2012/03/21

Changes

Bi urte pasatxo dira kaiera hau hasi nuela. Asko kostatu zitzaidan pausua ematea, lotsangatik edo, baina hasi nuen, eta, egia esateko, neure ikuspegitik eman ditu bere fruituak. 
163 sarrera egin ditut guztira, batzuk arinagoak, besteak sakonagoak, baina beti ere neure gogotik, neure barrutik. 
Niretzat terapia izugarri ona izan da. Esan dezaket, batere lotsarik gabe, hondamenditik atera nauela sarri, heldu leku bat izan dela nire egun txarrenetan.
Irakurleei dagokienean, zer esango dut? Ba, oso pozik sentitzen naizela. Hasieran despistaturen bat sartzen zen hona, orain despistatu bi edo, baina azken hilabeteetan gora egin du kopuru horrek, eta horrek motibatzen du, zalantzarik gabe. Mila esker despistatu guztiei.
Hala ere, kaiera honi orrialdeak agortu zaizkio, eta berri bati ekiteko unea heldu zait.
Joxeparen Kaierak jarraituko du, betiko tonuan, betiko doinuan, baina ez hemen. 
Irakurle maitea, aitzina, ZuZeun topatuko nauzu,(http://zuzeu.com/blogak/joxeparen-kaiera) hala nahi baduzu, behintzat.
Eskerrik asko ezezagun ezkutu guztiei, zuek gabe ni ez nintzateke ezer.
Gaiztoak izan!
Joxepa

2012/03/09

fukushima mon amour

Blogen historia hau oso bitxia da. 
Sortzen duzu zerbait adierazteko duzulako, zure barrua hustutzeko beharra daukazulako, nahiz eta jakin, ziurrenik, oso jende gutxik irakurriko duela. Gainera, ez duzu inolako feedbackik jasotzen. Beraz, inoiz ez dakizu, esaten, edo pentsatzen, edo sentitzen duzuna zer nolako eraginak sortarazten dituen irakurleengan. Hala ere, berdin zaizu, eta jarraitzen duzu tarteka zerbait idazten nahi duzulako, besterik gabe. 
Baina, egunen baten deskubritzen duzu jarraitzaile fidelen bat duzula, eta haren jarraipena egitea joku moduko batean bihurtzen da, eta engantxatu egiten zara (ziurrenik beste inolako engantxerik ez duzulako).
Duela urte bete deskubritu nuen norbaitek Japonetik jarraitzen ninduela. Lehen bisita ohargabean pasa zitzaidan, baina egun terdiro Japonetik bisitari bat nuela ikusi nuenean, kuriositatea sortu zitzaidan. Estatistikek ez dute gauza handirik adierazten, baina bai zein sistema operatibo erabiltzen duen irakurleak, eta zein nabegadore darabilen. Japoniarrak beti sistema bera zuen, beraz, pertsona bera zela pentsatu nuen. Halako batean Fukushimako hondamendia gertatu zen. Egun horietan oso kezkatuta ibili nintzen, nire irakurle anonimoaz kezkatuta, ondo ote zegoen, hondamendia gertatutako ingurunean ote zen, ala urrutiago, Japoneko mapak behin eta berriz aztertu nituen, hiri ezagunen bila... Egun pare bat edo egon zen ni bixitatu gabe, baina azkenean agertu zen, salbu zegoen. Lasaitu ederra hartu nuen. 
Jarraitu zuten bixitek, baina hamabost egunera edo herrialdea utzi zuen, Japoneko bixita gehiago ez baitut eduki, eta beste herrialde batean azaltzen hasi ziren antzeko bixitak.
Egun haietan idatzi nuen nire blogean bixita gehien jaso duen sarrera: energia nuklearrari buruzkoa. Ez nuen interesatuki egin, barrutik atera zitzaidalako baizik, baina "japoniar" harek zerbait eragin zidan nire barruan, eta nire bizitzako une ilun hartara argi apur bat ekartzea lortu zuen, nahi gabe.

