2011/12/16

Biolentziak

Bizi garen "bake" garai hauetan, maiz entzuten ari gara biktima eta borrerua kontzeptuak, beti ere alde bateko ikuspegitk aipatuak. Orain kontua da historia benetan izan den moduan kontatzea, eta gaurkoan neure aportazio xumea egin nahi nioke gai honi. 
Nik biolentziarekin izan dudan harremana, zehazkiago lehen kontaktua, kontatu nahi dut, hori izan baitzen niretzat biolentzia existitzen zela jakin nuen eguna. Ondoren beste hamaika egoera etorriko baziren ere.
1975eko irailaren 27a zen, 6 urte besterik ez nuen oraindik. Ez dut oroitzen irakurtzen hasia ote nintzen, ezta etxean telebista ote genuen ere, eta nintendo eta gisako jokuak ez ziren existitzen, beraz, amaren zaplastekoak izango ziren ezagutzen nituen biolentzia zantzu bakarrak.  
Egun hartan amak mezetara eraman ninduen, herriko parrokira, hildako norbaitzuen alde otoitz egitera itxuraz, oraindik ere errezuak arrotzak niretzat. Oroitzen dut eliza lepo zegoela, ama eta seme-alabez lepo, aitaren bat egongo zen ere noski, baina gizonezkoek beti pasa izan dute gehiago kontu horietaz: gure aita, behintzat, ez zen han.
Meza amaitzean apaizak esan zuen Guardia Zibilak Plaza Berrin zeudela, eta lasai, lasai irtetzeko urduritu gabe. Halaxe egin genuen, irten eta etxerako bidea Plaza Berrirako bidea zenez harantza abiatu. Gurekin batera zihoazten beste ehundaka herritar ere, amak eta seme-alabak bereziki. Ez dakit manifestazio espontaneo bat izan zen, ala guztiak kalean behera bizi ote ziren, baina han gindoazen, ixil ixilik, urduri, ni amaren eskutik helduta, beldurturik, giroan zerbait arraroa gertatzen zela somatzen baitzen. 
Heldu ginen portalera, baina portala urrun zegoen, jende guztia geldirik, guardia zibilak Plaza Berrin, aurrean gu, amak eta umeak, eta han hasi ziren tiroka. "Eso han sido balas" entzun nion emakume bati, korrika egiten saiatzen ginen, baina hura tapoi bat zen. Guk portalera iritsi nahi genuen, baina ezin. Azkenean lortu genuen, etxera igo ginen beste hamaika pertsonekin batera, eta balkoira irten, makurturik, kasko beltz arraro horiek zeramazkiten berdezko gizon horiek zer arraio egiten zuten ikusteko.
Telefonoa dantzan hasi zen, gurera igotako jendeak ondo zegoela adierazteko deitzen zuen bere etxera. Trikorniodunak kulatazoak banatu zituzten, hemen eta han, tiro hots gehiago entzun ziren. Nire anaiek elizan pasa zituzten ez dakit zenbat ordu, apaizarekin, meza hartan monagillo lanetan aritu ziren eta. 
Egun hartan negar egin nuen, beldurra pasa nuen, ez nuen ezer ulertzen, eta gerora ere gauza asko ulergaitz gertatuko zitzaizkidan umearen begietatik ikusita.
Horrela ezagutu nuen nik biolentzia, askorentzat sekula existitu ez dena, ixilarazi dutena. Uste dut egun hartan hasi nintzela kontzientzia politikoa hartzen, ume baten begietatik har daitekeen kontzientzia, inozentea eta benetakoa.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina