2025/05/10

MAIATZAK 10 (malenkonia)

Atzo berandu oheratu nintzen. Ordurako tristezia batek harrapatua nengoen, tarteka harrapatzen nauen horietako bat. Ez dut oso ondo lo egin, halere ohikoa baino beranduago jaiki naiz, malenkoniatsu, atzoko egoera berean kasik, orduak igaro ez balira bezala.

Kostatu zait ohetik mugitzea, indarrak maindireen artean bilatzen aritu naiz, alferrik ordea, baina jaiki naiz, nire burua behartu dut mugitzera, gosaltzera, ohea egitera, janztera, kalera irtetzera, paseo bat ematera, nire inguruarekin eragitera. Ingurutik jasotako erantzunak ez dira beti gogokoak izaten ordea.

Espero ez nuen mezu bat irakurri dut, hoztasunaz blai beterik zegoena, eta munduan dudan posizioaz, kokapenaz hausnartzera eraman nau. Baina ez dut buruhauste gehiagorik behar, nahiko konplikatua banaiz neu nire alor pertsonalean, beste alor batzuetan ere pentsatzen hasteko bezala.

Eta saiatu naiz hitzak erlatibizatzen, baina iruditzen zait harreman horretan krak bat gertatu dela eta zaila izango dela pitzadura hori ixten.

Gutxienez hezkuntzako akordioa sinatu da eta gure lan baldintzak apur bat hobeak izango direlakoan asteburuari beste betaurreko batzuekin begiratzen ahaleginduko naiz.

Larunbat on! 

2025/05/09

MAIATZAK 9 (estatu laiko batean)

Estatu espainola bere konstituzioaren arabera akonfesionala da, baina Frantzisko aita santua hil zenetik izugarrizko matraka eman digute telebista kate desberdinetan bere ondorengoaren kontura. Atzo ke zuria zeruan agertu zenetik ez da ia beste hizpiderik izan informatiboetan. Eta gauza da ulertzen dudala gaia interesekoa izatea, baina 2024ko apirileko CISeko datuen arabera, espainiar estatuko ehuneko berrogeita hemeretziak soilik du bere burua katolikotzat. Beraz, agian denbora gutxiago eskaini beharko litzaieke halako gaiei telebista publikoetan bederen.

Euskal telebistaren kasuan, hobe lukete, ene ustez, berri hori emateko erabilitako bitartekoen kostuaren zati bat, euskarazko kalitatezko programak, serieak etabarrak ekoizteko erabiltzea. Hamabostean euskaraldia hasiko baita eta Africa berari, hitzarekin trabatzen ez bada, entzungo diogu horren aldeko mezua zabaltzen, bertan lanean ari diren askori euskaraldiak eta euskara bost axola zaien bitartean.

Pantailaldiarekin gaudenez, nik gaurkoan bi gomendio egin nahi nizkizuke irakurle. Bata, gaur bertan zinemetan estreinatu den euskarazko Erreplika dokumentala. Hernaniko Zikuñagako ama birjinaren lapurreta kontatzen omen da bertan, beste gauzen artean. Ezin dizuet gehiago esan neronek ere ez baitut oraindik ikusi.
Bigarren gomendioa jada urte batzuk Zuzeuk ekoiztutako Euskal Gaizkileak podcast seriea da. Hauek, Euskal Herriko hainbat pertsonaien istorioak kontatzen dizkigute, oso modu onean gainera, esan nahi da kalitate handiko ekoizpenak direla eta gure historia hobe ezagutzeko lagungarri zaizkigula, entretenigarri izateaz gain.

Ondo ekin asteburuari, eta gogoratu, biharko planik ez baduzu, EAEko hezkuntza publikoaren aldeko manifestazioak daudela deituta hiru hiriburutan. 

2025/05/08

MAIATZAK 8 (jokoa ala maitasuna?)

Maitasuna 2: norbaitenganako joera edo grina bizia, sexu senean oinarritua, harekin gorputzez eta bihotzez bat egin nahia dakarrena. (Ik. Maitemin)

Horra hor Euskaltzaindiako hiztegian maitasun hitzarentzat ageri den bigarren sarrera.

Behin baino gehiagotan aipatu dut beti izan naizela oso maitabera. Zalantza askorekin akaso, baina esan dezaket maiteminduta egoteko munduratu nindutela, eta, diotenez, harremanak denborarekin epeldu egiten direnez, ba nire amodio bortitzenak inoiz izan gabeko harremanak izan dira, hau da, justuan affair esporadiko batzuk besterik ez.

Eta hori da gertatzen zaidana. Ez dakit zein motiborengatik baten batek txunditzen nau eta, hortik aurrera, pertsona normala izateari uzten diodala, anormala bihurtuz. Lotsa eta beldurra jabetzen dira nitaz, nik neuk ezagutzen ez dudan norbait bilakatuz. Doctor Jekyll eta Mister Hyden antzera beste ni bat azaleratzen da. Urduri jartzen naiz, tontakeriak esaten ditut, blokeatu egiten naiz, eta horrela nekez erakar daiteke inor, are gutxiago harreman bat aurrera eramaten saiatu.

Plazerkide ugari izan dut nire bizitzan, baina transformaziora eraman nauten amodioak, benetakoak, oso gutxi. Perspektibarekin begiratuta, nire bizitza markatu dutenak lau izan direla esango nuke ezbairik gabe eta, egoerak aztertuta, guztietan antzera gertatu zaidala esango nuke.  Arrazoi desberdinak medio antzeko sentipenak, eta denetan denbora luzea, haienganako gogoa nigandik erauzteko.

Azkenekoarekin daramat denbora luzeegia gogotik kendu nahian, baina ezin, hura gogoan mantentzeko inolako motiborik izan ez arren, inoiz ez baitu niganako interesik edo desiorik adierazi. Baina badakizu zer esaten den, amodioa itsua eta gorra dela, eta nik zentzugabea gehituko nioke. Nireak bederen halakoxeak izan dira bizitza osoan eta, tamalez, bizi naizen artean halakoak izango direla iruditzen zait, eta hori seinale ona izango da, bizirik nagoen seinale, sufrimendua besterik ez jasan arren.

Eta zu zertan zara zorioneko?

  

2025/05/07

MAIATZAK 7 (elizan)

Gaur, aspaldiko partez, elizan izan naiz. Lepo zegoen. Urteak ziren ez nintzela batean sartzen, are gutxiago hitzaldi bat entzuteko. Bai, ondo irakurri duzu, hitzaldi bat entzun ez sermoia, elizan egon bainaiz, baina ez mezetan.

Elizak toki paregabeak dira ekintza kulturaletarako, horretarako berreskuratu beharko genituzke, hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak antolatzeko. Eta gaur, ez dakit zein santuren izenean, Urumeako Mendiak Bizirik plataformakoek Antonio Turiel fisikari teorikoaren hitzaldia antolatu dute bertan, trantsizio energetikoaren mugak lelopean.

Hitzaldia oso interesgarria eta argigarria izan da zentzu askotan (Naizen jada haren erreportajea aurki dezakezue), baina horretaz gain, niri publikoaren inguruan bi kontuk eman didate atentzioa.

Lehena, han geundenen batez besteko adina. Hirurogei esaten badut ez nabil oso oker. Gazte batzuk bazeuden, noski, baina gaztez lepo egon beharko lukeela pentsatzen dut, kontuan izanik gure mundu eta planetaren etorkizunaz ari garela, eta eurak direla afektatuenak neurri batean.

Bigarrena, generoan zegoen desoreka. Hamarretik bi emakume geundela badiot luze geratzen naizela esango nuke, eta horrek zientzietako irakasle emakume gisa zer pentsatua eragin dit. Uste nuen rolen garaia gainditua geneukala nolabait, baina ezetz konturatu naiz. Eta, berriz ere, historia errepikatzen da eta erabaki eta gai inportanteak gizonen esku delegatzen ditugu. Sinistu behar al dut, behin tertuliana bati entzun nion moduan, emakumeok ez dugula inolako interesik zientzian? Zer ari gara gaizki egiten hezkuntzan, oraindik ere, emakumeek letrekin eta zaintzarekin loturiko ikasketak lehenesteko joera dutela, ikasketa teknikoagoak gizonezkoen esku utziz?

Tristea iruditu zait eta kezkagarria. Mundua irauli nahi dugu, baina ez diogu zezenari adarretatik heltzen. Eta horrela noiz arte?

Dena dela pozik egoteko motiborik ere bada, gaur eliza bat bi orduz okupatzea lortu baitugu mundu hobe bat nahi dugunok eta hori ez da zernahi gauza.

Eta zu zer zara letretakoa ala zientzietakoa?

Gabon!

2025/05/06

MAIATZAK 6 (pantailaldia)

Azken boladan izugarri pozik nenbilen nire blogak gero eta bisita gehiago zituela ikusita, merezi duen zerbait idazten ari naizela sinetsita. Baina halako egun batean, estatistiketan erreparatuta, gauza bitxi batez jabetu nintzen: egun hartako bisitak bederatzi minutuero errepikatzen zirela, periodikoki, mekanismo batek hala izateko programatuta egongo balitz bezala. Horrek errezeloa eman zidan eta sarean arakatzen hasi nintzen. BOT kontzeptua agertu zitzaidan, bilatzaileek, robotek alegia, orrialde desberdinetan egiten dituzten bisitak eta nire blogera ere iritsi dira ditxosozko horiek. Beraz, nire gozamena pikutara, jarraitzen dut hasierako irakurle kopuru berarekin, kasik zero.