Honako hau idatzi ondoren, bihar ere begiratuko dut ea norbaitek irakurri nauen, ea agertzen den beste amour bat mundu zabalean zehar, edo etxetik gertu, horrek berdin dio.


2012/03/04

martxoak 8

Zeure burua aurkeztu behar duzunean, edo nonbaiten zure profila deskribatu behar duzunean, sarri, gisa honetako galderak erantzun behar dituzu: Zein pertsonai historiko izango zinateke? edota, zeintzuk dira zure ereduak bizitzan? ala, zein pertsonai miresten duzu?
Askotan egin izan dizkiot galdera horiek neure buruari, eta erantzunak ugariak izan litezke, arrazoi desberdinak medio, pertsona desberdinak iruditzen baitzaizkit interesgarri: emakume zein gizonezko, antzinakoak zein gaur egunekoak. Gehien bat politikarekin eta artea eta kulturarekin loturiko pertsonak dira, kasu askotan emakumeak, pertsona argiak, jantziak, munduari nolabaiteko ekarpena egin diotenak. Baina, edozein kasutan, miresmena kontzeptu sakonegia iruditzen zait arinkeritan ibiltzeko, edozein pertsona aipatzeko.
Egun hauetan igerilekuan, hirurogei urte inguruko emakume batekin egin izan dut topo. Bere alabarekin doa. Alabak hogeitamar bat izango ditu (edo gehiago, ala gutxiago), Down sindromea du, eta amak dutxatu egiten du, lehortu, mimoak egiten dizkio,... Igerilekura eramaten du berarekin, eta imajinatzen dut egun guztia berarekin igarotzen duela, hari ahalik eta arreta goxoena emateko asmoz. Ziur naiz amaren kezka izango dela zer izango den alabaz bera falta denean, ez dakit, baina ikusten ditudan bakoitzean sentimendu bereziak pizten zaizkit, hunkitu egiten nau, goxotasuna transmititzen dit. 
Horrelako zenbat emakume dago munduan, duen apurra, edo guztia, seme-alabei ematen diona, bueltan ezer eskatu gabe, maitasunagatik? Agian ez dute kulturarik izango, agian ez dira pertsona argiak eta jantziak izango, agian ez diote munduari mediatan agertuko den ekarpenik egingo, baina horiek dira niri benetan miresmena sortarazten didatenak.
Martxoak 8a bueltan dago, doa hemendik omenaldi sentitu bat horrelako emakume eta ama guztientzat. Horiek baitira eredugarri, bizi garen jendarte konpetitibo honetan, munduari beste perspektiba bat emateko. Biba zuek!!!!

2012/02/26

punk




Oso gustuko dudan Xabier Montoia idazle eta musikariari elkarrizketa batean irakurritakoa:

"Punka niretzat, musika mota bat izateaz gain, pentsatzeko eta jokatzeko modua da funtsean, eta, horretan behintzat, iruditzen zait ez naizela batere aldatu".

Guztiz konpartitzen dut. 

Elkarrizketa Lander Garrok egin dio otsailak 26ko Zazpikarako. Oso interesgarria. Irakurtzeak merezi du.

2012/02/19

Lo que duele (erich fried)

Si te
pierdo
¿qué 
me duele?
La cabeza no
el cuerpo no
los brazos no
y las piernas no
Están cansadas
pero no duelen
o no más
de lo que siempre una pierna duele
El respirar no duele
está algo oprimido
pero menos
que un resfriado
La espalda no duele
tampoco el estómago
los riñones no duelen
y tampoco el corazón
¿Por qué 
entonces no
soporto
perderte?

(Erich Fried)

2012/02/12

gaslight

Gaztelaniaz "Luz que agoniza" titulupean ezaguna, 1944ean zuzendu zuen George Cukor maixuak. 
Berriro ikustean, egun hain ezaguna zaigun emakumeen aurkako bortizkeria etorri zait burura, kasu honetan psikologikoa. Zeren hori baita filma, thriller psikologiko bat. Paula bere senarraren biktima bihurtzen da, eromenera bultzatzen duelarik.
Charles Boyer, Ingrid Bergman eta Joseph Cotten dira antzezle nagusiak, tartean Angela Lansbury gazte batek dontzeila lotsagabe baten rola egiten duelarik. Guztiak bikain daude, eta Bergmani oskar saria eman zioten Paularen rolarengatik.
Suspense lan bikaina zinema klasikoa gustuko duenarentzat.

