2010/12/12

Esfortzua

Zer nolako gizartea egiten ari gara?

Galdera hori maiz egiten diogu gure buruari, neuk behintzat bai, zer nola hezitzen ari gara geure umeak, dena eskatu bezain pronto esku tartean duten horiek?
Zerbait gaizki egiten ari garenaren sentsazioa dut, krisi garaian bizi bagara ere abundantziaren umeak dira azken belaunaldikoak.
Telebistan ikusten duten zaborra medio pentsatzen dute lanik gabe edozeinek edozer eduki eta lor dezakela, eta hori da euren helburua ere logikoa denez.
Horren harira eguneroko borroka da irakasleona ikasleei egunero apur bat egitearena aholkatzekoa, baina geure hitzek indar gutxi dute euren buruetan.
Azken asteetan irakurritako bi gauzatxo ekarri nahi ditut nire iritzien txoko honetara.

Lehena, Pedro Miguel Etxenike fisikariari Gara egunkarian egindako elkarrizketaren zatitxo bat:


G -Por cierto, ¿de niño despuntaba en la escuela?¿Sacaba buenas notas?
E - Muy buenas... Siento ser tan poético; ahora parece estar de moda haber sido mal estudiante...
Siempre he seguido una regla: nunca he estudiado mucho muchas horas, sino todos los días un poco.


Bigarrena Hik Hasik argitaratutako Joseba Sarrionaindiaren "idazlea zeu zara irakurtzen duzulako" liburuan aurki dezakegun honako ipuina:


galdera

Djeharen ipuin bat kontatuko dizuet1. Asto gainean heldu zen Djeha oasira, eskola emateko orduan. Asto gainean atzera begira zegoen ohitura zuen legez.

"Gauza bat esan behar dizuet", oihu egin zuen.

Umeak lezioaren zain zeuden eta jakin-minez inguratu zitzaizkion, Djeha asto gainetik jaitsi gabe geratu baitzen.

"Nahi duzue estudiatu gabe ikasi, egia zalantzarik gabe ezagutu, asmoak nekerik gabe bete eta beharrik egin gabe ondo bizi?"

"Bai!" oihu egin zuten umeek. "Bai!"

Eta eskolako atezainek ere baietz esan zuten, eta lasterka inguratu ziren auzokoek ere baietz:

"Bai! Bai! Bai!, ozena hedatu zen oasi inguruan.

"Oso ondo!" egin zuen Djehak aldarri. "Horixe besterik ez nuen jakin nahi!"

Arre esan zion astoari, inguraturiko jendetza ahoa zabalik utziz, bestelako irakaspenik eman gabe bazihoalako.

"Orain badakit zer nahi duzuen...", egiten zien agur Djehak oasiko umeei eta gainerako biztanleei basamorturantz zihoan astoaren gainetik. "Halako zerbait ikasten badut berehala itzuliko naiz eta kontatuko dizuet".




Eta hori da gaur ekarri nahi nuen irakaspena, lanik gabe, esfortzu gabe ez dago ezer, baina hobe egunero pixka bat egitea, pixkanaka ikasitakoak benetan barneratzen ditugulako.


1 Djeha, umore ipuinetako pertsonaia da herri musulmanetan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina