2024/06/30

Hasiera Bat

Atzotik sekula bizi izan gabeko egoera batean aurkitzen naiz. Hamalau hilabete dauzkat aurretik, inolako ardurarik gabe, inolako erantzukizunik gabe, hamalau hilabete neure buruari eskaintzeko, edo besteenei, baina borondatez. 

Obligaziozko ordutegiak ez dira existituko hamalau hilabetez, ezta jai egunak, ezta oporraldiak ere. Egun guztiak igualak izango dira a priori, egun guztiak igualak ez izatea espero dudan arren. Iratzargailu gabeko egunak, aukera anitzak aurretik, baita beldur ugari eta bertigoa, izugarrizko bertigoa. 

Bertigoa jaiotzen garenetik okupatuta egotera bultzatzen gaituelako gizarteak, gutxienez langile klaseko mortaloi, eta ezer egin gabe egote horrekin halako ezinegona edukitzen irakatsi digutelako. Bertigoa askotan sentituko dudan bakardadeari. Finean bertigoa mundu honetan zer garen eta zertarako gauden galdetzen arituko naizelako etengabe. Bertigoa dauzkadan harremanak mantentzeko moduari, bertigoa sortu ahal zaizkidan harreman berriak kudeatzeari. 

Erraz esaten da. Ez naiz lehenengoa, ezta azkena izango ere egoera honetan dagoena, baina niretzat nire bizitzako egoera zailena datorkit aurretik, egun berri bakoitza erabaki bat izango delako, eta denok dakigu erabakiak hartzea zein zaila den. Askotan uzten ditugu gure erabakiak besteen esku, gauzak gaizki ateraz gero errua zeini bota edukitzeko edo. 

Gaur ekainak hogeita hamar ditu eta, bihartik, esan dezakegu oporraldi luze batean sartzen naizela hamalau hilabeterako. 

Hasiera ez dut ona izan, aurrekoa gaizki itxi izanaren sentsazioarekin amaitu baitut, triste, behar bezala despeditzeko aukerarik gabe, erdi gaixorik, akiturik, zerbait airean utzi izanaren mamuarekin. Hala beharko zuen, batek daki.

Bihartik aitzina erronka desberdinak aurretik. Horietako bat eguneroko moduko bat idaztea. Egunero zerbait idazteko obligazioa jarri diot neure buruari (ohhh langile klaseko mortal hoik), ideia bat, hausnarketa bat, sentsazio bat, egunean jandakoa edo poema bat, zer idatzi berdin dit. Izango da zerbait eklektikoa, baina izango da. Eta ahal badut publikoa egingo dut, nire uatsapeko egoeran, nire feizbukean, erabil ditzakedan sare sozialetan, uneko baldintzek permititzen didaten bitartean.  

Baten batek pentsa dezake ze nezesidade daukadan nire hori publiko egiteko, baina gure bizitzak, finean, publikoak dira, eta gure nahiak, beharrak eta minak unibertsalak. Nahiago dut neure berri nik neuk ematea, nahi duenak irakur dezan.  Idazten dugun guztiak beti du zera bat fikzionatua, errealitatean gertatutako zerbaitetik abiatzen garen arren, eta horrek barrenak hustutzeko parada eskaintzen digu. Gainera, pertsonak, izaki sozialak garen aldetik, ideia bat dugunean partekatzeko beharra daukagu, eta hori horretarako modu bat besterik ez da. 

Beraz, gaurtik aurrera hasiko da abentura berri hau. Espero egunerokoa osatzeko eta erronkari modu egokian aurre egiteko gai izatea. Badakit egun zailak igaroko ditudala, baina horiek anekdota hutsean geratzea dut esperantza. 

Ea honetatik osorik irtetzea lortzen dudan!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina