion egitekoari heltzeko. Gaur egutegietan seinalatzen dugun egun horietako bat da eta balantzea egiteko gogoa izan dut, bereziki, urte amaieran ez naizelako hemen izango.

Lanera buelta oso gogorra izan da, une askotan ezingo nuela jasan pentsatu izan dut. Estres maila handia, gauzei ezin heldu, jende askoren berekoikeriaz jabetu, benetan latza egin zait. Une batzuetan bakarrik sentitu naiz, agian hori nire egoera emozionalaren isla ere izan da, ez dakit, baina oporretara desinflauta heldu naiz. Eta zein da balantzea? Ba bizitza egunero gertatzen ari zaigun hori dela asimilatzea ezin bestekoa dela aurrera egin ahal izateko.

Eduki ditut egun benetan beltzak eta eguna amaitzean nori kontatu ez neukan, eta sentsazio horrek asko pisatu dit halako unetan. Baina denari garrantzia kentzen saiatzen ari naiz, halako batean ezer gabe geratuko naizela sentitu arren. Agian hori da zoriontasunaren klabea, buruko pentsamendu guztien erabateko erauzketa.

Aurten hainbat ikastarotan izena eman dut, baina horietan ere asmatu ez izanaren sentsazioa daukat. Agian ez da hau nire ikasturtea izango, agian espektatiba gehiegi egin dut, egiten dut, gauza guztietatik, eta gero dezepzioa neurri berekoa izaten da. Ez dut sekula ikasiko. Agian ez dut ikasi nahi. Agian itxaropenaren ilusioak mantentzen nau bizirik, ilusio berorren deuseztapenak txikituta uzten nauela jakin arren.

Eta oraindik gogoan zauzkat, zuk nitaz ez duzula ezer jakin nahi jakin arren. Baina gauza da toki guztietan ikusten zaitudala, zu ez konturatu arren. Eta ahalegina egin dut zu ahazteko, baina zer nahi duzu esatea, ezin dut, bide horretan nagoela berrize agertzen baitzara, izkina batean, ezustean, eta akabo bake sentimentala.

Eta amaitzeko gabonak, badatoz familian biltzeko egunak. Baina norekin biltzen gara apenas familiarik ez dugun horiek? Poteoan atera eta oso zoriontsu garela disimulatzen dugu, gero gure lau pareten artean daukagun miseria ezkutatuz. Gaur ez nago umoreko, batetik irten eta mozkortzea nahiko nuke; bestetik, etxean geratu eta edozein asteazkenetan egingo nukeen gauza bera egitea nahiko nuke, edo mendi aldera joan lo egitera, eta hirietako burrunbetatik alde egin. Baina horretarako furgona falta dut, hori ere falta zait azken hilabetean. Arazo guztiak batera heltzen dira.

Eta bihar, anfitrioi lanak egingo ditut, geratzen zaizkidan familia-loturak mantentzeko, baina nazkatuta nago bizi dugun hipokresiaz: urte osoan akordatu ez, eta egun seinalatua delakoan egiten dugun itxurakeria horrek akituta nauka. Baina hori ere bizitzaren parte omen.

Tonua negatiboa izan arren oso lasai nago, gerretan, kartzeletan, kale gorrian dauden guztiak gogoan. Zertaz kexa naiteke, falta dudan maitasun intimoaz ez bada?

Goza itzazue egun hauek. Osasuna, maitasuna eta askatasuna.

2025/12/11

ABENDUAK 11 (zarata)

Zarata dauka buruan, zarata asko, zarata gehiegi. Horrelakoetan deskonektatzea behar du; hobe esanda konektatzea, naturarekin, ur izan elementuekin nahasteko, ikusezin bihurtzeko, desagertzeko.

Gaurkoan gorputzaren erlaxazioa aukeratu eta termetara joan da. Ur txorrotak gustuko ditu gorputzeko atal guztietan, baita hotza eta beroaren arteko kontrasteak, eta sauna; sauna maite du, lehorra zein hezea, bietan egiten ditu saioak, barruko zikina lurrunduko bailitzaion.
Itsasora irtetea erritualaren parte da ere, eta gaur ez da gutxiago izango. Beraz, eta jada gaua izan arren, hondartzara irten da bainu azkarra hartzekotan, sartuirten bat egitekotan. Hiriko, ugarteko, Igeldoko eta Urgulleko argiek ukitu majiko bat ematen diote inguruneari.

Epel egon arren negua gainean da eta zazpietan hondartzan bainujantzian egoteko ez da giro. Marea behean da eta korrika egin du uretarainoko bidea. Ura ukitu bezain pronto seko frenatu du. Hotza dago, ez kolpez sartzeko tenperaturan bederen. Minutu pare bat egon da uretan murgildu arte eta irteterakoan Mirakontxa geratu zaio parean. Orduan, zetak behin esandakoa etorri zaio gogora, bertatik igarotzen den bakoitzean etortzen zaion modu berean; hura ez dela hain toki ona bizitzeko, ipar orientazioa duela. Barrez hasi da termetara bueltan doala. Eta pentsatu du hobe izan lukeela egun hartan baieztapen hura egia ote zen frogatzera gonbidatu izan balu, orain dagoen tokian berarekin etzan eta iparrak nola eragiten zien aztertzea.
Baina hori beste ipuin baterako kontua da. Gaurkoan zarata amatatzea zuen helburu, besterik ez. Eta tarte batez lortu du, tarte labur batez.

Bihar beste egun bat izango da.

2025/12/03

ABENDUAK 3 (ospa dezagun)


Antzinekoa zara

aldi berean modernoa

arraroa, desberdina

apur bat berezia

Zaila deritzute batzuek

ezinezkoa zurekin

mintzatzea besteek

batzuek aurka, besteak alde

inor ez da konforme

 

Odoletan hazia

ezkutuan hezia

galeretara kondenatua

nahi zaituzte bizian

 

Batzuk ez gara zu gabe ordea

ahaztu arren noizbehinka

zeu zara geure arima

geure bihotza

geure taupada

ta bizirik nahi zaitugu

gure artean

behar zaitugu gurekin

hats bakoitzean

 

Ez dadila haria eten

ospa dezagun bizirik zaudela

bizirik gaudela

iraunen dugula

iraunen zarela