Aspaldi ez nintzela hemen esertzen, gosaldu
ostean, duela urte ta erdi nire buruari jarri nion egitekoari heltzeko. Gaur
egutegietan seinalatzen dugun egun horietako bat da eta balantzea egiteko gogoa
izan dut, bereziki, urte amaieran ez naizelako hemen izango.
Lanera buelta oso gogorra izan da, une
askotan ezingo nuela jasan pentsatu izan dut. Estres maila handia, gauzei ezin
heldu, jende askoren berekoikeriaz jabetu, benetan latza egin zait. Une
batzuetan bakarrik sentitu naiz, agian hori nire egoera emozionalaren isla ere
izan da, ez dakit, baina oporretara desinflauta heldu naiz. Eta zein da
balantzea? Ba bizitza egunero gertatzen ari zaigun hori dela asimilatzea ezin
bestekoa dela aurrera egin ahal izateko.
Eduki ditut egun benetan beltzak eta eguna
amaitzean nori kontatu ez neukan, eta sentsazio horrek asko pisatu dit halako
unetan. Baina denari garrantzia kentzen saiatzen ari naiz, halako batean ezer
gabe geratuko naizela sentitu arren. Agian hori da zoriontasunaren klabea,
buruko pentsamendu guztien erabateko erauzketa.
Aurten hainbat ikastarotan izena eman
dut, baina horietan ere asmatu ez izanaren sentsazioa daukat. Agian ez da hau
nire ikasturtea izango, agian espektatiba gehiegi egin dut, egiten dut, gauza
guztietatik, eta gero dezepzioa neurri berekoa izaten da. Ez dut sekula
ikasiko. Agian ez dut ikasi nahi. Agian itxaropenaren ilusioak mantentzen nau
bizirik, ilusio berorren deuseztapenak txikituta uzten nauela jakin arren.
Eta oraindik gogoan zauzkat, zuk nitaz
ez duzula ezer jakin nahi jakin arren. Baina gauza da toki guztietan ikusten
zaitudala, zu ez konturatu arren. Eta ahalegina egin dut zu ahazteko, baina zer
nahi duzu esatea, ezin dut, bide horretan nagoela berrize agertzen baitzara, izkina
batean, ezustean, eta akabo bake sentimentala.
Eta amaitzeko gabonak, badatoz
familian biltzeko egunak. Baina norekin biltzen gara apenas familiarik ez
dugun horiek? Poteoan atera eta oso zoriontsu garela disimulatzen dugu, gero gure
lau pareten artean daukagun miseria ezkutatuz. Gaur ez nago umoreko, batetik
irten eta mozkortzea nahiko nuke; bestetik, etxean geratu eta edozein asteazkenetan
egingo nukeen gauza bera egitea nahiko nuke, edo mendi aldera joan lo egitera,
eta hirietako burrunbetatik alde egin. Baina horretarako furgona falta dut,
hori ere falta zait azken hilabetean. Arazo guztiak batera heltzen dira.
Eta bihar, anfitrioi lanak egingo
ditut, geratzen zaizkidan familia-loturak mantentzeko, baina nazkatuta nago bizi
dugun hipokresiaz: urte osoan akordatu ez, eta egun seinalatua delakoan egiten
dugun itxurakeria horrek akituta nauka. Baina hori ere bizitzaren parte omen.
Tonua negatiboa izan arren oso lasai
nago, gerretan, kartzeletan, kale gorrian dauden guztiak gogoan. Zertaz kexa
naiteke, falta dudan maitasun intimoaz ez bada?
Goza itzazue egun hauek. Osasuna,
maitasuna eta askatasuna.