2011/04/26

boikota

Duela hogei bat urte Kubara joan nintzen oporretan. Nire lehen bidai trasatlantikoa zen, eta gainera nora eta Kubara, ez dut esango paradisura gindoazenik, baina bai gizartea antolatzeko modu desberdina zuen toki batera, bere akats eta guzti, eta ideologia ezkertiarra duen batentzat hura paradigma moduko bat izan zitekeen.
Oroitzen naiz nola hegazkina hartu aurreko orduak pasatzeko prentsa española erosi genuen, ez naiz akordatzen país, mundo edo zer zen, kontua da bertan Mario Vargas Llosari elkarrizketa bat egiten ziotela. Esan beharra daukat ordu arte ez nuela sekula bere libururik irakurri, agian nire esku artera ez zelako alerik heldu. 
Elkarrizketa hartan nobel saridunak zur eta lur utzi ninduten iritzi politikoak botatzen zituen, (agian intelektual guztiei beti ikuspegi ezkertiarrago bat lotu izan diedalako, nire akatsa), kapitalismoaren eta neoliberalismoaren aldeko adierazpen sutsu eta bortitzak eginez. Elkarrizketa aurrera zihoan heinean bakarrizketan hasi nintzen, nire ahotik apoak eta sugeak irtetzen zirelarik. Ez nintzateke gai izango bere hitzak erreproduzitzeko (nire memoria ez da sekula onegia izan eta adinarekin kaxkartzen doa), baina erabiltzen zuen tonua grabatuta geratu zitzaidan. Egun hartan bertan bere libururik inoiz ez irakurtzea eta are gutxiago erostea erabaki nuen.
Jendeak esaten zidan gauza bat dela pertsona baten gaitasuna, kasu honetan literarioa, eta beste bat bere iritzi politikoa, baina ni kontu horietan zorrotz xamarra (zorrotzegia esatea ere ez legoke sobera) naiz. Nire horretan jarraitu dut eta denborak arrazoia (nire arrazoia) eman didalakoan nago.
Duela hiru urte intelektual "español" multzo batek, tartean Vargas Llosa peruarra, gaztelania defendatzeko manifestu bat sustatu zuen klik itxuraz estatu espainolean gaztelaniak hizkuntza minoritarioa izateko arriskua baitzuen. Nik orduan pentsatu nuen ea tipo horrek ez zuen gauza hobeagorik egiteko, berea ez den estatu batean bazterrak nahastea baino. Zein legitimidade dauka ba Perutik etorritako idazle batek estatuan zein hizkuntzetan ikasi behar den esateko? Ez da arrazakeria kontua, ez dagokion eremuan sartzea iruditzen zait, are gehiago bere sona kontuan izanik.
Igandean irakurri nuen azkena. Vargas Llosa jaunak, Ollanta Humalaren alde egingo omen du bozka "bere" herriko hautesundeetan, ez oso konbentziturik (tipoa Hugo Chavezen laguna omen da, orain bere diskurtsoa neurtu badu ere), Fujimoritarrak berriro boterera iritsi ez daitezen klok. 
Ez naiz ni Peruko hauteskundeetaz arituko, han gertatzen denaz deus ez baitakit, baina zein komodo hitz egiten duen nobel sariak Espainiatik (bai nazionalitate bikoitza dauka), "bere" herri pobrea aurrera atera dadin, bere auskalo zenbat metro koadroko etxeko egongelako sofatik. Sasikume halakoa, joan dadila Perura lanera, bere herria aurrera ateratzera hain kezkatuta badago. 
Popatik hartzera, kuadrikulatua naizela esango didate, baina nik jarraituko dut tipo honi boikota egiten.

2011/04/16

inkomunikazio

esaidazu gezur bat

faltan botatzen nauzula
nirekin akordatzen zarela
nire laztanak nahiko zenituzkela
nire ezpainak dastatu nahi dituzula
zure aldamenean nahi nauzula
egunez 
eta bereziki gauean 
ohean besarkaturik egoteko
gure azalak pegatuta sentitzeko
larrua jotzeko
elkarri begira hitzik esan gabe komunikatzeko
...
esaidazu gezur bat 
nahi baduzu
baina arren esaidazu zerbait

to be or not to be

zu zara
edo ez zara?
baina, ez bazara
nor zara?

2011/04/11

indiferentzia

Bat gaztelaniaz, horrela irten zaidalako.



Las palabras duelen
los silencios más
el odio jode
la indiferencia mata
te hunde en la miseria
te hiere hasta lo más hondo
te hace sentirte una mierda
aunque qué más mierda
que ese gilipollas
que se cree más que tú
que quiere demostrarte
que no eres nada,
que no eres nadie
que no le importas
aunque en el fondo
desee que formes parte de su mierda
sólo por sentirse importante
por sentirse algo...
por sentirse alguien

2011/04/09

elektrizitatea


Askotan esaten da pertsona batzuen artean kimika dagoela. Ez dakit benetan erreakzio kimiko bereziak sortzen diren gure gorputzean horrelako egoeretan, baina egia da batzuekin edo batzuekiko sentitzen duzuna diferentea dela, bortitzagoa, sakonagoa, ez nuke hitz zehatz bat erabiliko sentimendu hori deskribatzeko.
Hori bikote, sexu, deitu nahi duzuen moduan, harremanetara eramanda gogorragoa bihurtzen da. Egia esan niri gertatzen zait, modu oso argian gainera.
Nire lagun batek esango lukeen moduan plazerkide asko izan dut, eta askorekin egia esan oso gustora egon izan naiz, baina gutxi batzuk sortarazi izan didate zirrara.
Kimika delakoa eskuko hatzekin konta ditzakedan apurrekin senti izan dut soilik.