Baina zero izan behar ez lukeena da euskararen kontsumoa eta erabilera sareetan eta multimedia guztietan. Horregatik, gaurtik hasita eta hilaren hamabosta bitartean, pantailaldia ekimena jarri da martxan, euskarazko ikus-entzunezko edukien kontsumoa eta ekoizpena sustatzeko eta erakundeak mugi arazteko ariketa kolektiboa.
Nik izena eman dut eta horretan ahaleginduko naiz, lortzea zaila dela onartzen dudan arren.

Eta zuk, nire ez irakurle, euskal ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohiturarik ba al duzu? Edo horretan saiatzen al zara? Eta euskal kultura, oro har?

Animo ba, euskaldunok nahikoa dugu ta epaitegietan ematen diguten egurrarekin. Eta, amaitzeko, zinemara joateko gomendio bat, Faisaien irla. Hau bai euskal zinema, ez galdu!

2025/05/05

MAIATZAK 5 (beldurra)

Beldur naiz


Nire muxuak 

eta ferekak 

oroitzen al dituzu 

inoiz?


Gogoratzen al zara 

nire begiez 

eta nire begiradaz 

inoiz?


Nire ezpainak 

zure ezpainetan 

faltan al dituzu 

inoiz?


Nire ermamiak 

zure bularraldean 

sentitzen al dituzu 

inoiz?


Oroitzen al duzu 

nire ahotsa 

zure belarrietan 

xuxurlatzen 

oroitzen 

nire hatsa 

zure lepoa 

epeltzen? 


Beldur naiz bai 

zure ahanzturaren beldur

2025/05/04

MAIATZAK 4 (enteratzen ez direnak)

Esaten da 

ezertaz jabetu 

ez zirenak 

inozoak zirela


Ez da horrela: 

garai hartan 

oso praktikoa zen 

ezertaz ez jabetzea


Eta apur bat beranduago 

oso zentzuzkoa zen 

ezertaz ez jabetu 

izana


Soilik ergelek 

edo zoroek 

nahi dute 

dena jakitea


Eta askori 

bizitza joan zitzaion 

ezagutzaren 

bilaketa horretan


Horregatik orain 

faltan botatzen ditugu 

mingoskiago 

ergel eta ero horiek


(Eric Frieden poema baten itzulpena)

2025/05/03

MAIATZAK 3 (arrakastaz)

Gaur, aspaldiko partez, idazle eskolako saio batera joan naiz: bi emakume idazle handi euren idazketa prozesuaren eta itzulpengintzaren inguruan.

Txiki txiki sentitu naiz, haien ondoan literatura kontuetan ez jakina naizela jabetuz. Euren jakintza mailara ez naiz inoiz helduko, hiru bizitza izanda ere, haiena hitzekiko, hizkuntzarekiko eta literaturarekiko benetako pasioa baita; bizitza osoa eskaini diote irakurketari eta idazketari, bizi ahal izateko beste lanbide batzuk izan dituzten arren. 

Burura etorri zaizkit beste hainbat idazle edo neure afizio hau ere. Inoiz arrakasta izatera heldu direnak edo helduko direnak, agian gaurko bi protagonistak baino gehiago, baina iruditzen zait inoiz ez direla hauen maila intelektualera helduko, inoiz ez. Eta kontua hori da, arrakastak, maiz, ez duela zerikusirik zure gaitasunaren balioarekin, une horretan dauden tendentziekin edo modekin baizik eta hori ez da oso bidezkoa, baina hala da. 

Gauza da batzuk arrakastaren bila igarotzen dutela bizitza, beste batzuk ordea euren pasioak muturreraino daramatzatela, horrek ordainetan ekarriko diena kontuan izan gabe. 

Eta zu, zein multzotakoa zara? 

Gabon!



2025/05/02

MAIATZAK 2 (zure zain)


Nora begiratzen duzu
inora begiratzen ez duzula
jolastu bitartean?

Nor bilatzen duzu
inoren bila ez zabiltzala
diozun bitartean?

Zer ezkutatzen duzu
ezer ezkutatzen ez duzulako plantak
egin bitartean?

Bila nazazu
begira iezadazu
eta erakuts iezazkidazu
beldurrik gabe
zure nahi, desio eta minak
hemen bainaiz
zure zain

2025/05/01

MAIATZAK 1 (burua galdu)

Zure burua ikusi eta
bihotza azkartu zait

jendartean bilatu zaitut
zure pausuak jarraituz
gure begiradek ez dute
topo egin ordea
eta etxera itzuli naiz
beti bezala bakarrik
baina zuganako gogoz
inoiz baino biziago
inoiz baino bortitzago
elkarrekin egoteko jaioak garela
erabat sinetsita

Zure burua ikusi
eta nirea galdu dut