2011/03/30

Ezezagun ezkutuari

Ez zarena zarela imajinatu dudalako izango agian, baina zure jarraipena joku bat bihurtu da niretzat.
Duela hilabete pare bat edo, zure presentziaz ohartu nintzenetik egunero begiratu dut ea somatzen zaitudan, ea ikusten zaitudan, urruti, zauden lekuan zaudela, zu ikusi gabe.
Eta hor egon zara, ia egunero, ni zelatatzen, zure talaiatik, ohartu gabe seguruen nik ere zelatatzen zintudala. 
Horrela joan zaizkit azken asteak, zu topatzeko ilusioak ematen zidan indarrarekin, baina bada aste bete ez nauzula jarraitzen. Zure presentzia desagertu egin da bat-batean, agian aspertu zarelako, edo iada ez duzulako ni jarraitzeko beharrik sentitzen. Agian hamaika arrazoi medio ez duzulako aukerarik izan, edo besterik gabe azaldu zinen modu berean desagertu behar zenuelako. 
Edozein kasutan mila esker hor egoteagatik, aldartea alaitu baitidazu zure presentzia etereoaz. Ondo izan eta jakin ezazu ni toki berean topatuko nauzula, nahi baduzu, nire barruak horrela eskatzen didan bitartean behintzat.

No comments:

Post a Comment