2010/04/17

BIHAR EGUZKIA ATERAKO DA BERRIRO ERE

Gizakiok gara bakarrak gaizki egindakoak behin eta berriro errepikatzen ditugunak. Neu ez naiz gutxiago, beti berdin, beti akatsak errepikatzen, eta kanpotik ikusita nire jarrerak erokeria eman dezake, baina denak du beti azalpen bat, honi kasu egiteko prest bagaude behintzat.
Zorionez danok ez gara berdinak, baina horrek era berean beste batzuen jarrerak ez ulertzera, edo tokitik ateratzera, edo gaizki hartzera eraman gaitzake sarri. Nik seguruenik hala egin izan dut eta nirekin gauza bera egingo dute ere.

Oso sentibera naiz, baina era berean oso arrazionala, guztiaren esplikazioa behar dut eta aurkitzen ez dudan bitartean ez naiz lasai egongo. Orain horrekin bizi naiz bueltaka, pertsona baten esplikazioa behar dut, eta kaltea (nolabait esatearren) aspaldi egina izanagatik azalpen horren beharra ez du indarrik galtzen nire baitan. Eta tontakeria hori medio jokabide irrazionalak ageri ditut tarteka, hori bai, beti ere alkoholaren eraginpean nagoela, nire burua kontrolaezina bihurtzen den une horietan.

Biharamuna horrelakoetan inoiz baino gogorragoa da, alkoholaren ajeaz gain, aje psikologikoa izugarria da, eta une batzuetan lurretik desagertzea nahiko zenuke, betirako, inork, inoiz gehiago ikus ez zaitzan.

Alkoholak desinhibitu egiten gaitu, erlazionatzen laguntzen digu eta lotsatiak garenontzat ez dago gaizki, baina egoera horretan egindakoak benetan al dira egin nahi ditugunak, hori al da gure benetako gu, edo gure barruan dauden mixeriak ateratzeko egiten dugun ariketa bat da, inkonszientean, hurrengo egunean gogoratuko ez garenen esparantzaz?
Ez dakit baina mozkorraldiek nazkatuta naukate. Ezer txarrik egin ez arren, buruari mila bira emateko egoerak bilatzen ditut, nik neuk bakarrik, nire arantzak ateratzeko esperantzarekin, baina lortzen dudan gauza bakarra arantza barrurago sartzea da.
Damua ez da existitu behar, egindakoa egina dago, ez du atzera bueltarik eta aurrera jarraitu behar da, eta gainera
biharamunean eguzkia aterako da berriro ere.