Astebete pasatxo daramat oporretan.
Esan dezaket bizirik irten naizela Espainiako futbol selekzioak mundiala irabazteaz, hau da, apenas heldu zait horren inguruko berri, komentario eta plastadarik, ziurrenik informatiboak eta kate espainolak ikustea ekidin dudalako. Horren harira, aurreko igandean euskal selekzioen aldeko manifestazioan izan nintzen, eta bertan erabilitako lema batzuk ez nituela oso gogoko izan aitortu beharra daukat. Jendea independentziaren kausara erakartzeko besteak iraintzea ez zait biderik egokiena iruditzen, pribatuan nahi duguna esan dezakegu, baina publikoan mezuak zaintzen ikasi beharra dagoela pentsatzen dut. Nik ere esan dezaket puto futbol, baina manifako ehuneko laurogei eta hamabosta gutxienez haserretuko nuke. Baina gaia ez da hori. Gaia da nazioa garela aldarrikatzea, eta gure izenean lehiatzeko eskubidea izatea, inolako eragozpenik gabe. Baina tira, han egon nintzen hooliganen artean nahasturik konbentzimendu osoz.
Bestela, momentuz egun hauetan ez dut gauza handirik egin, ez bada hondartzara joan, mendi irteera batzuk egin, kontzerturen bat ikusi, zineman freskuraz gozatu, iratzargailurik gabe lo egin, gehiago irakurri, sofan etzanda orduak igaro. Hori da, oporrak. Bizitza sozialerako tarte gutxi oraingoz, bikoterik eta kuadrillarik ez izatearen ajeak eta ondorioak. Egia esan munduarekin haserre samar nabil eta nahiko asozial. Horrek ez dit on gehiegirik egiten, baina gero eta zailagoa egiten zait bidelagunak topatzea. Batzuetan zoritxarreko ni, besteetan aldiz zorioneko pentsatzen dut, hortik ikusten ditudan harremanak eta bizitzak ikusita. Baina tira, ez nadin ezkor jarri, oraindik nire zeta topatzeko itxaropena ez baitut galdu, horretarako gutxi falta zaidan arren.
Oporrez ari nintzen. Turista izatea tokatuko
zait aurrerago, baina oraingoz, esan bezala, oporrak etxean, herrian,
probintzian igarotzen ari naiz, gustura gainera. Eta zergak bertan ordaintzeak,
erlijiosoki esan dezadan, ematen dit dirua zertan inbertitu beharko litzatekeen
esateko eskubidea. Ba berrize, beste inoiz aipatu izan dudan gaiarekin
natorkizue: gure basoen eta mendi ibilbideen egoeraz.
Atzo hamahiru bat kilometroko ibilbide
bat egitera joan nintzen, markatutakoa, nire herrian. Beno herritik abiatuta,
gero hor ibili nintzen Nafarroa, Orereta, agian Donostiako mugetan, ez dakit oso
ondo. Bakar bakarrik ibili nintzen. Turismo zero, nik eskertzen dudan gauza,
baina aisialdirako eta kirolerako gune bezala markatuta egonik ze gutxiago
bidea garbi mantentzea baino. Ikusi behar dituzue nire hankak eta besoak gaur,
denak harramazkaz beterik. Ba hori, bidea zikin, iniztorra izugarri hazita,
eskerrak dena lehor dagoen, euriarekin handik pasatzerik ez baitzen egongo,
sasiak nonahi, lotsagarri samar. Instituzioek diru gehiago gastatu beharko
lukete bertako turismoan, gure guneak, gure ibilbideak, gure basoak zainduz,
lana sortzeko beste modu bat litzateke gainera eta gure aisialdiaren kalitatean
eragingo lukete, gu gara azken finean hemen bizi, produzitu eta kontsumitzen
dugunak egunero, cheesecakik jan ez arren.
Eta aisialdiari lotuta, jazzaldian murgilduta gaudela, ez, atzo ez nintzen ETS ikusten egon, besteak beste gure politikoei ez zaielako okurritu horrelako egunetan gaueko autobus zerbitzuak jartzea probintziako kideoi. Hobe lukete hirurehun mila horietako parte bat herritarren mugikortasunean inbertitzea, guk ere aisialdi horretaz ganoraz disfrutatzeko aukera izateko. Baina aizue Donostia turistez lepo zegoen, dago. Zurriolatik buelta bat eman eta ez zegoen tokirik ezertarako. Egia esan planazo bat da, giro onarekin hondartzan kontzertuez gozatzea. Baina asteburura itxaron behar aldirietan bizi garenok.
Eta gaurko bero saparekin hemen nago itzaletan, pantaila aurrean hitz hauek izkiriatzen, ondoren zer egingo dudan erabakia atzeratzen ahal beste. Eta zu zertan zabiltza zeta maitea?
Gozatu oporrak, uda giroa edo dena delakoa.