2025/01/10

URTARRILAK 10 (hausnarketa)

Kasik hamalau urte igaro direnean Euskadi ta Askatasuna erakundeak armak behin betiko utzi zituenetik, nire galdera da zein zentzu daukan, oraindik ere, erakundeko balizko militanteak preso edukitzea. Eta gauza da garaiak aldatu direla, zentzu guztietan.

Ez naiz politologoa ez eta historiagilea, beraz, ez naiz analisi sakonak egiten hasiko. Bakarrik dakit frankismo garaian, eta ondoren etorri zen trantsizioan, errepresioa basatia izan zela mugaz alde honetan. Neuk izan dut aukera nire herrian ikusteko umea nintzenetik. Eta horren aurrean, gazte askok armen bidea hartzea erabaki zuten, nahiz politikarena hartuta emaitza, gehienetan, berdina zen. Beste garai batzuk ziren, beste kontestu historiko bat, beste gizarte mota bat, beste dena.

Konflikto armatua gehiegi luzatu zen batzuen aburuz. Ni ez naiz baloraziotan sartuko. Bakarrik dakit ETAk armak utzi zituela aspaldi, ezker abertzalearen aldetik beste hautu politiko bat hartu zela, baina presoen afera gehiegi luzatzen ari dela.
Nola eraikiko dugu jendarte berri bat, denon artean adostutakoa, batzuei askatasuna ukatzen jarraitzen dugun bitartean?

Euren zorra, baldin badute, uste dut ederki kitatuta daukatela. Badute garaia gure artean izateko, euren aportazioa beste modu batean egin ahal izateko. Ene ustez, oraindik preso gehiegi ditugu, gehienak Euskal Herrian, zorionez, baina bada garaia etxera bueltatu daitezen, denak, behin betiko. 

2025/01/09

URTARRILAK 9 (erantzunak)

 

125, 18 emakume eta 107 gizonezko

4 izan ezik Euskal Herrian

Aspalditik

Hautu politiko bat egin zutelako

Hori jakin nahiko genuke

2025/01/07

URTARRILAK 7 (jostailuekin jolasteko eguna)

Umea nintzenean oso etxe gutxitara heltzen zen Olentzero opariak ekartzera. Orduan ekialdeko erregeak etortzen ziren gurera, eta jostailuekin jolasteko astirik izateko urtarrilaren zazpian jai izaten genuen, gabonetako oporrak egun bat gehiago luzatuz.

Pentsatzen nuen ohitura hori jada galduta zegoela, baina hara non ikusi dudan bizilaguna baloiarekin kalera irteten. Gaur oraindik jai zuela esan dit, pozik. Beraz, ez ditugu errege magoak Olentzerorekin ordezkatu, orain biak ditugu, kontsumismoaren gailurra inondik ere, umeei opariak bitan eginez. Horretan datzalako gure gizarte moderno hau, kontsumoan, etengabeko kontsumo batean, behar ez eta apenas erabiliko ditugun gauzak erostean.

Eta gaiez aldatuz, etb2ko nire aurkezle kuttunenak, Africak alegia, esan du euskal dantzak ikasteko aukera izango dugula online hemendik aurrera, Arin-erina esaterako. Bai hala esan du, iaz Olentzero eta Mari Dominguín esan zuen modu berean. Zeren euskal katean daramatzan urteak eramanda ere, oraindik ez da gai euskal hitz bat zuzen esateko, ziurrenik, inolako interesik ez duelako.

Eta odola gaiztotu aurretik, hemen utziko zaituztet Gary Cooper guapo bati begiratuz, Frank Capraren filme batean.

Aste on!

2025/01/06

URTARRILAK 6 (bigarren hiruhilekoa)

Nahiz eta opor jarrai batzuetan bizi naizen oporrak amaitzeko desiratzen ari naiz, errutinetara bueltatzeko, neure buruari obligazio batzuk ezartzeko helburuarekin, bizitzari fundamentuzko etekina ateratzen diodala sentitzeko. Igual fundamentuzkoa baino etekin ordenatua da termino egokiagoa, ez edukitzeko egunero esnatzerakoan -eta gaur zer- galdera nire gogoan etengabe. Etxean nagoen bitartean, bidaiatu gabe esan nahi da, izango ditut pilates saioak, literatur tailer eta solasaldiak, data eta ordu jakinetan, eta horrek nire egunerokoari nolabaiteko ordena ezarriko dio, baita ezinbestean egin beharreko atazak ere.

Eta gauza da nire sabatikoaren bigarren hiruhilekoari emango diodala hasiera, eta, horrekin batera, hurrengo planak antolatzen denbora inbertitzen hasi beharko nukeela; baina, egia esateko, galbana apur bat daukat, agian aurretik datorkidana bertigoa sorrarazten didalako. Horregatik, aurre egite hori atzeratzen saiatzen ari naiz, ahalik eta gehien. Izan behar dena izan dadila, kito.

Baina, beste behin ere, atzeratze hori beldur-seinale bat da. Berriz ere kikiltzen hasia naiz, aurreko abenturen aurretik sentitu naizen modu berean. Agian orain gehiago, erronkaren tamaina handiagoa dela sentitzen dudalako. Eta gaur urtarrilak seia, biharko eguna heltzeko gogoz naiz, hemendik eta otsaila bitartean egin beharreko guztiak zerrendatu, ordenatu eta egiten hasteko behingo batez, atzerapen gehiagorik gabe.

Astelehena izan arren, gaur igande tonto moduko bat suertatzen ari da eguna, etxean sartuta, kozinatu, garbitu, irakurri, telebista ikusi eta pentsatu, gehiegi pentsatu gauza onerako, bihar lanera joan beharko banu bezala, erdi deprimiturik. Beraz, amaitu daitezela behingoz ditxosozko gabonak eta ekin diezaiedan datozen hilabeteei merezi duten moduan, ametsez eta ilusioz beterik, orain arte aritu naizen moduan, nahiz eta ez dudan erroskorik jateko plazerik izan!

Eta zuk irakurle, gaur erroskorik jan al duzu? Ala ia egunero janda ez duzu horren beharrik? Edozein modutan, egun hauetako gehiegikerien ondoren, ondo ekin urte berriari.

2025/01/05

URTARRILAK 5 (ospitalean)

Gaur eguna ospitalean pasatzea egokitu zait. Ez, ni ez naiz ingresaturik dagoena, senitarteko batekin egon naiz.

Tristeak dira ospitaleak. Bero handia egiten du, konpainia egitera joaten zara, baina konpainia arraroa da, gaixoaren arabera ez baituzu ia hitz egiten; irakurri nahi duzu, baina gaixoari begira pasatzen duzu denbora, zerbait behar ote duen. Lasaitzen zarenerako aldamenekoak eztula egiten du, edota erizaina sartzen da medikazioa ekartzera, edo tentsioa neurtzera etortzen dira laguntzaileak, edota merienda ekartzen diete gaixoei. Eta horrela liburua poltsatik atera ere ez duzu egiten.

Horrelakoetan orduak oso luzeak egiten zaizkizu, baina, era berean, eguna joaten zaizu, besterik egin gabe azkar, zein aspertuta egon zaren konturatu gabe, norbait zaintzen ari zarenean asperdurarako tartea bigarren plano batera pasatzen delako, garrantzia duena bestea ahalik eta ondoen egotea delako.

Ba horrela joan zait igandea, garai batean bezala parranda gustura egingo nukeela, baina norekin egin ez daukadala pentsatu gabe. Ospitaletik irtetean pena eman dit gaixoa han ohean uztea, bakarrik. Nire burua imajinatu dut urte batzuen buruan bere tokian, eta pentsatu dut zorionekoa izango naizela norbait joaten bazait ospitalera nire loarina zaintzera.

 

2025/01/04

Urtarrilak 4 (badatoz erregeak)

Bai badakit oraindik bi egun falta direla, baina atzo jada telebistan agertu ziren, euskal hainbat hiriburutan zein egunetan egongo diren azalduz. Bitxia izan zen, teleberrin ikusi nituen eguerdian eta, Olentzerok ez bezala (aipatu gabe neukan orain gaztelaniaz egiten duela etb2rentzat, ume guztiek ederki ikus eta entzun dezaten), ekialdetik etorritako errege magoek euskara egiten baitzuten. Agian baten batek informatiboetako arduradunei errieta egin die tamainako zentzugabekeria egiteagatik aurretik, auskalo.