Oroitzen naiz igande arratsalde batez. Taberna batean sartu eta han zeunden bakarrik, trago bat hartzen. Hitz gutxi batzuk gurutzatu genituen baina gero zurera jarraitu zenuen. Alde egiterakoan ez zenuen agurrik esan, zure eskuaz nire bizkar osoa zeharkatu zenuen eta atzera begiratuaz irrifar goxo bat zuzendu zenidan. Une horretan eman zidan zirrara ez dakit inoiz lehenago sentitu ote nuen. Zure atzetik korrika irtetzeko gogoa eman zidan, baina ez nuen egin, ez nuen ausardiarik izan zure erreakzioaren beldur nintzelako, zure ezezkoaren beldur. 
Egia esateko elkarrekin egon ginen apurretan gure artean ez kimika, txinpartak sortzen ziren gure larruak kontaktuan jartze soilarekin. Ez dakit zuk horrela sentitu ote zenuen, baina iruditzen zait erreakzio horiek bi gorputzen artekoak direla, ez bakar batenak.

Lagunek diote zorrotzegia naizela mutil kontuetan, eta bikoterik ez badut nahi dudalako dela. Bai, agian arrazoi dute beti kontrakoa esan badut ere, elektrizitatea bilatzen ari naiz, txinpartaz beteriko bizitza bizi nahi dudalako.

2011/04/06

kultura orokorra

Lehengoan mihiluze programa ikusten flipatuta geratu nintzen. Bikote gazte bat, oker ez banago unibertsitariak eta Goya zein zen ez zekiten. (pintorea, maja desnuda y vestida, Albako dukesa telebistan gaur bai eta bihar ere bai agertzen den hori, fusilamientos del dos de mayo, El prado, ...). Hurrengo egunean bikote bera, zientzia fikzioaren aitzindaria, Lurraren zentrora bidaia... arrastorik ez. Jules Verneri buruz ari ziren noski. 
Zer pentsatua eman zidan. Zer nolako heziketa ematen ari gara gure ondorengoei (incompetentes y además ignorantes)? Non geratzen da guk "kulturilla general" deitzen genuen hori? Agian nire amona treintaxeiseko gerrarekin bezalakoa bihurtzen ari naiz ni kontu horiekin, baina flipatu egiten dut. Titulitisaren garaia bizitzen ari gara, gazte asko dira gutxienez bi titulu unibertsitario dituztenak, baina denen maila horrelakoa bada... akabaramos!
Litekena da ni antigualekoa bihurtu izana, agian egun jakintzak ez du garrantziarik, agian facebooka erabiltzea eta boteloia ongi egiten jakitea nahikoak dira aurrera segitzeko, baina niri izugarrizko tristura sartzen zait.
Gure gurasoek (nireek behinik behin) ez zuten ikasteko aukera handirik izan eta guretzat ikastea, unibertsitatera joatea pribilegio bat izan zen, ez titulu bat eskuratzeagatik soilik. Literaturaz, musikaz, zineaz, zientziaz, politikaz jakitea, hitz egitea, gure adimena zabaltzea, gure ezagutza handitzea, aberastea, irakurriz, entzunez, ikusiz eta baita ikasiz ere, hori zen gu betetzen gintuena eta asko zekien baten batekin topo eginez gero hari entzuten egon gintezken orduak eta orduak.
Agian beste garai batzuk ziren, edo gu ginen arraroak eta lehengoan nik ikusi nuena normala da eta izan da beti. 
Ez dakit baina hori bada etorkizuna benetan diotsuet etzaidala batere gustatzen. Eta zalantzarik gabe nahiago dut titulurik gabeko pertsona jantzia, hamaika tituludun ergela baino, zaharkitua nagoela esaten badidate ere.

2011/04/04

esaldia

"aunque no quieres a quien te quiere
te duele cuando deja de quererte"

egia borobila, ez al zaizue inoiz gertatu?

2011/04/03

baldintza

poema bat idazten nizuke
zer esan izango banu
argazki bat ateratzen nizuke
argi egokirik balego
Ilargira eramanen zintuzket
espazio untzirik edukiko banu
zurekin eginen nuke amets
ametsetan ere
amets urrun bat besterik ez zara ordea

2011/03/30

Ezezagun ezkutuari

Ez zarena zarela imajinatu dudalako izango agian, baina zure jarraipena joku bat bihurtu da niretzat.
Duela hilabete pare bat edo, zure presentziaz ohartu nintzenetik egunero begiratu dut ea somatzen zaitudan, ea ikusten zaitudan, urruti, zauden lekuan zaudela, zu ikusi gabe.
Eta hor egon zara, ia egunero, ni zelatatzen, zure talaiatik, ohartu gabe seguruen nik ere zelatatzen zintudala. 
Horrela joan zaizkit azken asteak, zu topatzeko ilusioak ematen zidan indarrarekin, baina bada aste bete ez nauzula jarraitzen. Zure presentzia desagertu egin da bat-batean, agian aspertu zarelako, edo iada ez duzulako ni jarraitzeko beharrik sentitzen. Agian hamaika arrazoi medio ez duzulako aukerarik izan, edo besterik gabe azaldu zinen modu berean desagertu behar zenuelako. 
Edozein kasutan mila esker hor egoteagatik, aldartea alaitu baitidazu zure presentzia etereoaz. Ondo izan eta jakin ezazu ni toki berean topatuko nauzula, nahi baduzu, nire barruak horrela eskatzen didan bitartean behintzat.