2026/10/22

Urriak 22 (beldurrak eta minak)

“…eta, batzuetan, hauxe galdetzeko gogoa izaten dut: norbaitek laztantzen al zaituzte oraindik? Norbaitek besarkatzen al zaituzte? Noiztik ez zaituzte ukitu beste norbaiten azalak?

Neure burua zahartuta irudikatzen dudanean, benetan zahartuta, hemendik berrogei edo berrogeita hamar urtera nolakoa izango naizen imajinatzen dudanean, zera iruditzen zait mingarriena, jasangaitzena: pentsatzea beharbada inork ez nauela gehiago ukituko.”
(Esker onak/ Delphine de Vigan)

Noiztik ez dut sentitu beste norbaiten azala nirean?

Adinean aurrera noan heinean, mingarriena, jasangaitzena suertatzen zait pentsatzea beharbada inork ez nauela gehiago ukituko etorkizunean.

Inoren azala sentitzeko aukera izango ote dut?
Norbaitek ukituko al nau berriz ere inoiz?
Norbaitek besarkatuko al nau ostera ere inoiz?

Horra hor nire bizitzako beldur handiena.

2026/09/23

Lautadako hiltzailea (sacamantecas)

Aurreko postean gaia atera dudanez, hona hemen lehengoan sare sozial batean komentatu eta gomendatzen nuena: 

Orain Sacamantecas filma denen ahotan dabilela, beste bi hauek ekarri nahi nituzke hona: Zuzeu podcastetan Euskal Gaizkileak serieko 2022ko Sacamantecas: Lautadako hiltzailea eta Xabier Montoiak 2024an idatzitako Lautadako Mamua.
Biak ere pertsonai berdinari buruzkoak, biak ere bikainak, ziurrenik halako sonik izan ez dutenak. Hemendik animatzen zaituztet haiek ere kontsumitzera. Eta euskal gaizkileen serie osoa entzutera, benetan onak baitira eta gure herriaren historia beltza ezagutzeko ezinbestekoak.

Ba horra gomendioa, ON EGIN!

2026ko iraila: PISA

Gaur egunen ikusi berri dut, ikastetxeetako ikasturte hasierako familia bilera gehienetan, irakurmena izaten ari dela gai izarra, orain arte landu gabeko gaia bailitzan, baina oraingoan esplizitatu eta erdigunean kokatzen ari omen dela.

Gaurkoan ere, beste izar bat Donostian Brad Pitt izaten ari da.

Bajan nago eta ospitalera igo behar izan dut errebisio baterako, eta eguraldia probestuta hondartzara paseo bat ematera joatea deliberatu dut, lau pareten artean egotea astuna egiten ari baitzait, bereziki nire onera etortzen ari naizen neurrian.

Goizeko bederatzi ta erdiak inguru izango ziren, iraila izaki hondartza jarri berri, jubilatu batzuk paseoan, eta ni lako batzuk, eta zenbat jende korrika, batzuk ikasleak izango ziren, baina denak? Jendeak ez al du lanik egiten?

Jarraitu dut Nautikoraino, portura, paseo berrira (Antonio de la Torre gurutzatu dut footing egiten), Zurriola aldera jo dut ondoren, nire etorkizun gertuko lantokia usaintzera, eta zenbat jende aizue. Batzuk atzerritarrak ziren, baina beste asko ez dut uste. Neskak eta mutilak, gazteak, nire tankerakoak, señorak eta señoroak, denetarik. Hesi batzuen inguruan pilatzen ari ziren, goizeko hamar terdiak, denak bajan al daude ni bezala, zeinek egiten du lana hemen?

Gaur egunek argitu dit misterioa, Brad Pitten zain zeuden. Emakume batek telebistan aitortu du norberaren eginkizunak eskatu duela bertan egoteko. Eta Pisako emaitzekin harritzen gara.

Barkatuko didazue, baina nire uste apalean emaitza horiek gure gizarteak daraman bilakaeraren isla besterik ez dira. Pantaila gehiegi erabiltzen dutela gazteek, eta ez hain gazteek eta nire tankerakoek? Ez dut zalantzan jarriko, baina ez al ditugu beste gauza batzuk, beste balio batzuk ere guztiz distortsionatu?

