2011/04/11

indiferentzia

Bat gaztelaniaz, horrela irten zaidalako.



Las palabras duelen
los silencios más
el odio jode
la indiferencia mata
te hunde en la miseria
te hiere hasta lo más hondo
te hace sentirte una mierda
aunque qué más mierda
que ese gilipollas
que se cree más que tú
que quiere demostrarte
que no eres nada,
que no eres nadie
que no le importas
aunque en el fondo
desee que formes parte de su mierda
sólo por sentirse importante
por sentirse algo...
por sentirse alguien

2011/04/09

elektrizitatea


Askotan esaten da pertsona batzuen artean kimika dagoela. Ez dakit benetan erreakzio kimiko bereziak sortzen diren gure gorputzean horrelako egoeretan, baina egia da batzuekin edo batzuekiko sentitzen duzuna diferentea dela, bortitzagoa, sakonagoa, ez nuke hitz zehatz bat erabiliko sentimendu hori deskribatzeko.
Hori bikote, sexu, deitu nahi duzuen moduan, harremanetara eramanda gogorragoa bihurtzen da. Egia esan niri gertatzen zait, modu oso argian gainera.
Nire lagun batek esango lukeen moduan plazerkide asko izan dut, eta askorekin egia esan oso gustora egon izan naiz, baina gutxi batzuk sortarazi izan didate zirrara.
Kimika delakoa eskuko hatzekin konta ditzakedan apurrekin senti izan dut soilik.

Oroitzen naiz igande arratsalde batez. Taberna batean sartu eta han zeunden bakarrik, trago bat hartzen. Hitz gutxi batzuk gurutzatu genituen baina gero zurera jarraitu zenuen. Alde egiterakoan ez zenuen agurrik esan, zure eskuaz nire bizkar osoa zeharkatu zenuen eta atzera begiratuaz irrifar goxo bat zuzendu zenidan. Une horretan eman zidan zirrara ez dakit inoiz lehenago sentitu ote nuen. Zure atzetik korrika irtetzeko gogoa eman zidan, baina ez nuen egin, ez nuen ausardiarik izan zure erreakzioaren beldur nintzelako, zure ezezkoaren beldur. 
Egia esateko elkarrekin egon ginen apurretan gure artean ez kimika, txinpartak sortzen ziren gure larruak kontaktuan jartze soilarekin. Ez dakit zuk horrela sentitu ote zenuen, baina iruditzen zait erreakzio horiek bi gorputzen artekoak direla, ez bakar batenak.

Lagunek diote zorrotzegia naizela mutil kontuetan, eta bikoterik ez badut nahi dudalako dela. Bai, agian arrazoi dute beti kontrakoa esan badut ere, elektrizitatea bilatzen ari naiz, txinpartaz beteriko bizitza bizi nahi dudalako.

2011/04/06

kultura orokorra

Lehengoan mihiluze programa ikusten flipatuta geratu nintzen. Bikote gazte bat, oker ez banago unibertsitariak eta Goya zein zen ez zekiten. (pintorea, maja desnuda y vestida, Albako dukesa telebistan gaur bai eta bihar ere bai agertzen den hori, fusilamientos del dos de mayo, El prado, ...). Hurrengo egunean bikote bera, zientzia fikzioaren aitzindaria, Lurraren zentrora bidaia... arrastorik ez. Jules Verneri buruz ari ziren noski. 
Zer pentsatua eman zidan. Zer nolako heziketa ematen ari gara gure ondorengoei (incompetentes y además ignorantes)? Non geratzen da guk "kulturilla general" deitzen genuen hori? Agian nire amona treintaxeiseko gerrarekin bezalakoa bihurtzen ari naiz ni kontu horiekin, baina flipatu egiten dut. Titulitisaren garaia bizitzen ari gara, gazte asko dira gutxienez bi titulu unibertsitario dituztenak, baina denen maila horrelakoa bada... akabaramos!
Litekena da ni antigualekoa bihurtu izana, agian egun jakintzak ez du garrantziarik, agian facebooka erabiltzea eta boteloia ongi egiten jakitea nahikoak dira aurrera segitzeko, baina niri izugarrizko tristura sartzen zait.
Gure gurasoek (nireek behinik behin) ez zuten ikasteko aukera handirik izan eta guretzat ikastea, unibertsitatera joatea pribilegio bat izan zen, ez titulu bat eskuratzeagatik soilik. Literaturaz, musikaz, zineaz, zientziaz, politikaz jakitea, hitz egitea, gure adimena zabaltzea, gure ezagutza handitzea, aberastea, irakurriz, entzunez, ikusiz eta baita ikasiz ere, hori zen gu betetzen gintuena eta asko zekien baten batekin topo eginez gero hari entzuten egon gintezken orduak eta orduak.
Agian beste garai batzuk ziren, edo gu ginen arraroak eta lehengoan nik ikusi nuena normala da eta izan da beti. 
Ez dakit baina hori bada etorkizuna benetan diotsuet etzaidala batere gustatzen. Eta zalantzarik gabe nahiago dut titulurik gabeko pertsona jantzia, hamaika tituludun ergela baino, zaharkitua nagoela esaten badidate ere.

2011/04/04

esaldia

"aunque no quieres a quien te quiere
te duele cuando deja de quererte"

egia borobila, ez al zaizue inoiz gertatu?

2011/04/03

baldintza

poema bat idazten nizuke
zer esan izango banu
argazki bat ateratzen nizuke
argi egokirik balego
Ilargira eramanen zintuzket
espazio untzirik edukiko banu
zurekin eginen nuke amets
ametsetan ere
amets urrun bat besterik ez zara ordea

2011/03/30

Ezezagun ezkutuari

Ez zarena zarela imajinatu dudalako izango agian, baina zure jarraipena joku bat bihurtu da niretzat.
Duela hilabete pare bat edo, zure presentziaz ohartu nintzenetik egunero begiratu dut ea somatzen zaitudan, ea ikusten zaitudan, urruti, zauden lekuan zaudela, zu ikusi gabe.
Eta hor egon zara, ia egunero, ni zelatatzen, zure talaiatik, ohartu gabe seguruen nik ere zelatatzen zintudala. 
Horrela joan zaizkit azken asteak, zu topatzeko ilusioak ematen zidan indarrarekin, baina bada aste bete ez nauzula jarraitzen. Zure presentzia desagertu egin da bat-batean, agian aspertu zarelako, edo iada ez duzulako ni jarraitzeko beharrik sentitzen. Agian hamaika arrazoi medio ez duzulako aukerarik izan, edo besterik gabe azaldu zinen modu berean desagertu behar zenuelako. 
Edozein kasutan mila esker hor egoteagatik, aldartea alaitu baitidazu zure presentzia etereoaz. Ondo izan eta jakin ezazu ni toki berean topatuko nauzula, nahi baduzu, nire barruak horrela eskatzen didan bitartean behintzat.

2011/03/27

Ordu aldaketak

Begia zabaldu dudanerako gelan argitasuna zen nagusi, erlojua begiratu ta goizeko bederatziak inguru, bai nahikoa lo egin dut eta zonbi baten moduan jaiki naiz. Nire eguneroko zukua hartu, ondoren txandal zaharra jantzi eta periodikoa erostera abiatu naiz, igandetako gosariak prentsarik gabe ez baitu zapore berdina. 
Gosaldu eta ordenagailua piztu dut terapia honetan sartzeko asmoarekin, bloga azken finean terapia moduko bat badelako niretzat behintzat, eta ordenagailuko erlojuak hamabiak markatzen zituela ohartu naiz. Ez da posible, hamaikak inguru izan behar dute eta. Orduan otu zait agian atzo udako ordutegian sartzen ginela. Bezperako periodikora jo dut, bai "cambio horario de madrugada".
Dena energia aurrezteko helburuarekin omen, nik ez dakit energia aurreztuko oten den, baina animali arrazionalengan trastornoak sortu eta osasuna galdu seguru!

