2025/10/24

URRIAK 24 (oraindik)

Dena asmatuta dagoela diote

dena dastatuta

dena entzunda

dena ikusia

dena esanda

 

Gure artekoa, ordea, asmatzekoa da oraindik

Gure gorputzak elkar dastatzeko zain dira

Gure intziriak entzuteko

Elkarrekin ez gaituzte oraino ikusi

Eta oraindik ez dizut xuxurlatu zenbat maite zaitudan 

2025/10/19

URRIAK 19 (udazkena)

Udazkenean sartu gara.

Hego haizeak kulunkatzen ditu

haritzak, pagoak, pinuak

baita izenik gabeko zuhaitza guztiak

Epel hori sentituz noa bidean aurrera

Jurgi Ekizak dio itzulerarik gabe

bidaiak ez duela zentzurik

hausnarrean geratu naiz

Eta nahi gabe zure argazki bat ikusi dut

azken garaian ikusi zaitudanetan

zeneraman sudadera bera jantzita

oraindik udararen arrastoak gainean

bisaia beltzaran

eta ilea motz

ez dakit eder zauden ala ez

zure irudia oso lausoa baita nire gogoan

eta kantuak dioen moduan

oraindik ere tarteka maite… 

2025/10/10

URRIAK 10 (telekinesia)


Muxu emango nizuke
eta besarkada estu bat
nire ondoan bazina

Matala ferekatuko nizuke
akaso eskua
eta besoa
baita bizkarra ere
nire ondoan bazina

Urruti zaude ordea
zure itzalaren arrastorik
ez da hemen

Halere oparia bidaliko dizut
distantziara, birtuala
nire gogotik zurera
telekinesia bidez
nire hatz mamien oroitzapena
ailegatuko zaizun esperantzaz

2025/10/03

URRIAK 3 (lanera bueltatzearen ajeak)

Zertaz ari gara maitasunaz ari garenean? Halako zerbait zioen Carverren errelatoen liburu batek. Ni ez noa gaur maitasunaz hitz egitera, emateko maitasun asko eduki daukaten arren. Nire helburua bestelakoa da, pertsonek ditugun eta egunero adierazten ditugun kontraesan jasanezinak agerian jartzea besterik ez dut nahi. Horretarako hainbat galdera botako ditut, hausnarketa bultzatu nahian. Nirea, beste batean etorriko da.

Pozik bizi al zara soilik zure zilborrari begira?

Zure ingurua zilborrez beteta dagoela konturatu al zara inoiz?

Zuk egin nahi ez duzun lana, beste batek egiten duenean, bitan pentsatu gabe etengabe kritikatzea zilegia iruditzen al zaizu?

Ondorioak atera aurretik azterketa orokor bat egiten al duzu inoiz?

Zerbait eskatzen duzunean, besteak ere eskatzen ari direla, eta denentzat ez dagoenez, partekatzen ikasi beharra dagoela bururatu al zaizu inoiz?

Zurekin denbora inbertitzen ari naizen bitartean beste bati denbora kentzen ari naizela pentsatu al duzu inoiz?

Zuk zure ordutegia eta bizitza daukazun modu berean, beste batzuk gure bizitza eta ordutegiak baditugula kontutan hartu al duzu inoiz?

Horrela jarrai dezaket, luze.
Hilabete bat besterik ez da pasa, eta dagoeneko muturrak, liskarrak eta norberekoikeriak han eta hemen somatu ditut. Lanera ez noa lagunak egitera, proiektu batek funtziona dezan ahalegintzera baizik, eta horretarako zilbor guztiei begiratzea ezinbestekoa da, batzuetan batzuk nabarmenagoak izan arren.

Ez ditut ulertzen lankideen arteko errespetu-faltak, kasu ez egitea, beste alde batera begiratzea. Hezkuntzako lehen mailako lezioa da, eta geu ez bagara gai hori egiteko, zer erakutsi ahal diegu gure ikasleei?

Ostirala iritsi da, ordenagailua itzaltzera noa. Espero astelehena bestelakoa izatea.