Beno, ba erregeak direla eta, kontua da erregina bati buruzko seriea eransten ari naizela, Mediciko Catalinari buruzkoa hain zuzen ere, The Serpent Queen, asko gustatzen ari zaidana bide batez.
Badakit fikzioa dela, baina egiatik zerbait izango du noski, eta izugarria iruditzen zait gizakiok, boterearen izenean, edota bizirauteko, egiteko prest gauden guztia.
Ba seriean pertsonaia horren bizitza kontatzen da, berea eta bere ingurukoena. Haluzinagarria da zein maltzurkeria arnasten den alde guztietatik kasik. Inbidiak, zeloak, traizioak, konplotak, horretan oinarritu baitzen Europako boterea urte askotan. Hala ere, gizartearen parte handi batek, ez agian Euskal Herrian baina bai beste herrialde askotan, jarraitzen du monarkia bezalako instituzioa defendatzen.

Ta halakoak ikusita, burura hainbat galdera datozkit ezinbestean. Pertsonek berezkoa dugu sen maltzur hori, ala heziketak, inguruneak, jendarteak bultzatzen gaitu beste batzuen kontra bortizki egitera? Noiz ikasi genuen beste pertsona baten bizitzak ez duela baliorik? Noiz ikasi genuen emakumeak gutxiago zirela eta haiekin nahi dena egin daitekeela? Nondik atera genituen halako uste ustelak? Zergatik hogeita batgarren mendean jarraitu behar dugu emakumeen aurkako bortizkeria salatzen?  Zergatik bukatu behar du gazte batek labankadez josita hilotz parranda baten ostean? Noiz galdu zuen burua gizakiak?

Lasai, ez naiz dramatika jarriko, jakin badakit jende gehiena ona dela, baina beste hori ere existitzen da, ta denon ardura da halako portaerak neutralizatzea eta baztertzea. Horra erregeei eskatzeko desio bat.
Eta zuek zer zarete Olentzerokoak ala Errege Magoetakoak?

Asteburu on!

2025/01/03

URTARRILAK 3 (oi ama Euskal Herri)

Ez naiz Benitoz ariko ez, izenburuak kontrakoa adierazi dizun arren, baina bai Euskal Herriaz, bere etorkizunaz, denon artean egiten ari garenaz, poliki, poliki, kontzienteki ala inkontzienteki, nahita ala nahi gabe, kasu askotan ohargabean.

Bi gai aipatu nahi nituzke. Lehena atzo etorri zitzaidan gogora, nire unibertsitateko apunteak topatu nituenean. Esan bezala, karrera osoan, hiru arlo besterik ez nuen euskaraz ikasteko aukerarik izan. Hiru hogeita seitik, Euskal Herriko Unibertsitatea deitzen den horretan. Bai fisika zen, zientzia zehatzetan zailagoa zen irakasle euskaldunak topatzea, eta garai hartan institutuan euskal talde bakarra zegoen batxilergoko maila bakoitzeko. Baina guk horren alde egin genuen, gure hizkuntzan dena egin daitekeela sinisten genuelako eta horretan jarraitzen dugu. Oraindik harritzen naiz estatuko beste herrietako jendeak galdetzen didanean ea fisika euskaraz irakasten dudan. Noski baietz, Gironan katalanez irakasten duten modu berean.

Ba noan harira. Jende askoren borrokari eta ahaleginari esker, lortu da gure unibertsitateetan, mugaz alde honetakoetan ari naiz, gradu gehienak euskara hutsean ikasi ahal izatea.

Ba lehengoan, oso gertuko dudan pertsona batekin berriketan, esan zidan gradua gaztelaniaz ikasten ari zela, bere unibertsitateko lagun guztiak gaztelaniako klasean zeudelako. Tristezia izugarri batek harrapatu ninduen, bera bezalako gazte euskalduna, hizkuntza-maila izugarria duena, zer eta gaztelaniaz ikasten. Ta burura etorri zitzaidan hurrengoa: berak eta  enparauek ez badute euskaraz ikasten, nork egingo du? Azken hogei urteetan egindako aurrerapena, ostera ere atzeraka? Batzuen esfortzuari esker lorturikoa bi egunetan pikutara?

Bigarren gaia aurrekoan ere aipatu nuen euskal selekzioaren kontu hori da. Badakit etsaiak besterik ez ditudala lortuko nire hausnarketarekin, baina ez badut botatzen barruak jango nau. Beti izan naiz kritiko trantsizioarekin saldu eta ezarri ziguten autonomien estatu honekin. Gol bat sartu ziguten, eta oraindik ez dugu burua altxatu. Euskal Herriko zatiketa areagotzeko estrategia bikaina izan zen, eta selekzioen kontu horrek horretan sakontzea lortuko duela iruditzen zait.

Euskadiko selekzioak Euskal autonomi erkidegoko kirolariak hartuko baditu soilik, Nafarroakoak eta Ipar Euskal Herrikoak kanpoan utzita, zer eta nor errepresentatzen du? Mundialean Euskadiko pilotariak Espainiako nafarren kontra ari badira, geuk geurea esango dugu, Nafarroakoek ez badute Euskadikoarekin jokatzeko aukerarik izan? Ez al du egoera horrek independentiston nahian eragin negatiborik izango? Non geratu dira zazpiak (ala seirak) bat moduko aldarrikapenak?

Uste dut zahartzen ari naizela, eta gure aiton-amonak treintaxeixeko batallitekin bezala hasia nagoela dagoeneko, baina etorkizun beltza dakusat gure herriarentzat. Eta zuek ondo? 

Egun ona izan dezazuela!

2025/01/02

URTARRILAK 2 (zaharrak berri)

Ba hemen jarraitzen dut nire trankazoa zainduz, inoiz baino beranduago jaikiz, datorrenari indarrez heldu ahal izateko.

Zorte apur batekin hamabost egun barru altzari berriak ekarriko dizkidate, eta ordurako etxeko garbiketa eginda behar dut. Beraz, duela hilabete hasitako lanari jarraitzeari ekin diot, zezenak harrapatu aurretik. Oraindik baditut bota ala gorde diren gauzak, liburuak, paperak.
Horretan nabilela karrerako bigarren mailako mekanikako apunteak agertu zaizkit. Liburuetako fotokopia azpimarratuak, nire iruzkin eta apunte propioekin tartekatua. Guztia bi tomo potolotan enkoadernaturik, txukun-txukun. Haluzinatuta geratu naiz. Badakit ikasle ona izan naizela beti, baina halakorik? Gaur egun nire mahaian izaten dudan desordena eta kaosa ikusirik, gezurra iruditzen zait haiek nireak izatea. Eta bai, badakit nireak direla, karrera ditxosozko hura gainditzeko ordu mordoa sartu bainuen, lan pila bat egin nuen, batzuetan emaitza eskasa izaten zen arren.

Eta konturatu naiz, beste behin ere, ni ikasle izateko jaio nintzela, horrelakoak egiteko: dakitenei entzun, apunteak hartu, garbira pasa. Bai ikasle ona naiz, gustatzen zait ikasle izatea, irakasle baino gehiago.
Horretaz jabetu nintzen Iralera joateko aukera izan nuenean hiruhileko batez duela bost urte, baita oposaketak prestatzen aritu nintzenean ere. Nire apunte propioak egin nituen, baita ariketak ere. Denbora arin joaten zitzaidan. Beste kontu bat da ikastea memorizatuz, errezoan bezala, “tipo lorito”. Hori gorroto dut, beti gorrotatu izan dut, eta memoria galtzen noan heinean, are eta desatseginagoa egiten zait.  

Baina gauza da, nola botako dut nire urte haietako lan eskerga? Momentuz, eta jubilaziora heldu bitartean, guztia mantenduko dut, agian lanerako beharko dut inoiz. Ez al zaizue iruditzen? Gainera, arlo hori, zehazki, karrera osoan euskaraz ikasi ahal izan nuen hiruetako bat da. Hau da, apunteak euskara hutsean daude. Beraz, erabakia hartua dago. Hurrengo garbiketa batera arte, gutxienez, totxo horiek nirekin geratuko dira, hautsa hartuz besterik ez bada.

Eta zuek, ondo hasi duzue urtea? Kolekzioren bat egiten hasiko zarete? Edo gimnasioren batera apuntatu? Edo dieta berezirik jarraituko duzue udaran gorputz bikaina erakutsi asmoz?

Dena delakoarekin animo!

2025/01/01

URTARRILAK 1 (urte berri bat)


urte berri bat Bizitzeko

Amesten jarraitzeko

barrura eta kanpora Bidaiatzeko

Dantzatzeko eta Kantatzeko

Erortzeko eta ostera ere Jaikitzeko

Flirteatzeko eta Gozatzeko

Larrutan egiteko

Haserretzeko,

ondoren Adiskidetzeko

gauza berriak Ikasi eta zaharrak Desikasteko

ingurukoekin Partekatzeko

injustiziak Salatzeko

Isilik ez geratzeko

ozen Aldarrikatzeko

Borrokatzeko

urte berri bat Maitatzeko