2011/05/06

ostirala

Gaur ostirala da. 
Pozik egoteko nahiko motibo badauzkat; Bildu-ren legalizazioarekin esnatu gara, berri ona; ez dut klaserik izan eta goiza lasai lasai pasa dut, lanean baina presiorik gabe; aste honetan egin beharreko entrebistak eta haien erregistro guztiak eginak utzi ditut; zure autoa ikusi dut gidaria zu ez bazinan ere, eta gustatu egin zait; beste jarraitzaile bat dudala deskubritu dut; aste guztian ez dut zigarrorik erre; froga batzuk zuzentzeko baditut ere asteburu guztia aurretik daukat disfrutatzeko...
Halere ez dakit egiten duen bero sargoriarengatik ote den edo, baina malenkoniatsu nago. Gaur norbaitekin (ez edonorekin noski) afari txinatar bat, pelikularen bat, porrotxo bat eta ohea konpartituko nituzke, baina ez da horrelakorik gertatuko eta gaur bereziki pena daukat, barruan ditudan poza eta ilusio guztia eterra bezala desagertuko direlako. 
Tristea da gero, baina horrelakoak normalean ostiraletan gertatzen zaizkit. Zer egingo diogu? 
Bai, gaur ostirala da.

2011/05/02

berriak

Gaur goizean bi notizirekin esnatu gara. Bata Bin Ladenen hilketa, bestea Bilduren ilegalizazioa.
Itxura denez medio españoletan lehena izan da titular nagusia, zeintzuk eta bizitzarako eskubidea ozen eta beste edozerren gainetik aldarrikatzen duten horiek, pertsona baten (ez dut nik kalifikatiborik erabiliko) heriotza biolentoaz "pozten" eta demokraziaren izenean atentatu hori goraipatzen. Ez al dira konturatzen euren teilatura harrika ari direla, euren argudioak ezeztatzen ari direla? Horretarako ere motz?
Noski bestea oso ozen ematea ez zitzaien gehiegi interesatzen, ze neuronak minimoki konektaturik dauzkan edonork badaki bere burua demokratatzat duen estatu batek ezin duela enegarren aldiz alderdi, koalizio edo dena delakoa ilegalizatu eta herritarren multzo handi bat bere eskubide politiko eta zibilik gabe utzi, ondorioz notizia bigarren plano batean utzi dute, beste behin ere, hemen ezer gertatu ez balitz bezala.
Baina hemen, orain dagoen arazoa ez dira islamistak, hemen jokoan dagoena herri oso baten erabakitzeko eskubidea da, eta etsaiak badaki. Badaki euskaldunok lehenago edo beranduago hitza hartuko dugula, gure hautua egingo dugula eta beldur dira, montatu zuten txiringitoa desmantelatu egingo zaielako, dena pikutara joango zaielako.
Ez dakit zer gertatuko den ostegunean politika kontuetan ez bainaiz oso abila, baina herri honetan sortu den ilusioa, biltzen ari diren indarrak ez dute atzera bueltarik. Jarrai dezagun lanean, espainolek egin dezatela nahi dutena, argi dago etorkizuna gure esku dagoela. BILDU lanera!

2011/05/01

ixilik

ixilik zaude 
non da zure ahots laguna
ozenki mintzo zait gaur zure ixiltasuna
egiazko ipuinetan legez
zientzia liburuan ere 
ez da hain ozen
mintzo egia
hain nabarmen 
hain garden egia...

ruper dixit

itxaropena

agian su ta garren kontzertu baten egon naizelako:

ez dut galduko itxaropena
nahiz ta zu ez egon 
zuretzat naiz!!!!!!!!!