2012/02/11

Injustiziaren biktima bati

Hamaika urte pasatu dira tipo batek ia bizia kendu zizunetik. 
Astebete pasa zenuen ospitalean, hil ala biziko jipoia jaso ondoren, eta bizirik atera zinen hartatik, baina zure bizitza ez da aurrerantzean berdina izan, ezta izango ere.
Gure buruak mamuz beterik badaude, nola ez ote den egongo zeurea. Mamuz, deabruz eta erresuminez betea daukazu, eta bizitzari aurre egin diozun arren ez zara lasai bizi.
Gu bai, gu lasai bizi gara, ez genituen ostikadak geure buruetan jasan, eta ahaztu ez badugu ere, ez da gure eguneroko platera, noizean behin gogora ekartzen dugun pasadizo krudela baizik.
Biktima bat zara, bai, orain ulertu dugu, gizartearen biktima bat, ahazturarena, injustiziaren biktima. Eta zure borreroa egunero ikusi behar duzu, eta bera lasai dabil, eta gu ere bai, baina zu ez. 
Bagenekien gogorra izan behar dela horrekin bizitzea, baina ezin genuen zure larruan jarri, ezin genituen zure sentimenduak ulertu, biktima bat zinenik ez genuelako ulertu, gaur arte.
Gaur zure amorrazio guztia atera duzu kalera. Ez dakigu jendeak ulertu ote duen zure protesta, baina guk ederki ulertu dugu, eta gaiaren inguruan hausnartu, eta hitz egin, eta zure tokian jartzen saiatu gara, gauza makala ez dela konturatuz.
Gure elkartasun guztia daukazu, eta konprenitzen zaitugu, baina bizitzak aurrera darrai, eta ahalegin berezia egin beharko zenuke, ez ahazteko, baina bai zure egunerokotasuna  duintasun handiz eramateko, egin gabekoek jada ez baitute atzera bueltarik.
Zein konplikatua den gure burua, ezin asma nola jokatuko dugun, ezjakintasunak ematen digun inozentziak bultzatuta. Failatu omen dizugu, baina ez da nahita izan, hori argi eta garbi, eta okerrekoa konpontzen saiatuko gara, baina gure kezka nagusia zurekiko da. 
Biktima bat zara, eta izango zara betirako, baina hartu aurrea etorkizunari eta utz itzazu atzean atzokoak, bizitza bakarra baitugu. Zuk eta zure ingurukoek merezi dutelako, atera mingaina arerioari eta lasai bizi.

2012/02/06

adioa

Ur beroaren txorrotadaren azpian
begiak itxi ditut
une batez zure eskua sentitu dut
nire titiburuan
eta zure mingaina
nire azalean
laztandu nahi zaitut
begiak ireki ditut
eta zure irudia ikusi dut
aldentzen
eta zure laztanak
eta zure gorputza 
eta zure gogoa
gero eta urrutiago

irrifar goxo batez
agur esan dizut
hitzik esan gabe
eta nire masailetatik
bi negar malko
labaindu dira

2012/01/28

ispiluari begira

ispiluan begiratu naiz
baina ez naiz ikusi
nire begiak ikusi ditut
baina ez nire begirada
nire ahoa ikusi dut
baina ez nire irria
nire gorputza ikusi dut 
baina ez nire jarrera
nire bihotza ikusi dut
baina ez nire pasioa
nire burua ikusi dut
baina ez nire idealak
hilda ote nagoen 
pentsatzen jarri naiz...