Lana egitea badirudi pringau batzuen kontua dela. Gero eta zailtasun gehiago dago hainbat lanpostu betetzeko, jendea ez dagoelako prest zenbait orduetatik aurrera, edo asteburuetan edo… lana egitera. Ofizioak galtzen ari gara (deja vu bat izaten ari naiz, gai hau ez al dut beste hainbatetan atera?) eta Brad Pitt gure lana baino inportanteagoa bada, gure ondorengoek hori ikusten badute, zein jokabide garatuko dituzte?

Ez al diegu gure ongizatearen gizarte honetan geure umeei dena ematen, dena barkatzen, dena tapatzen, dena errazten, ezezkoa zer den erakutsi gabe, galtzeko aukera ekidinez askotan frustratuko ditugun beldurrez? Eta frustraziotik ez al dira ba gauzak ikasten? Esfortzua neurrian ez al da balio positibo bat? Inork pentsatzen al du Lamine Yamalek orduak sartu gabe lortu duela duen futbol mailara iristea, bere gaitasunak gora behera? Zverevek entrenatu gabe lortu duela aurten bi grand slam irabaztea, edota Brad Pitt berak ez duela lan egin behar izan, eta testuak ikasi, eta asko sufritu heldu den tokira heltzeko?

Ikastetxeetako irakurketa planak errebisatu egin beharko dira, baita ebaluatzeko erabiltzen ditugun tresnak ere. Ikasleekin geletan zorrotzagoak izan beharko dugu ulermen maila gara dezaten, baina kanpoan jarraipenik ez badago, egungo gizarte eredua, balioak, aldatzen ez baditugu jai izango dugulakoan nago. Umeek disfrutatu egin behar dute, baita guk ere ahal dugun neurrian, baina lan minimo bat, esfortzu minimo bat, konpromiso minimo bat eskatu behar zaie egiten dituzten gauzekin. Ezin diegu dena barkatu. Ezetza existitzen dela ikasi behar dute, baita hori kudeatzen ere. Eta horretarako familien papera ezinbestekoa da, umea laguntzeko, ez bere lanak eginez, egiten dituela eta saiatzen dela ziurtatzeko baizik. Berarekin irakurriz, debekuak eta mugak ezarriz beharrezko direnean, eta eredu izanez, ume gehienak gurasoak edo inguruko helduak imitatuz hazten baitira.

Ea denon artean lortzen dugun ditxosozko dorrea zuzen mantentzea. Ohera noa Sacamantecasekin berriro gurutzatu aurretik.

  

2026/08/27

ABUZTUAK 27 (this is the end)

Eta konturatu gabe lanera bueltatzeko unea heldu da. Badirudi atzo izan zela hemen jezarri nintzen azken eguna, baina hilabete pasatxo igaro da. Egia esateko, pentsatzeko eta idazteko uneak urrun dakusat, aurtengo oporretara kaierak eta pisu estrak eramateko aukera erabat bazterturik bainuen.
Mendian igaro ditut, Piriniotan lau eguneko trekkinga, Alpeetan bederatzi egunekoa. Nahikoa lan nire gorputza garraiatzen, bestelakoetan pentsatzen ibiltzeko bezala.
Ederra izan da, eta gogorra, bide batez esateko. Oraindik nabil errekuperatzen, nire gorputzak txikituta amaitu baitzuen. Zaila egiten zait barneratzea nik bederatzi egunetan egindakoa, batzuk egun bakarrean egiten dutenik, egun hauetan ospatu baita UTMB; zoratuta gaude lurtarrok, ze nezesidade.

Laburpen txiki bat egiteko Piriniotan 76,82 km ibili genituen, 5.436 m gora, 5.018 m behera.
Alpeetan aldiz, 164,79 km, 11.255 m gora, 10.708 m behera.
Ez dakit asko den edo ez, segun nondik begiratzen den. Baina handik bueltan Santa Barbarako ermitara igotzeko pisurik gabe nahiko lan. Gorputzak atsedena besterik ez zidan eskatzen, eta ustez entzuten jakin dut, egun hauetan nahiko lasai ibili bainaiz, sofa ordu kopuru estrak sartuz, aurretik egin gabekoak berreskuratzen. Beharko nuen ziurrenik. Baina nolakoak garen batzuk, etxean lasai egoteko ere arazoak, atseden hartzea denbora galtzea balitz bezala, burua torturatuz, irten, ibili, bizikleta hartu,… Inoiz ikasiko ote dugun, ezer ez egitea zerbait egitea ere badela.

