2011/03/12

Bizar Gorri Pirata

Bart gauean zurekin egin dut amets. Itsasoaren erdian igeri ari nintzen, bakarrik. Ezustean zerua itxi egin da, tximistak eta trumoiak hasi dira, enbata sartu da, itsasoa zakartu egin da batek daki zenbat metroko olatuak eratzen hasi direlarik.
Hondoratzen hasi naiz, ezin dut arnastu, gorputza kanporatzen saiatzen naiz, laguntza eskatuz, baina uraren astinduak hain dira bortitzak gero eta beherago noala, oinetan harri astunak kateaturik izango banitu bezala. Konortea galdu dut.
Begiak zabaltzerakoan aste beteko bizar-gorri batez inguraturiko ezpain batzuk nire ahoan itsatsita ditut. Estulka hasi naiz. Gorputza biratu didazu irentsitako ur guztia bota dezadan. Ondoren soinean daramazun jaka beltza erantzi eta nire sorbalden inguruan ipini didazu, irrifar batez, "lasai, salbu zaude" esanez.
Une horretan ohartu naiz nire printze urdina zarela. Ez duzu ez gaztelurik, ez zaldi zuririk, ez begi urdinik ezta urrezko koroarik ere, Bizar-Gorri Pirata zara, Atlantikotik Pazifikora eta Pazifikotik Indikora, bere belauntzi kaxkarrean aberatsen ondasunak behar handiena dutenen artean banatzen dabilen pirata xarmangarria.
Eta horrela esnatu naiz irrifar bat ahoan. Begiak itxi ditut berriz ere loak hartuko nauen esperantzaz, une batez berriro ere zure beso artean sentitzeko, zure irrifar goxoaz gozatzeko, baina alferrik izan da. 
Ea gaur gauean ere nire ametsetan agertzen zaren!

No comments:

Post a Comment