Asteburu on!

Oharra: hau idatzi ostean, mendi buelta bat ematera joan naiz musika entzunez eta Puntu Takoma taldearen kantu batean esaldi hau:

"Azken finean, gizaki putak besterik ez gara, gure zilborren munduan"

2025/09/29

IRAILAK 29 (zinemaldia vs festival de san sebastian; euskal zinema vs cine vasco)

Larunbatean amaitu zen zinemaldia. Zinemazale amorratua naiz, astero joaten naiz zinemaz gozatzera saletara, filmak, pantaila handian, inolako distrakziorik gabe ikustea bezalakorik ez dagoela iruditzen baitzait.

Hogei bat urterekin hasi nintzen zinemaldira joaten. Programa erosi, aztertu, interesgarri begitantzen zitzaizkidan filmak aukeratu, sarrerak erosteko ilarak egin, aretoetan sartzeko ilarak egin, zuzendarien aurkezpenak eta tertuliak entzun tarteka… erritual bat zen niretzat, gozamenerako errituala.
Urteak aurrera joan ahala, eta eventitisak esponentzialki hazten joan diren heinean, nire zinemaldirako gogoa eta interesa esponentzialki ere txikitzen joan da. Iaz, esaterako, ez nuen filma bakarra ere ikusi zinemaldi osoan, eta egunak erabat libre izan nituen.
Aurten, Lillian Hellmanen atzera begirakoa interesgarri iruditu zitzaidan, eta sail horretako zazpi film ikusteko aprobetxatu dut, bestela pantaila handian sekula ikusiko ez nituenak.
Egia esan merezi izan du, baita gidoilariaren inguruan egin dituzten aurkezpenak entzutea ere, askotan ikusezin izan diren emakume zinegileen garrantzia balioan jartzeko, eta pertsonaia horren ibilbidea ulertzeko. Niretzat deskubrimendu bat izan da, filmetako batzuk telebistan ikusiak izanda ere.

Halere, nire gaurkoaren izenburuak ez du zerikusirik nire zaletasunarekin, hizkuntzarekin baizik.
Aurten komunikabide eta sare askotan azpimarratu da inoizko zinemaldirik emankorrena izan dela euskal zinemaren ikuspegitik. Urrezko maskorra, esaterako, euskal film batentzat joan dela, horrek izan dezakeen garrantzi guztiarekin. Eta hemen dator irekitzera noan meloia nolabait esatearren. Los Domingos filma EAEn ekoitzita egongo da ziurrenik, baina euskaletik gutxi duela esango nuke, vascotik izango du izan beharrekoa. Bere zuzendaria saria jasotzera igo zenean, bizkaitarra izanagatik ere, ez zuen hitz bat bera ere euskaraz esan; alta, eskerrak eman zizkion San Sebastianeko festivalari filma saritzeagatik.

Bitxia da gero, ekialde urrunetik eta beste atzerrietatik datozen zinegileak gure hizkuntzan hitz batzuk esaten saiatzen diren bitartean, bertako batzuk ez dute gure kulturarekiko inolako begirunerik azaltzen. Zer dute horiek euskaletik, ekoiztetxea erkidegoan egon eta EITBko dirua jasotzeaz gain?
Berdina gertatzen da estatuko zinema munduko jende gehienarekin. Grazia egin zidan Guerinek, apatrida zela esan, baina diskurtso osoa bere patriako hizkuntza nazionalean egin zuenean. Ez luke ba apatrida batek hizkuntza eta kultura gutxituen aldeko bestelako jarrera bat agertu beharko?

Haserretu egiten naiz gauzei bere izena ematen ez zaielako. Maspalomas eta Karmele, aipatuenak izendatze aldera, euskal zinema dira. Los Domingos bezelako produkzioak, ordea,  beste zerbait. Horregatik ez diet balio zinematografikorik kendu nahi, besterik gabe adierazi nahi dut euskaletik gutxi dutela, erderetatik eta erderetarako eginak baitaude.

Noiz hasiko gara gauzak behar bezala izendatzen?

Bide batez, aprobetxatu nahi dut jada ikusi dudan Maspalomas filma gomendatzeko. Gogorra eta aldi berean goxoa, sentsibilitate handiz eginda, euskal gizartean ezkutuan mantendu den gaia azaleratzen du. Filma elebiduna izanagatik, hizkuntzaren trataera bikaina du, nire uste apalean, gure diglosiaren isla. Etzazue galdu!

2025/09/27

IRAILAK 27 (50 urte)

Gaurkoan, aspaldi idatzitako eta iaz birmoldatutako testua ekarriko dut berriz ere hona. Nire kontzientzia politikoan giltzarri izan zelakoan bainago, naizenean eta pentsatzen dudanean eragin zuelako ezbairik gabe, nire nia eraikitzen zerikusia izan zuelako eta memoriak laguntzen digulako etorkizuna birplanteatzen. Askatasun haizeak gero eta beharrezkoagoak diren garai hauetan, gora eusko gudariak⚘️💪💜🇰🇼


https://t.me/ebamarif/101

2025/09/23

IRAILAK 23 (ero gaixoa)

Galdu ninduzunetik arima alderrai baten antzera zabiltzala kontatu didate, alde batetik bestera, noraezean, bizitzeko arrazoiak faltan bazenitu bezala.
Egunez moilaren inguruan ikusi zaituzte, itsasoari begira, arrantzara irtendako itsasontziaren zain bazeunde lez, begirada galdua, ortzi-mugan iltzatuta.
Gauez kale ilun estuetako tabernetara sartzen ikusi zaituzte. Barran bermaturik egoten zarela diote, whiski botila alboan, bakarrizketan, tabernariak kaleratzen zaituen artean.
Gorputzak permititzen dizkizun pausuen baitan, eguna argitu aurretik  etxeratzen zara tarteka. Gehienetan, ordea, bidean geratzen den edozein bebarrutan esnatzen zara.

Norbaitek ostikoa eman didala esnatu naiz. Albora begiratu eta etxe pareko ezkaratzean nagoela konturatu naiz. Herriko aguazila da. Baduzu etxeratzeko garaia, bota dit gupidaz.
Orduan zure irudia etorri zait gogora, nigandik urrundu zinen unea. Ordu ezkeroztik ni naiz alderrai dabilena, whiskiak eta Orfidalek errealitatea desitxuratzen didaten bitartean.

Galdu zintudanetik alde batetik bestera nabilela kontatu dizute, noraezean, ortzi-mugatik hurbiltzen ari den itsasontzi batean agertuko zaren esperantzaz. 

2025/09/20

IRAILAK 20 (zentzuak)

Usainei zaporea jarri 

zaporeei hitzak

hitzei soinuak 

soinuei irudiak 

irudiei usainak 

eta berriz hasiera buelta


Eta horrela sentitzen ditugu munduko gauza guztiak, gurpil amaigabe batean

2025/09/18

IRAILAK 18 (espazio bat norberarena)

Zenbat aldiz gertatu zaizu lepo dagoen taberna edo txosna bateko barran eskatzeko zain egon eta ikusezina sentitzen zarela? Ez da gustuko platera, zure ahotsa eta lekua egin nahia, baina inork kasurik ez egitea.
Imajinatzen ditut garai bateko dantzaldietan, Tilosetan esaterako, dantzara ateratzen ez zituzten emakumeen kasuak, ezdeusa sentituko ziren mutilekiko atrakzio eza somatzerakoan.

Kuadrillismoa da gure jendartean erlazionatzeko modua, bere on eta txar guztiarekin. Galdetu bestela atzerritik etorritakoei leku bat egiteko izaten duten zailtasunen inguruan. Baina ez hori bakarrik, egoera zehatz batzuetan bakarrik egotea ez egotearen parekoa da.

Aurrekoan kontzertuak izan ziren Easo Plazan Boga-Boga jaialdiaren harira. Ze plan hobeagorik iraileko estropadetako igande eguzkitsu baterako. Eguerdian abiatu nintzen harantz. Ordu haietan estropada zela, manifa zela, ez zen jende gehiegi bildu kontzertuak ikustera, eta lasai-lasai egon nintzen. Bazkal ostean, ordea, plaza lepo bete zen gaztez, baita ez hain gaztez ere. Bakarrik nengoenez ez nuen azalera handiegirik betetzen, nire motxilak eta nik neuk okupatzen genuena besterik ez, baina arratsalde  guztia igaro nuen pauso bat aurrera, beste bi atzera, hiru ezkerrera, lau eskumara, nire tokia bilatzen eta aldarrikatu nahian, nire inguruko bikote, kuadrilla edo lagun taldeak uneoro handitzen baitzihoazen inguruan zegoenari itsu, kasu honetan ni. Nire aire eremua desagertzen ikusten nuen aldi oro, mugitzea erabakitzen nuen arte. Agobiatu egin nintzen eta konturatu, pertsona bakarra ikusezina bihurtzen dela egoera horietan, toki bat ez balu bezala, espazio bitalerako eskubiderik ez balu bezala.

Etxerako autobusean horren inguruan aritu nintzen hausnarrean, espazio bitalaz, guztiok lasai egoteko daukagun eskubideaz, ikusgarri ala ikusezin izan.

2025/09/13

IRAILAK 13 (diotenez)

Diotenez, sagarrondoen emankortasuna bi urteroko kontua da. Hau da, urte batean uzta eskasa da, hurrengoan aberatsa. Aurtengoa bigarren horietakoa behar du, derrigor, Santa Barbarako sagarrondoek oker-oker baitituzte adarrak grabitatearen eraginez, fruituen pisuak lurrera bultzatzen ditu ohargabean, astindu baten beharra oihukatuz bezala.

Diotenez, adinarekin emakumeok sexuarekiko desioa eta grina galtzen dugu, lehortu egiten omen gara, mahaspasa baten antzera.
Diotenez ere, bibragailua bezalako jostailu sexualak oso onuragarriak dira aspektu askotan. Besteak beste, mahaspasen antzera geratutako emazteen lubrikazioa hobetzen omen dute eta, gainera, baginako ehunak indartu eta haien elastizitatea hobetu, hain ohikoak begitantzen zaizkigun txiza ezin aguantatzearen arazoak ekidinez.  

Diotenez, Ane fase horretan sartu da, baina ez da lehortu oraindaino, ez du lehortzeko inolako asmorik eta sexurako grina bizi bizirik dauka.
Ostirala da, Ane lehertuta heldu da lanetik eta erlaxatzeko beharra sentitu du. Eta zer bide egokiago bere gorputzaz gozatzea baino? Bere osasunaz eta bizitza sexualaz kezkaturik, eman aholku guztiak jarraitzen ditu Anek txintxo-txintxo. Beraz, bibragailua erabili du bere saiorako. Amaitutakoan garbitu eta bere zorroan bildurik mesanotxean utzi du, baina ez da ohartu martxan geratu dela, mesanotxeko zura zulatu nahiko balu moduan. Jantzi eta etxetik alde egin du lagunekin plana baitu berandu arte.

Gaueko hamaikak aldera bizilagunen uatsap taldean mezu arraro bat irakurri du: arratsalde guztian motor moduko baten soinua entzuten dela eta bere azpiko bizilagunei loa eragozten ari zaiela. Ez dio jaramonik egin mezuari.

Ordu txikitan, etxera heldu denean, bere logelan motor baten hotsa sentitu du. Miatzen hasi eta irribarre maltzur batek irten dio nahigabean. Bibradorea hartu eta itzali egin du. Amaitu dira zaratak. Ez da damu azpikoei kalte egin izanagatik, edozein aitzakia kaskar kexatzeko baliatzen duen pipertutako familia baita, behingoagatik izorra daitezela. Eta horrela, pijama jantzi eta, diotenez, lasai-lasai hartu omen du lo Anek.