2011/04/28

selfportrait

Hemen idazten ditudanak niretik asko dute, gauza batzuk nire iritziak dira eta besteak nire errealitatea fikzio dosi batzuez lagunduta, batzuetan dena fikzio hutsa bada ere, baina gaur nire burua aurkeztera nator, barruak eskatu didalako, gogoa daukadalako, besterik gabe.
Ni emakumea naiz, euskalduna. Ikasketez fisikaria, ogibidez irakaslea eta tutorea, nerabeen tutorea. Nire eskuetatik pasa dira ehundaka gazte eta haiei nire irakaspenak ahalik eta hoben ematen ahalegindu naiz eta ahalegintzen jarraitzen dut, tarteka ikasleek pazientzia gutxi dudala esaten badidate ere.
Alaba naiz eta arreba, baita izeba ere. Ezkongabea naiz, heterosexuala,  eta uzten didatenean maitalea. Laguna naiz, nire lagunen laguna.  Mesfidatia naiz eta lotsatia, izugarri lotsatia. Ameslaria naiz, apasionatua, behatzaile inkontzientea, sorgin xamarra. Pertsona langilea naiz, arduratsua, diziplinatua eta aldamenekoari laguntzeko prest agertzen dena.
Jendearengan zintzotasuna, argitasuna, transparentzia eta koherentzia baloratzen ditut. Bekaizkeria eta faltsukeria ezin ditut jasan. Zorrotz xamarra naiz kontu batzuetan eta mala hostia "pittin" bat badut ere.
Kirolzalea naiz, baina bereziki mendizalea, parrandazale amorratua banaiz ere.
Melomanoa naiz, musika da gehien maite dudan afizioetako bat, baina zinemazale ere banaiz eta artezalea, bereziki argazkigintza dut maite.
Ideologikoki ezkertiarra naiz, anarka xamarra, punki xamarra, sistemak ezarritako legeak beti bete eta errespetatu baditut ere. Beti errespetatu dut hurkoa bere iritzien aurka egon arren.
Atea naiz, fededunak errespetatzen baditut ere; ekologista ere banaiz eta berdintasunaren aldekoa. 
Independentista naiz, internazionalista, bakezalea, justizian oinarritutako bakearen zalea eta gainera baketsua. Ez dut sekula harri bat ere inoren eta ezeren aurka jaurti.
Ez nuen aitona ezagutu faxistek fusilatu baitzuten Espainiako gerra zibilean, baina hala ere ez naiz mendeku zalea eta ez naiz batere herratsua.
Nire zergak beste edozein herritar baten moduan ordaintzen ditut eta gainera horren aldekoa naiz sistemak modu orekatuago batean funtziona dezan.
Duela urte batzuk Herri Batasuna zenaren lista batzuetan joan nintzen hauteskunde munizipal batzuetan eta herritarren bozkei esker aukeratua izan nintzen nire herriko zinegotzia izan nintzelarik.
Hortik aurrerakoak badakizkizue, ezingo nintzateke berriro aurkeztu nik nahi ditudan siglekin (hori balitz nire asmoa), birus bat dudalako, arin kutsatzen den horietakoa, beste hogeitahemeretzi mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi herritar euskaldunekin batera klik. Hori bai, nire dirua, zergetatik "herritar guztiengana" doan hori (aht-a finantziatzeko; eskolta, polizia, "biktimak" ordaintzeko; erraustegiak eraikitzeko; kartzelak eraikitzeko;...) ez dago kutsaturik, inork ez dit eskatu ez ordaintzeko gizartea kutsatzeko arriskuaren izenean!
Ahaztu lehen esandako guztiak, onak zein txarrak, zuen gustokoak eta baita gustatu ez zaizkizuenak ere, ni ez bainaiz hori guztia, ni ILEGALA naiz eta kitto!

2011/04/26

bilutsik

bilutsik ikusten nauzu
nik ordea ez dut zure itzala ere somatzen

orekaren izenean
egidazu seinale bat
emaidazu zure berri
esaidazu
zertan zabiltzan, non
nola iritsi zaren honeraino
edo zergatik

eta zergatik
zergatik bueltatzen zaren gauero
nire txokora
ez baitut ulertzen
zerk erakartzen zaituen
ez badidazu azaltzen

bai ni biluztu egin naiz
nahi dudalako
eskertuko nizuke
gutxienez
oin hutsik etorriko bazina

boikota

Duela hogei bat urte Kubara joan nintzen oporretan. Nire lehen bidai trasatlantikoa zen, eta gainera nora eta Kubara, ez dut esango paradisura gindoazenik, baina bai gizartea antolatzeko modu desberdina zuen toki batera, bere akats eta guzti, eta ideologia ezkertiarra duen batentzat hura paradigma moduko bat izan zitekeen.
Oroitzen naiz nola hegazkina hartu aurreko orduak pasatzeko prentsa española erosi genuen, ez naiz akordatzen país, mundo edo zer zen, kontua da bertan Mario Vargas Llosari elkarrizketa bat egiten ziotela. Esan beharra daukat ordu arte ez nuela sekula bere libururik irakurri, agian nire esku artera ez zelako alerik heldu. 
Elkarrizketa hartan nobel saridunak zur eta lur utzi ninduten iritzi politikoak botatzen zituen, (agian intelektual guztiei beti ikuspegi ezkertiarrago bat lotu izan diedalako, nire akatsa), kapitalismoaren eta neoliberalismoaren aldeko adierazpen sutsu eta bortitzak eginez. Elkarrizketa aurrera zihoan heinean bakarrizketan hasi nintzen, nire ahotik apoak eta sugeak irtetzen zirelarik. Ez nintzateke gai izango bere hitzak erreproduzitzeko (nire memoria ez da sekula onegia izan eta adinarekin kaxkartzen doa), baina erabiltzen zuen tonua grabatuta geratu zitzaidan. Egun hartan bertan bere libururik inoiz ez irakurtzea eta are gutxiago erostea erabaki nuen.
Jendeak esaten zidan gauza bat dela pertsona baten gaitasuna, kasu honetan literarioa, eta beste bat bere iritzi politikoa, baina ni kontu horietan zorrotz xamarra (zorrotzegia esatea ere ez legoke sobera) naiz. Nire horretan jarraitu dut eta denborak arrazoia (nire arrazoia) eman didalakoan nago.
Duela hiru urte intelektual "español" multzo batek, tartean Vargas Llosa peruarra, gaztelania defendatzeko manifestu bat sustatu zuen klik itxuraz estatu espainolean gaztelaniak hizkuntza minoritarioa izateko arriskua baitzuen. Nik orduan pentsatu nuen ea tipo horrek ez zuen gauza hobeagorik egiteko, berea ez den estatu batean bazterrak nahastea baino. Zein legitimidade dauka ba Perutik etorritako idazle batek estatuan zein hizkuntzetan ikasi behar den esateko? Ez da arrazakeria kontua, ez dagokion eremuan sartzea iruditzen zait, are gehiago bere sona kontuan izanik.
Igandean irakurri nuen azkena. Vargas Llosa jaunak, Ollanta Humalaren alde egingo omen du bozka "bere" herriko hautesundeetan, ez oso konbentziturik (tipoa Hugo Chavezen laguna omen da, orain bere diskurtsoa neurtu badu ere), Fujimoritarrak berriro boterera iritsi ez daitezen klok. 
Ez naiz ni Peruko hauteskundeetaz arituko, han gertatzen denaz deus ez baitakit, baina zein komodo hitz egiten duen nobel sariak Espainiatik (bai nazionalitate bikoitza dauka), "bere" herri pobrea aurrera atera dadin, bere auskalo zenbat metro koadroko etxeko egongelako sofatik. Sasikume halakoa, joan dadila Perura lanera, bere herria aurrera ateratzera hain kezkatuta badago. 
Popatik hartzera, kuadrikulatua naizela esango didate, baina nik jarraituko dut tipo honi boikota egiten.

2011/04/16

inkomunikazio

esaidazu gezur bat

faltan botatzen nauzula
nirekin akordatzen zarela
nire laztanak nahiko zenituzkela
nire ezpainak dastatu nahi dituzula
zure aldamenean nahi nauzula
egunez 
eta bereziki gauean 
ohean besarkaturik egoteko
gure azalak pegatuta sentitzeko
larrua jotzeko
elkarri begira hitzik esan gabe komunikatzeko
...
esaidazu gezur bat 
nahi baduzu
baina arren esaidazu zerbait

to be or not to be

zu zara
edo ez zara?
baina, ez bazara
nor zara?