Gaur hilak 15 nire oporretako lehen eguna.
Ze nezesidade hilaren batetik oporretan
egon nintekeenean hartzen ditudan erabakiak hartzeko, galdetzen diot neure
buruari; ze nezesidade besteen hanka sartzeak zuzentzen aritzeko, besteen lana gainbegiratzen
ibiltzeko, ze nezesidade. Ze nezesidade besteen lana antolatzeko, kritika
besterik ez dela etorriko jakinik.
Egun batean lankide batek -nahi
duzulako- esan zidan, zuzendaritza taldeetan egoteak dirua eta ospea ematen
duten karguak bailiran. Isildu egin nintzen, nahi dudalako ez, zuek ez duzuelako
nahi erantzuteko egon nintzen, konpromisoagatik esatekotan egon nintzen,
militantzian ibili garenok sinisten dugun horretan konpromisoak hartzeko joera
dugulako, tontoak garelako akaso, edo mundu hobe baten alde eragiteko modua
iruditzen zaigulako. Ez diogu ordutegiari begiratzen esateko hamarretan sartzen
garela eta ez garela lehenago etorriko, bestelako jarrerak izaten ditugu, lanaz
haratago zerbait ona egiten ari garelako ideiak bultzatuta, askorentzat gauzak
gaizki egiten ari izanaren ordaina jaso arren.
Edozein kasutan, nezesidade ez, baina
hemen nago eta gaur hartu ditut oporrak. Eta gaur hasi da nire urteroko noraeza,
nire burua, gogoa eta errealitatea guztiz kokatu arte.
Zer egin? Mendira joan, hondartzara?
Norbaitekin plana egiteko aukera? Telefonoa hartu eta baten bati deitu? Edo
beti bezala bakardadeari aurre egin naturan galdurik? Baina azken garaietako
bero sapa honek ez du asko laguntzen. Hainbat plan egiteko gogoa guztiz
ezerezten dit, eta hemen nabil denborari aurre hartu nahi baina ezinean.
Gainera, aurten disgustuak besterik eman ez dizkidan furgonetarik gabe nago eta
horrek aukerak mugatzen dizkit. Ea ostiralerako lixto dudan.
Baditut planak abuzturako, baina ordura arteko bi asteak oso luze egingo zaizkidalakoan nago, ez badut munduari begiratzeko nire modua aldatzen bederen. Damu naiz uda osorako oporrak hartu ez izanaz, alde batetik; bestetik, lagunekin egiten ditudan planak beharrezko ditut nire gogoa bizirik eta alai mantentzeko. Aitzitik, ezer egin gabe egoten ikasi behar dut, askotan sentsazioa baitaukat beti zerbait egiten aritu behar izanaren gurpilak harrapatuta naukala, ez naizela gai besterik gabe liburu bat hartu eta etxean lasai egoteko, kanpoan dagoen giroari begiratu gabe.
Eta nire mundutik haratago futbola. Atzo Donostian ez dakit zenbat Espainiako kamiseta ikusi nituen. Gauean, etxean nengoela, golen ospakizunen oihuak heltzen zitzaizkidan auzoen etxeetatik, eta igandean, Donostian, pantaila erraldoia jarriko dute finalaren jarraipena egiteko. Ez da duela urte batzuk imajinatuko nukeen egoera, baina hori da bizi dugun errealitatea, beste batean sinisten dugunok ez badugu konpromisorik hartzen gauzak aldatzeko. Ze nezesidade gauzak aldatzeko, datorrena etsipenez onartu beharrean. Ze nezesidade.
Ba horixe lagunok, bakoitzak bere erabakiak bere konbikzioen baitan har ditzala.
Karmengo jai onak igaro ditzazuela!