2011/01/01

urratsak

bidea urratsez urrats egin behar da,
estropotzu egin arren,
atseden hartzean atzera begiratzen badugu ere,
bidea beti aurrera doa
ibilitakoak ez du bueltarik, ez dago damurik
etorkizuna aurrerago dago!

2010/12/21

2010/12/18

Q de carbón para el consejero

Lehengo ostegunean Euskalitek aurten eman dituen kalitatezko Q-en ekitaldian izan nintzen. Lehenengo aldia zen horrelako ekitaldi batera joaten nintzena eta benetan aspergarria iruditu zitzaidan, baina tira hori beste kontu bat da.
Han zen beste batzuen artean Bernabe Unda industria eta berrikuntzarako kontseilaria edo "Consejero de industria e innovación" esan beharko nuke, zer gizon honek eman zigun kalitatearen lezioa itzela izan zen, ordezkatzen duen gizartearen islada adierazteko kalitatea zero baitu tipoak.
Bi hizkuntz ofizial dituen lurralde baten gobernuaren izenean zetorren, baina hizkuntza bakarra erabili zuen, (ez dut uste beharrezko denik adieraztea zein izan zen hizkuntza hori), jakinik han bildutako asko derrigorrezko hezkuntzan gabiltzan profesionalak ginela, gehienak, denak ez bada, euskaldunak.
Esateagatik ez zuen ezta gabon esan, atera kontuak. Benetan lotsagarria izan zen; txuleta txiki bat eramatea bazuen sarrera moduan, baina zertarako? Zeinek eskatuko dizkio kontuak honi? Zeinek baloratuko du bere kalitatea? Non dago euskaldunekiko errespetua hor? Non dago tolerantzia?
Badakit merezi duguna daukagula (bere garaian bestelako mugimenduak ez eginagatik ari naiz oro har), baina zer nazka ematen duten batzuk. Ea txoiloa laster bukatzen zaien eta gure hizkuntzak merezi duen tokia lortzen duen alor, esparru, eremu,... erakunde guztietan.

2010/12/12

Esfortzua

Zer nolako gizartea egiten ari gara?

Galdera hori maiz egiten diogu gure buruari, neuk behintzat bai, zer nola hezitzen ari gara geure umeak, dena eskatu bezain pronto esku tartean duten horiek?
Zerbait gaizki egiten ari garenaren sentsazioa dut, krisi garaian bizi bagara ere abundantziaren umeak dira azken belaunaldikoak.
Telebistan ikusten duten zaborra medio pentsatzen dute lanik gabe edozeinek edozer eduki eta lor dezakela, eta hori da euren helburua ere logikoa denez.
Horren harira eguneroko borroka da irakasleona ikasleei egunero apur bat egitearena aholkatzekoa, baina geure hitzek indar gutxi dute euren buruetan.
Azken asteetan irakurritako bi gauzatxo ekarri nahi ditut nire iritzien txoko honetara.

Lehena, Pedro Miguel Etxenike fisikariari Gara egunkarian egindako elkarrizketaren zatitxo bat:


G -Por cierto, ¿de niño despuntaba en la escuela?¿Sacaba buenas notas?
E - Muy buenas... Siento ser tan poético; ahora parece estar de moda haber sido mal estudiante...
Siempre he seguido una regla: nunca he estudiado mucho muchas horas, sino todos los días un poco.


Bigarrena Hik Hasik argitaratutako Joseba Sarrionaindiaren "idazlea zeu zara irakurtzen duzulako" liburuan aurki dezakegun honako ipuina:


galdera

Djeharen ipuin bat kontatuko dizuet1. Asto gainean heldu zen Djeha oasira, eskola emateko orduan. Asto gainean atzera begira zegoen ohitura zuen legez.

"Gauza bat esan behar dizuet", oihu egin zuen.

Umeak lezioaren zain zeuden eta jakin-minez inguratu zitzaizkion, Djeha asto gainetik jaitsi gabe geratu baitzen.

"Nahi duzue estudiatu gabe ikasi, egia zalantzarik gabe ezagutu, asmoak nekerik gabe bete eta beharrik egin gabe ondo bizi?"

"Bai!" oihu egin zuten umeek. "Bai!"

Eta eskolako atezainek ere baietz esan zuten, eta lasterka inguratu ziren auzokoek ere baietz:

"Bai! Bai! Bai!, ozena hedatu zen oasi inguruan.

"Oso ondo!" egin zuen Djehak aldarri. "Horixe besterik ez nuen jakin nahi!"

Arre esan zion astoari, inguraturiko jendetza ahoa zabalik utziz, bestelako irakaspenik eman gabe bazihoalako.

"Orain badakit zer nahi duzuen...", egiten zien agur Djehak oasiko umeei eta gainerako biztanleei basamorturantz zihoan astoaren gainetik. "Halako zerbait ikasten badut berehala itzuliko naiz eta kontatuko dizuet".




Eta hori da gaur ekarri nahi nuen irakaspena, lanik gabe, esfortzu gabe ez dago ezer, baina hobe egunero pixka bat egitea, pixkanaka ikasitakoak benetan barneratzen ditugulako.


1 Djeha, umore ipuinetako pertsonaia da herri musulmanetan.

2010/12/06

DESIOA

Zugan pentsatzen dudan bakoitzean alua urtu egiten zait. Zer nahi duzu bada, azkenekoz ikusi zintudanean bost minutu eskatzen ari zenitzaidan, zure haragi bero, tente, gogor, goxo hura ageri zenuela. Eta nik ezetz, joateko ordua zela, eta ordu ezkeroztik zenbatetan akordatu naizen zure hankarteko misilaz, eta bakoitzean flux!, kuleroak busti egiten zaizkit, eta aukera badut, moldatu egiten naiz bakarkako ariketa bat betetzeko, eta zin dagizut, nire kobazulotxoa inoiz imajinatu dudana baino zabalagoa eta sakonagoa dela.

Badirudi mila eta bat gaueko ali babaren koba, zure zakilaren aginduetara dagoen koba majikoa, zure tramankulua ikusi eta besterik gabe irekitzen dena, heze, zure gosez. “Etorri barrura, bero horrekin itto egingo zara eta, tori nire edabe majikoa”, esan eta zure misila Bushenak irakiarren kontrakoak baino zuzenago eta azkarrago, Zas! barrura. Hori bai ez du lehenean eztanda egiten, eta dantzan hasten zarete biak, atzera eta aurrera, FLOP, FLOP, FLOP, eta badirudi kobazuloa harrobi bat dela, harriak ateratzeko makina bertan duela eta denak hasten gara dantza batean, badirudi koba horretan akuifero bat dagoela senti daitekeen hezetasuna izugarria delako, flop, flop, flop, segi, segi, segi, AAAAAHHHHHHHHHHHHH!!!!!!!!

2005eko uztailean

2010/12/01

Negua, txuria, beltza

elurra, hotza, haizea
izarapean goxo goxo egoteko eguna
zure gorputz epela sentitzekoa
zure hitz goxoak entzutekoa
zure mingain hezea dastatzekoa
zure gerrira helduta egotekoa

elurra, hotza, haizea
kalera irten eta
zure eskutik helduta paseatzekoa
zurekin elur gerra egitekoa
ondoren sutondoan biluztu eta
manta batez babestuta besarkatuta egotekoa

elurra, hotza, haizea
mendira joan eta aire hotza arnastuz
bizirik gaudela sentitzekoa
bizitza ederra dela ohartzekoa
askotan paisaia txuri baino
beltza ikusten badugu ere

bai, negua gainean da
elurra, hotza, haizea,...

2010/11/29

EGUN TXARRA

Duela lau bat urte idatzitako pasadizoa!


