2010/11/29

EGUN TXARRA

Duela lau bat urte idatzitako pasadizoa!


EGUN TXARRA


Gaur, azkenaldian hain arrunt bilakatzen ari zaizkidan egun ahanzgarri horietako bat izan da, beno hobe esanda horrela hasi da, zeren amaierarako gauzak bere onera etorri baitira.
Esan dudanez gaurkoa egun beltza zen, iluna, ni neu hutsaren parekoa nintzen, puntu bat baino gutxiago gure unibertso zabalean. Nire bizitzak daraman norabidea neukan buruan eta ezin malkoak ekidin, isurtzen hasi dira, banaka, banaka, baina gelditu gabe. Nire inguruan dena zen ilun, ez nuen argi izpirik ikusten. Nirekin akordatuko diren pertsonak kontatzen hasi naiz, eta konbentzitua nengoen inork ez ninduela bere gogoan izango, ez une haietan behintzat, eta ni bakarrik, bihotza txikituta, ilusiorik gabe, negar malkoetan itotzen nire desgraziak, nire buruaz errukitzen, gero eta beherago, sakonago, ea behingoz hondoa ukitzen nuen.
Hala ere, adore apur bat hartuta, kirola egitera joatea erabaki dut, buruari atseden bat emateko asmoz, edo guztiz txoratzeko asmoz.
Igerilekura joan naiz, luze batzuk egin ditut (buruari eragiteari utzi gabe), ondoren ariketa batzuk egitera nindoanean nire aqua-gymeko taldekoekin, horietako bati zorabio bat eman dio. Esan dezadan emakumeak hirurogei urte inguru izango dituela honezkero,hala ere une horretan heriotza ikusi dut bere aurpegian, eta barkatuko didazue baina nire aurpegian irribarre bat irudikatu da, eta ez dezala inork pentsa haren zorigaitzaz alegeratu naizenik, ezta gutxiago ere, baina bere gaitzaren aurrean nire ditxosozko buruhauste, depresio edo dena zelako hori, huskeria iruditu zait eta berriro ere une batez bizipoza errekuperatu dut eta etxera bueltatu naiz nire terapiak benetan efektua izan duela, eta otu zait kasualitatez norbaitek joaten eta bueltatzen ikusi banau, harrituta geratuko zela, ze abiatu den neskak eta ordu eta erdira itzuli denak bi pertsona desberdin ziruditen.
Eta horrela amaitu zaizu eguna gaurkoz. Ohean ametsetan, irribarrea ezin kendu zeundela iruditu zaizu, baina hori beste kontu bat da, agian.

2010/11/27

sentimenduak

Lehengoan irakurri nuen badirela pertsona batzuk sentitzen duten guztia adierazi behar dutenak eta ez badute hori egiten gaizki sentitzen dira, izugarrizko antsietatea sortzen zaie, eta horrekin batera tristezia, depresioa, gaizki egona azken finean.
Lasaitu nintzen ze hainbeste urteren ondoren nire gaitzaren nondik norakoa errebelatu zidan.
Neu horietakoa bainaiz, eta egia esan, askotan oso gaizki pasatzen dut eta ez dut jakiten zergatik, ba hori da, momentuan sentitzen ari naizena esan beharra, adierazi beharra, nire barrua hustu beharra eta ezin dudanean izugarrizko korapiloa jartzen zait sabelean eta zulo batean jausten hasten naiz, amaierarik gabeko zulo beltzean.
Halere askotan hitz egin dut, adierazi naiz, ahal izan dudan moduan, ez beti erarik egokienean, eta horrek lasaitzearekin batera besteekiko gaizki egona sortu izan dit, ze askotan jendeak ez du ulertzen esaten ari zarena edo ez du kokatzen momentuan, ez du enpatizatzen zurekin ez dakielako zertara datorren hori bapatean, edo une horretan zure adierazpenak inkomodatu egiten ditu eta zurekiko halako erretxazo bat sortzen zaie.
Aurrekoan harremanik ez dudan pertsona batekin akordatu nintzen, berarekin hitz egiteko izugarrizko gogoa sentitu nuen eta nola banekien hori ez zela gertatuko mezu bat bidali nion hori adieraziz, besterik gabe, eta lasai geratu nintzen, oso lasai, gainera iruditzen zait danontzat polita dela norbait uneren batean gurekin oroitzen dela jakiteak, ze oroitzapen horiek normalez goxoak izaten dira, eta bizitzan apreziatzen gaituen jendea dagoela jakiteak, eta bereziki zuzenean adierazten digutenean autoestimua igotzen digu, pilak kargatzen dizkigu.
Ez dakit berak nola hartuko zuen, agian inkomodo sentitu zen, agian nire hitzetan ez zegoen irakurketa bat egin zuen, baina ez dakit, eta ez dut jakingo, ze batzuk dena adierazteko beharra daukagun modu berean beste batzuk badirudi ez dutela sentitzen, edo sentimenduak adieraztea debekatu egin zaiela jaiotzeko momentu beretik.
Mundua horrela doa, hitz goxoak irainekin ordeztu ditugu, laztanak hostiekin, baina neuk behintzat naizen modukoa izaten jarraitu nahi dut, jarraituko dut, ze batzuetan ez ulertua sentitzen banaiz ere, eta horrek izugarrizko mina ematen dit, badakit hori dela bidea!

2010/11/17

sarrionaindia

Durangoko azokan, Joseba Sarrionaindiaren saiakera berria eskuratzeko aukera izango dugula eta horren harira, "hau da ene ondasun guztia" diska-liburutik ateratako gustoko poema batzuk ekarri ditut hona.


PRESO EGON DENAREN GOGOA

Preso egon denaren gogoa
gartzelara itzultzen da beti.
Kalean juje, fiskal eta
abokatuekin gurutzatzen da
eta poliziek, identifikatu ez arren, 
beste inori baino gehiago
begiratzen diote, bere pausua 
sosegatua ez delako
edo sosegatuegia delako.
Bere bihotz barruan
Betirako kondenatu bat dago.



II. GALDERA

Presoa zelda bazterrean,
bakarrik mintzatzen bezala.
Baina ez, armiarma bati
galdetzen dio "Noiz arte?"
Armiarma, berehala, 
zintzilikatu eta haria
                     luzatzen jeisten da.
Eta badirudi hari luze hori dela
                       armiarmaren erantzuna.

gartzelako poemak 1980-1985