2010/02/05

BERTIGOA

Hau ere idazle batena. Milan Kunderak idatzi zuen "La insoportable levedad del ser" liburuan. 18 urtekin txundituta utzi nindun. Sarri akordatzen naiz definizio honekin.


¿Que es el vértigo? ¿el miedo a la caída?
El vértigo es algo diferente del miedo a la caída. El vértigo significa que la profundidad que se abre ante nosotros nos atrae, nos seduce, despierta en nosotros el deseo de caer, del cual nos defendemos espantados.

POEMA BAT

















Lagun batek utzi zidan liburua, azal atzekoa irakurri eta nitaz akordatu omen zen. Poztu nintzen.

Ea gustoko duzuen,kasualitatez nire bizilagun izandakoaren Rafa Egigurenena da. POlita!


zure begietan pausatu
ta pasatzen utzi nauzu

errekonozimendu lasai bat
harrapatu dizut
zure begien atzetik

ea zortea duzun
eta nitaz
enamoratzen zaren

2010/01/19

Biktimak!

Lehengoan Kalaka ikusten aritu nintzen, ez denbora luzez egia esan behar badut, txorakeriak entzuteaz nazkatu xamarra bainago.
Gaia biktimak eta horrelako kontuak, ze biktimak da nire senak egiten didan galdera. Hango kalakari batzuen aburuz gure gizartean biktima bakarrak esistitzen baitira, eta orain ikasgeletara biktimen testigantzak eraman beharko ei ditugu, orain arte ahaztuta, baztertuta eta ez dakit nik zenbat gauza eduki omen ditugu eta.
Irakasle bezala oso argi daukat zein den nire lana. Nik nire ikasleei elkarrizketaren mezua luzatu diet beti, oso argi baitaukat hori dela arazoak konpontzeko bidea. Enpatiaz hitz egiten diet, bestearen lekuan jartzeaz, entzuteaz, hurkoari entzutea baita bere egoera ulertzeko bide bakarra, eta nik bezala ziur naiz berdin jokatzen dutela justizian oinarritutako gizarte baten aldekoak diren guztiek.
Baina orain bestelako programa manipulatuak ezartzera behartzen bagaituzte gauza guztiak bere tokian jarri beharko ditugu, ezta?
Zeintzu dira biktimak? Meliton Manzanas biktima bada ez al da ere Txabi Etxebarrieta biktima? Ezin ahaztu dezakegu biak ere diktadura batetan hil zirela. Eta hala bada zergatik kendu parke, kale edo plaza bati azken honen izena? Francok hil aurretik agindutako fusilamenduetan erahildakoak ez al dira biktimak? Zergatik orduan ezin diote Txikiri bere herrian omenaldi baketsurik egin?
Nik biktima asko ezagutzen dut, estatu españolak eragindako terrorismoaren biktimak hain zuzen ere, baina batzuentzat horiek beste zerbait dira itxuraz.
Lagunak dauzkat astero milaka kilometro egiten dituztenak beraien senideak ikusteko, baina horiek ez dira biktimak.
Zer kontatuko diogu biktimez, politika egiteagatik aita kartzelan duen 14 urteko nerabeari? Zer esan behar diot nik bere etxean goizeko ordu txikitan miaketak bizi dituen gazte horri? Bera da nik eduki dezakedan testigantzarik onena, baina noski, hau ere ez da biktima.
Nahikoa da. Utz diezaguten gure lana bakean egiten. Pertsonak gara eta pertsonak hezitzen ari gara. Biktimez hitz egin behar badugu jar ditzagun karta guztiak mahai gainean.
Hitz egin dezagun biolentziaz bere osotasunean jarrera biolentoak alboratu ahal izateko.
Biktima politikoez ari bagara, has gaitezen historia irakasten bere osotasunean, hitz egin dezagun bizi garen herriaz, bere historiaz, kulturaz, hizkuntzaz, jasan dituen erasoez, herri honetan defendatzen diren ideia guztiez, satanizatuta dauden horietaz ere. Jar ditzagun biolentziaren jatorriak bere tokian, bere urtean, bere sasoian. Ez al gara iritsi bizi garen sistema sozio politikora milaka urteetan egondako biolentziaren ondorioz? Nola sortu zen gaurko estatu española edota AEB? Ez al zen izan biolentziaren ondorioz?
Inoiz ez al da izan biolentzia zilegi? 60. hamarkadan diktaduren aurka egondako erreboluzioak, herriari berea emateko herritik sortu ziren horiek, ez al ziren zilegi?
Izan gaitezen serioak. Ados nago biktimak (alde guztietakoak) hor daudela, baina biktima gehiago egon ez daitezen lana egiten hasi behar dugu, eta horretarako ikastetxeetan programak ezarri baino, ardura politikoak dauzkatenek eman beharko dituzte aurrera pausoak herri hau merezi duen bake eta justizia egoera batera eramateko.
Bitartean utz diezagutela gure lana orain arte bezala egiten, ze gu ez gara beste batzuk bezain manipulatzaileak. Gu gazteekin ari gara lanean, badakigu zer den hori, eta beraien alderdi positiboak ateratzen saiatzen gara, mundu justuago baten aldeko baloreak transmititzen saiatzen gara eta neuk behintzat horretan jarraitzeko asmoa daukat.

2010/01/17

Maite Zaituztegu









Loiura joateko peajea 7,60 €
gasofa 10 €
Malagarako vuelingeko hegazkina 100 €
kotxea alokatzea Granadara 40 €
Lo egiteko hotela 25 €
Bidaian egindako mokautxoak 15 €
Loiutik etxerako bueltako peajeak beste 7,60 €
Bizitzan badira diruz ordaindu beharreko gauza batzuk,
baina lagunek eta maitasunak ez dute preziorik
eta beraien ondoan edukiko gaituzte
gure poltsikoak zulatu egiten badira ere
Maite Zaituztegu!!!

2010/01/06

Amodio-gorroto eskutitza

Zergatik ni?
Behin eta berriro datorkit galdera hori burura
Zergatik ni?
Lehengoan aukera hobeagorik ez zenuelako eta aprobetxatu egin behar zenuen?
Zergatik ni?
Emakume asko dago, edozein aukeratu eta berarekin joan zaitez, baina mesedez, ez nazazu izorra, zurekin txora txora nagoela jakinik ezin nauzu horrela erabili, ez behinik behin legala bazara, eta nik hala uste nuen, baina ohartzen ari naiz oker nenbilela
Zergatik ni?
Atzo beste batekin ikusi zintudan eta bai badakit libre zarela nahi duzuna egiteko, baina duela bi egun nirekin joateko hainbesteko beharra al zenuen?
Zer izan da zure mendeku pertsonala, edo ta besterik gabe?
Badakit gauzak sinpleagoak direla sarri, baina zer nahi duzu esatea, minduta nago, izugarri minduta, ez nuen horrelakorik espero, ez bi egunetara behintzat.
Bejondeizula eta zoriontsu izan zaitezela, baina ahaztu zaitez nitaz mesedez.

2009/12/31

Surferoarena

Surferoa taula gainean bezala nengoen,
Lasai,
Nire olatuaren zai,
Neurtzen,
Hau ez,
Hau ez,
Hurrengoa ere ez,
Agertu zinen arte
(hau bai)
indarrez,
eta zure gainean jaso ninduzun
ni zutik, ziur,
oreka galtzeko bildurrik gabe,
pozik,
disfrutatzen,
aurrera,
aurrera,
baina instante labur batean
itsasbazterreratu ginen,
edo nintzen,
ze zu etorri bezala
desagertu baitzinen
surferoaren olatuaren moduan

2009/12/30

Gabon madarikatuak


Triste nago, oso triste. Urtero garai hauetan antzeko zerbait gertatzen zait eta nire buruarekin borrokatu arren ezin dut ekidin.
Triste nago, oso triste. Urte bat gehiago aurrera doa eta nire bizitzan merezi duen ezer egin ez izanaren sentsazioa daukat, hori gezurra dela jakin arren.
Triste nago, oso triste. Amets batez maiteminduta, eta nire maitasun guztia ezerezean geratzen denaren errealitate krudelarekin egiten dut topo, baina hala ere ez dut onartu nahi, eta ametsetan dihardut nire barrua oraindik gehiago torturatzen.
Triste nago, oso triste. Bizitza bakarra dela eta edozein unetan galdu dezakegula jakin arren une bakoitza gozatzeko eta bizitzeko indarrik ez daukat.
Triste nago, oso triste. Oporretan eta etxean sarturik nire buruaz errukituz, kalera irten eta bizirik nagoela aldarrikatu beharrean.
Triste nago, oso triste, baina aldarte hau aldatzeko deliberazioa egin dut, besterik ez baitago, inor ezbaitzait etorriko nire bizitza alaitzera, neuk atera beharko dut zoriontsu egingo nauen hori bilatzera.

2009/12/12

SOS!

Munduaren beste aldetik
SOS!
Laguntza eskean oihuka dabiltza
Gure aparatu estereofonikoak
Ozenegi jotzen ari dira
Eta ez diegu entzuten
eskerrak!

2009/12/09

infernua

Sakelako telefonoa jotzearen zai
Sei hilabete daramat
Eta ez du hitz egin nahi
Ez du bere ahotsik adierazi nahi
Baina nik temati darrait
Eserita edo etzanda, zai
Eta ez det ohartu nahi ez duela joko
Ez didazula hots egingo
Ez dezula deituko
Itsutu egin naiz
Ez det nire bihotza baina haratago ikusten
Nire mundua uzkurtu balitz bezala
Nire logela det orain mundua
Apenas jaten badet
Erosketak sakelako telefonotik egiten ditut
Supermerkatuko mutilak ekartzen dizkit nire bunker honetara
Ze horrela bizi naiz
Mundutik aparte
Nik eraiki dudan inpernu latz eta gorrotagarri honetan
Eta telefono hotsik ez
Zu zauden inpernu, zeru edo dena delako horretan, ez al da koberturarik?
Jakingo bazenu zer gogoa dudan zurekin bat egiteko?
Baina mediku haiek ez zidaten utzi
Eta hemen nago
gurpildun aulki madarikatu honetan
telefonoari so
zure beste mundu horretara eramango nauen deiaren zai