Naturaltasunaz

Beti pentsatu izan dut transparentzia eta naturaltasuna pertsonaren bertuteak direla. Ze hobeto norbaitekin zaudenean egia aurretik erakustea baino. Baina aizu, nazkatzen hasia naiz horrenbeste koherentziarekin, neuk neure buruari exijitzen diodanaz ari naiz, ze inguruan gero eta gehiago, agian beti baina hain naiz inozoa orain arte ez naizela ohartu, azpijokoa eta faltsukeria besterik ez dut ikusten, bai gertuenetik hasita urrun geratzen zaizkidanera arte.
Zerbait egiten dudala naturaltasun osoz eta inguruan susmo txarrak eta aurpegi arraroak besterik ez dut somatzen, eta sentsibilitatea puri purian daukazunean, azken boladan ia beti, tori buru haustea, tori gaizki egona... errudun sentiarazten zaituzte, baina zeren errudun? nik ez dut ezer egin eta, nire bizitza aurrera eramaten saiatzen ari naiz besterik gabe.
Eta hori norbanakoez hitz egiten, ze politikara jauzi egingo banu...
Hobe ez pentsatzea, ze etorkizun datorkigu herri txiki honetako biztanleoi...
Uste dut naturala izaten jarraituko dudala, krixton hostia pila jasotzen badut ere.

2011/03/23

Agenda 21

Nork ez du entzun agenda 21 programez?
Duela urte batzuk, bizi garen gizarte garatu eta demokratiko hauetan, baten bat ohartu zen munduan egiten ari ginen ustiapena gehiegizkoa zela eta nolabait horien efektuak orekatzeko plan batzuk jarri behar zirela martxan. Agian dena hasi zen Kyotoko protokoloa sinatu zenetik, ohartu zirelako atmosferara isurtzen ari ginen gasen kopurua gehiegizkoa zela,... batek daki.
Kontua da herri guztietan horrelako programak garatzen hasi zirela. 
Herri edo zonalde bakoitzak gai bat aukeratzen du, izan daiteke ura, birziklapena, kontsumoa, energia,... eta gai hori oinarritzat hartuta ikastetxeetan gaia aztertzen da, egoera, arriskuak, eta azkenik ikasleek proposamenak egiten dituzte, gero udalbatzetan aurkezten dituzte eta herri mailako akordio batzuk hartzen dira (hauek sinbolikoak izan badaitezke ere).
Nik dakidala Gipuzkoako herri guztietan egiten dira horrelakoak. Helburua beti garapen iraunkorra bultzatzea eta bideratzea.
Nik lan egiten dudan zonaldean EAJ eta PSOE-ko alkateak daude eta hauek ere horrelako programak bultzatzen dituzte, eta hain zuzen ere bi alderdi hauetako karguak izan ziren lehengo ostiralean Zubietako erraustegiko lehen harria jarri zutenak.
Agenda 21 = erraustegia? Uiiiiii, uste dut galdu naizela edo nire ikasle batzuk esaten duten moduan motza naizela, ze bi kontzeptu horiek batera ez didate koadratzen. 
Norbaitek esplikatuko al dit, nola defendatu daiteken garapen iraunkorra, berotegi efektua sortzen duten gasen isuriketaren murrizketa, eta erraustegi bat jartzea aldi berean?
Nola ager daiteke inor zaborrak biltzeko atez ateko sistemaren aurka eta garapen iraunkorraz hitz egitea?
Nola bultzatu daiteke AHTa egitea, Gipuzkoako eta Bizkaiko kosta zeharkatzen dituen bia bakarreko tren kaxkar bat daukagun bitartean, jakinik hau egokituko balitz milaka pertsonek erabiliko luketela euren lantokietara joateko autoa etxean utziz? Horrela bai aurreztuko litzatekela erregaietan, eta noski konbustioan sorturiko CO2-a murriztu.
Bai gizarte demokratiko eta iraunkorretan bizi gara. 
Zorionez herritarrok beste ikuspegi batzuk ditugu eta baditugu horiek adierazteko bideak. Lehengoan Zubietako frontoian izandako flash-mobak hori erakutsi zigun. Benetan ikusgarria izan zen. Ehundaka pertsona, heldu zein gazte, batera dantzatzen, euren haserrea modu alai eta baketsu batean adieraziz. Gazte japoniar batek irakurritako mezua izan zen protestari amaiera jarri ziona, ze hemen eta mundu guztian ere argi dago nuklearrak ez datozela bat iraunkortasunarekin "jakintsu" asko oraindik kontrakoan tematzen bada ere.