EGUN TXARRA


Gaur, azkenaldian hain arrunt bilakatzen ari zaizkidan egun ahanzgarri horietako bat izan da, beno hobe esanda horrela hasi da, zeren amaierarako gauzak bere onera etorri baitira.
Esan dudanez gaurkoa egun beltza zen, iluna, ni neu hutsaren parekoa nintzen, puntu bat baino gutxiago gure unibertso zabalean. Nire bizitzak daraman norabidea neukan buruan eta ezin malkoak ekidin, isurtzen hasi dira, banaka, banaka, baina gelditu gabe. Nire inguruan dena zen ilun, ez nuen argi izpirik ikusten. Nirekin akordatuko diren pertsonak kontatzen hasi naiz, eta konbentzitua nengoen inork ez ninduela bere gogoan izango, ez une haietan behintzat, eta ni bakarrik, bihotza txikituta, ilusiorik gabe, negar malkoetan itotzen nire desgraziak, nire buruaz errukitzen, gero eta beherago, sakonago, ea behingoz hondoa ukitzen nuen.
Hala ere, adore apur bat hartuta, kirola egitera joatea erabaki dut, buruari atseden bat emateko asmoz, edo guztiz txoratzeko asmoz.
Igerilekura joan naiz, luze batzuk egin ditut (buruari eragiteari utzi gabe), ondoren ariketa batzuk egitera nindoanean nire aqua-gymeko taldekoekin, horietako bati zorabio bat eman dio. Esan dezadan emakumeak hirurogei urte inguru izango dituela honezkero,hala ere une horretan heriotza ikusi dut bere aurpegian, eta barkatuko didazue baina nire aurpegian irribarre bat irudikatu da, eta ez dezala inork pentsa haren zorigaitzaz alegeratu naizenik, ezta gutxiago ere, baina bere gaitzaren aurrean nire ditxosozko buruhauste, depresio edo dena zelako hori, huskeria iruditu zait eta berriro ere une batez bizipoza errekuperatu dut eta etxera bueltatu naiz nire terapiak benetan efektua izan duela, eta otu zait kasualitatez norbaitek joaten eta bueltatzen ikusi banau, harrituta geratuko zela, ze abiatu den neskak eta ordu eta erdira itzuli denak bi pertsona desberdin ziruditen.
Eta horrela amaitu zaizu eguna gaurkoz. Ohean ametsetan, irribarrea ezin kendu zeundela iruditu zaizu, baina hori beste kontu bat da, agian.

2010/11/27

sentimenduak

Lehengoan irakurri nuen badirela pertsona batzuk sentitzen duten guztia adierazi behar dutenak eta ez badute hori egiten gaizki sentitzen dira, izugarrizko antsietatea sortzen zaie, eta horrekin batera tristezia, depresioa, gaizki egona azken finean.
Lasaitu nintzen ze hainbeste urteren ondoren nire gaitzaren nondik norakoa errebelatu zidan.
Neu horietakoa bainaiz, eta egia esan, askotan oso gaizki pasatzen dut eta ez dut jakiten zergatik, ba hori da, momentuan sentitzen ari naizena esan beharra, adierazi beharra, nire barrua hustu beharra eta ezin dudanean izugarrizko korapiloa jartzen zait sabelean eta zulo batean jausten hasten naiz, amaierarik gabeko zulo beltzean.
Halere askotan hitz egin dut, adierazi naiz, ahal izan dudan moduan, ez beti erarik egokienean, eta horrek lasaitzearekin batera besteekiko gaizki egona sortu izan dit, ze askotan jendeak ez du ulertzen esaten ari zarena edo ez du kokatzen momentuan, ez du enpatizatzen zurekin ez dakielako zertara datorren hori bapatean, edo une horretan zure adierazpenak inkomodatu egiten ditu eta zurekiko halako erretxazo bat sortzen zaie.
Aurrekoan harremanik ez dudan pertsona batekin akordatu nintzen, berarekin hitz egiteko izugarrizko gogoa sentitu nuen eta nola banekien hori ez zela gertatuko mezu bat bidali nion hori adieraziz, besterik gabe, eta lasai geratu nintzen, oso lasai, gainera iruditzen zait danontzat polita dela norbait uneren batean gurekin oroitzen dela jakiteak, ze oroitzapen horiek normalez goxoak izaten dira, eta bizitzan apreziatzen gaituen jendea dagoela jakiteak, eta bereziki zuzenean adierazten digutenean autoestimua igotzen digu, pilak kargatzen dizkigu.
Ez dakit berak nola hartuko zuen, agian inkomodo sentitu zen, agian nire hitzetan ez zegoen irakurketa bat egin zuen, baina ez dakit, eta ez dut jakingo, ze batzuk dena adierazteko beharra daukagun modu berean beste batzuk badirudi ez dutela sentitzen, edo sentimenduak adieraztea debekatu egin zaiela jaiotzeko momentu beretik.
Mundua horrela doa, hitz goxoak irainekin ordeztu ditugu, laztanak hostiekin, baina neuk behintzat naizen modukoa izaten jarraitu nahi dut, jarraituko dut, ze batzuetan ez ulertua sentitzen banaiz ere, eta horrek izugarrizko mina ematen dit, badakit hori dela bidea!

2010/11/17

sarrionaindia

Durangoko azokan, Joseba Sarrionaindiaren saiakera berria eskuratzeko aukera izango dugula eta horren harira, "hau da ene ondasun guztia" diska-liburutik ateratako gustoko poema batzuk ekarri ditut hona.