esaldiak 4

la coherencia es la primera forma de rebeldía

2012/01/25

Bizitzaren zertzeladak: Jexu

Hogeigarren mende hasieran jaio zen, Goierrin, familia aberats batean itxura denez, txikitan bi zaintzaile izan zituela kontatzen baitzuen. Garaiko edertasun kanonen barruan egongo zen, ezkongabea zela Balentziagarekin aritu baitzen lanean modelo bezala. Gero begi urdindun napar bat ezagutu eta Donostiara ezkondu zen.
Ezer gutxi dakit haren bizitzari buruz, baina sei seme-alaba izan zituen, bi neska eta lau mutil, eta handik aurrera bere bizitza guztia haiei eskaini zien.
Lau mutil haietatik hiru ez zitzaizkion guztiz oso jaio, atzerapen edo berezitasun, edo dena delako bat baitzuten, eta bizitza osoa haiei begira igaro zuen. Erosketak egitera ateratzeaz gain, egunaren beste ordu guztiak etxean eman ohi zituen, igandeko mezetako tartea salbu.
Goizean goiz jaiki eta gosariak jarri, ontziak garbitu, oheak egin, etxea erraztu, hautsa kendu, bazkaria prestatu, arropak garbitu, arropak plantxatu, mahaia jarri, bazkaria serbitu, mahaia jaso, ontziak garbitu, ontziak jaso, etenaldi txiki bat eta afaria prestatu, mahaia jarri, afaria serbitu, mahaia jaso, ontziak garbitu, ontziak jaso, telebista apur bat ikusi eta ohera. Horrela astelehenetik igandera, nik oroitzen ditudan 25 urtetan behintzat, alargun geratu zenetik aitzina. Gainetik berarekin zuen bizitzen ere bere ahizpa neska zahar ozpindua, bere karga txikia balitz.
Umetan ez zara gauza horiekin ohartzen, baina gerora askotan pentsatu izan dut beragan: zoriontsu izan ote zen? Ez al zituen beste nahi, behar, anbizio? Baina bizitzak ez zion utzi, hura zen bere bizitza bakarra, bere ardura, bere eginkizuna munduan, bere semeak zaintzea berak zekien moduan, eta bere ahizpa jasatea.
Astean behin joaten ginen bere etxera. Ez dut bere aurpegia sekula ahaztuko. Pastazko antioju beltzak bere aurpegian, puskatuak, esparatrapuz lotuak; amantal zikina soinean, sukaldatzen aritu izanaz, eta bere irrifarra ahoan. Beti jaso gintuen irrifartsu, sekula ez nuen haserre edo triste ikusi, agian bere begiradak bazuen malenkonia puntu bat, baina beti aurpegi atseginaz jantzita. 
Hori izan zen gure amona Jexu, inoiz ezagutu dudan pertsonarik onena, atseginena, sakrifikatuena, bereengatik bere bizitza eman zuena txintik esan gabe, eta trukean ezer gutxi jaso zuena, hemendik oraintxe adierazten ari naizen miresmena usaindu ere egin ez zuena, neuk gaztetan ez nuelako jakin izan hori guztia adierazten.
Berarekin une gehiago konpartitu ez izanaz damu naiz, baina berak eskainitako une goxoak barruraino heldu zaizkit eta nire gogoan gordeko ditut betirako.
Mila esker amona!

2012/01/21

bikotea

bikote bat nahi dut
bizitza konpartitzeko

mendira joateko
parranda egiteko
negar egiteko 
barre egiteko

laztanak egiteko
laztanak jasotzeko
maitatzeko eta
batzuetan gorrotatzeko

hitz egiteko
entzuteko
ixilik egoteko
garraxi egiteko

etzanda egoteko
larrutan egiteko
irakurtzeko 
eta kantatzeko

mimoak jasotzeko
mimoak emateko
eztabaidatzeko
eta ados jartzeko

oporretara joateko 
etxean geratzeko
disfrutatzeko
eta tarteka aspertzeko

pasioa eta maitasuna nahi ditut
pasioa eta maitasuna behar ditut
bizirik nagoela sentitzeko
eta horretarako
bikote bat nahi dut

zuk izan nahi al duzu?

2012/01/18

Comprar, tirar, comprar

Aztarna ekologikoa, hondakinen kudeaketa, sistema lineala, sistema zirkularra, ingurumena,... gai horren inguruan proiektu bat egiten nabil, eta honako dokumental hau partekatzea interesgarria iruditu zait. Telebistan eman zuten, duela ez asko, baina berriz ere zabaltzea merezi duela uste dut. Cosima Dannoritzer alemaniarrak zuzendutakoa da. On egin!

2012/01/14

begiradak 2

azkenean
aurpegira begiratu didazu
aspalditik somatu gabeko
begirada horrekin
agian ez du ezer esan nahi
baina niretzat izugarria izan da
lasaitu egin naiz
ondo egin dut lo
astea pozik igaro dut

ez dakit 
noiz ikusiko zaitudan berriro
baina beste patxada batez
igaroko naiz zure ondotik
hori besterik ez bainuen behar
nire korapiloa askatzeko
erraz konformatzen bainaiz
ergel xamarra bainaiz
batzuetan




2012/01/08

"Blindness" (a ciegas)

Batzuetan pelikulak estrenatu eta ez zara enteratu ere egiten. Niri honekin horixe gertatu zitzaidan, eta lehengoan liburutegian topatu nuen kasualitatez.
2008an Fernando Meirelles brasileroak zuzendua, Jose Saramagoren "Ensayo sobre la ceguera" liburuan oinarrituta dago.
Ez dut liburua irakurri eta beraz, ezin konparaziorik egin, baina oso gomendagarria iruditu zait.
Gizateriari buruzko hausnarketa, gogorra, baina interesgarria, zer pentsatua ematen duena. Ahal baduzue ikusi.



hitzak soberan daude!

Gaurkoan hitzak soberan daude, ez dira profesional baten argazkiak, ez dira  100.000 pertsona ikusten, ez da beharrezko, etorkizun hurbilaren lehen urratsa besterik ez da!

2012/01/06

sarri 2

Hona hemen Sarrionaindiaren beste poema bat bideo batekin. "Hau da ene ondasun guztia" diska liburutik ateratakoa.



2012/01/05

kolosala izango da!

Herri honek merezi duen tokira heltzeko gurekin behar ditugulako bete ditzagun larunbatean Bilboko kaleak, kartzelak hustutzeko!!!!!!!
Kolosala izan behar da, izango da!
Libertad para los pres@s polític@s vasc@s!!!!!
Euskal preso eta iheslariak etxera!!!!!

2012/01/04

egoismoak

Badira pertsona batzuk zurekin akordatzen direnak soilik zerbaitetarako behar zaituztenean. Euren kolkoa besterik ez dute ikusten. Berdin da zein harreman lotzen zaituen eurekin. Izan daitezke lagunak, beno ezagunak esan beharko nuke, lankideak, senitartekoak: urrutikoak, zein gertukoak. Lotura bera dute: egoismoa.
Ez dituzte besteen beharrak, nahiak, ezinak ikusten, eurenak bakarrik dakusate, eta zure laguntza eskatzen dizutenean ezezkorik ezin dute jaso. Gainera okerrena da ezezkoa emanez gero zu sentitzen zarela gaizki, delitu bat egingo bazenu bezala, eta horrez gain eurek egoistatzat hartzen zaituzte, lagundu nahi ez bazenu bezala.
Erreta nago gai honekin, beti berdin. Gaur horrelako episodio bat izan dut, eta behingoagatik ezezkoa izan da nire erantzuna, baina ez nago lasai. Buruari bueltaka nabil denbora guztian, baina ze arraio, akordatzen al dira nirekin inoiz? Egoistagoa izaten ikasi behar dut, buruhausterik gabe, ergelarena egiteaz nazkatu naiz eta.

2012/01/01

urte zahar on!

ene, ene, ene, 
oraindik ez altzera enteratu 
onena opa dizudala?
ene, ene, ene, 
muxu busti eta goxo bat
zuretzat!