PRESO EGON DENAREN GOGOA

Preso egon denaren gogoa
gartzelara itzultzen da beti.
Kalean juje, fiskal eta
abokatuekin gurutzatzen da
eta poliziek, identifikatu ez arren, 
beste inori baino gehiago
begiratzen diote, bere pausua 
sosegatua ez delako
edo sosegatuegia delako.
Bere bihotz barruan
Betirako kondenatu bat dago.



II. GALDERA

Presoa zelda bazterrean,
bakarrik mintzatzen bezala.
Baina ez, armiarma bati
galdetzen dio "Noiz arte?"
Armiarma, berehala, 
zintzilikatu eta haria
                     luzatzen jeisten da.
Eta badirudi hari luze hori dela
                       armiarmaren erantzuna.

gartzelako poemak 1980-1985

2010/10/27

Ainarari eskutitza

Aupa gaztia! Zer moduz zaude?
Nik ere a zer nolako galderak egiten ditudan, nola egongo zara bost egun estatu españoleko polizia nazionalen eskuetan inkomunikaturik egon eta gero, (ez dut pentsatu ere egin nahi zer jasan behar izan duzun) eta orain auskalo nongo espetxetan, batek daki zenbat denborarako... baina badakizu, eskutitzak hasteko modu bat besterik ez da.
Nik kontatuko dizut nola doakidan niri. Ba egia esateko ez naiz gaizki bizi, lan eta soldata duinak dauzkat, opor onak, zer gehiago eska dezaket nire kolkoari begiratzen badiot? Baina nire begiek, zorionez, haratago ikusten dute, eta dakusatena ez zaie batere gustatzen ze beti gertatzen da zerbait eguna zapuzten duena.
Lehengo ostiralean lanera nindoala estatu españoleko irrati bat entzuten, albiste laburpen moduko bat ematen hasi ziren eta azken polizia operazioaren berri izan nuen orduan, baina hasieratik notizia emateko erabilitako kalifikatiboek (culebras, serpientes, cachorros, halako zerbait, ezin ditut zuzen gogoratu... Eskerrak irrati progreetan progreena zela!) sutan jarri ninduten. Gero lanera heldu eta egia esateko ez nuen ezer inorekin komentatu, ohituta gaude horrelakoak bizitzera, eta azkenean ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen dugu. Arratsaldean jada etxean, lasaiago, interneten sartu eta zure izena irakurri nuen eta egia esango badizut ez ninduen sorpresaz harrapatu españolek darabilten estrategia ikusirik.
Zein da estrategia hori? Ez da oso azkarra izan behar jakiteko, lana egiten duen jendea paretik kentzea. Lana egin? Galdetuko du baten batek, ba bai, lana, lana gizartea aldatzeko, gazteen eskubideen alde, emakumeen eskubideen alde, ingurumena babesteko, herri honi dagozkion eskubideen alde; lana, eguneroko lana, talde lana, auzo lana, herri lana... Hori baita zuek eta zuen aurretik eraman dituzten ehunka gaztek egin duten delitua; antolatu gizartea eraldatzeko.
Badakizu ETAk ekintza armatuen etena iragarri zuenetik 35 lagun atxilotu dituela estatu españolak? Eta urtea hasi zenetik ustezko Segi-ko kide izateagatik 94 gazte atxilotu dituztela? Baina zer kontatuko dizut zuri, ederki dakizu hori guztia, eta bai, hori hemen, gure Euskal Herri txiki honetan Europaren erdian, XXI. mendean, estatu itxuraz bakezale eta demokratiko batean...
Eta bizitzak aurrera darrai normala balitz bezala. Ez, ezin dut gehiago, "ya no me callo", gure garaia heldu da, herritarrok ez baditugu gure eskubide zibil eta politikoak defendatzen, zeinek egingo du?
Herri hau beste eszenatoki batera eraman nahi badugu, bakoitzak gure esparrutik lanean hasi beharko dugu (batzuek jarraitu), isildu gabe, sukaldeko lana egiten, eta horretarako Ainara gehiago behar ditugu.
Egia esango badizut eta kursi geratzeko beldurrik gabe, oso harro sentitzen naiz zure ibilbidean une batez irakasle izanaz. Inor gutxietsi gabe nik zu bezalako ikasle gehiago nahi ditut eta Euskal Herriak oro har zu bezalako gazte gehiago behar ditu, eta hori ez da ondo gelditzeko, benetan sentitzen dudalako baizik.
Beno gaztia, amaitzera noa. Zauden ziegan zaudela muxu handi bat eta besarkada bero bat. Animo eta eutsi goiari garaipena geurea izango da eta!