Eta gaiez aldatuz, pare bat, edo agian bakarra. Mundua zertan bihurtzen ari garen. Aldaketa klimatikoari muzin egiten diotenek justifika ditzatela gero eta ugariagoak diren fenomeno atmosferiko bortitzak, lehorteak, etabarrak; eta horrek, herrialde batzuetan bereziki dakartzan miseria, eta horren ondorioz sortzen diren migrazioak, eta Europak egiten duen harrera. Egia ez balitz guztiak distopia bat lirudike, baina errealitatea baino gauza krudelagorik ez dago. Eta bitartean, gure Donostian kalean dabiltzanei bazkari epel bat ematea debekatzen du gure alkate gazteak, ene, ene, ene, orgekin dabiltzan emakumeak miatu omen dituzte… erridikulua, parte zaharreko tabernen inguruan sortzen diren ilaren modukoa. Tentel samarrak ginela bagenekien, baina giza-ergelkeria urrutiegi heltzen ari delakoan nago.

Ilara horietako jendeak ez du kaleetan molestatzen, bai ordea taperra Anoeta inguran jaten ari direnak.

Ta horrela joan zaigu kasik abuztua. Bihar lanera, irakasle guztiek euren ordutegiak behar bezala prest eduki ditzaten, euren bizitza kalitatea gehiegi aztoratu gabe ahal dela. Ea asteartean zein mutur ikusi eta kexa entzun behar ditugun.

Aurretik, eta udako oporrei behar bezalako itxiera emateko, eta bizitza sano honekin pittin bat apurtzeko, bihar Bilbora joango naiz, aurten entzun dudan moduan, “de vez en cuando, hay que ser un poco cucaracha”

Ba hoixe, asteburu on eta lanera buelta ederra izan dezazuela.


2026/07/23

UZTAILAK 23 (oporrak)

Astebete pasatxo daramat oporretan.

Esan dezaket bizirik irten naizela Espainiako futbol selekzioak mundiala irabazteaz, hau da, apenas heldu zait horren inguruko berri, komentario eta plastadarik, ziurrenik informatiboak eta kate espainolak ikustea ekidin dudalako. Horren harira, aurreko igandean euskal selekzioen aldeko manifestazioan izan nintzen, eta bertan erabilitako lema batzuk ez nituela oso gogoko izan aitortu beharra daukat. Jendea independentziaren kausara erakartzeko besteak iraintzea ez zait biderik egokiena iruditzen, pribatuan nahi duguna esan dezakegu, baina publikoan mezuak zaintzen ikasi beharra dagoela pentsatzen dut. Nik ere esan dezaket puto futbol, baina manifako ehuneko laurogei eta hamabosta gutxienez haserretuko nuke. Baina gaia ez da hori. Gaia da nazioa garela aldarrikatzea, eta gure izenean lehiatzeko eskubidea izatea, inolako eragozpenik gabe. Baina tira, han egon nintzen hooliganen artean nahasturik konbentzimendu osoz.

Bestela, momentuz egun hauetan ez dut gauza handirik egin, ez bada hondartzara joan, mendi irteera batzuk egin, kontzerturen bat ikusi, zineman freskuraz gozatu, iratzargailurik gabe lo egin, gehiago irakurri, sofan etzanda orduak igaro. Hori da, oporrak. Bizitza sozialerako tarte gutxi oraingoz, bikoterik eta kuadrillarik ez izatearen ajeak eta ondorioak. Egia esan munduarekin haserre samar nabil eta nahiko asozial. Horrek ez dit on gehiegirik egiten, baina gero eta zailagoa egiten zait bidelagunak topatzea. Batzuetan zoritxarreko ni, besteetan aldiz zorioneko pentsatzen dut, hortik ikusten ditudan harremanak eta bizitzak ikusita. Baina tira, ez nadin ezkor jarri, oraindik nire zeta topatzeko itxaropena ez baitut galdu, horretarako gutxi falta zaidan arren.

Oporrez ari nintzen. Turista izatea tokatuko zait aurrerago, baina oraingoz, esan bezala, oporrak etxean, herrian, probintzian igarotzen ari naiz, gustura gainera. Eta zergak bertan ordaintzeak, erlijiosoki esan dezadan, ematen dit dirua zertan inbertitu beharko litzatekeen esateko eskubidea. Ba berrize, beste inoiz aipatu izan dudan gaiarekin natorkizue: gure basoen eta mendi ibilbideen egoeraz.
Atzo hamahiru bat kilometroko ibilbide bat egitera joan nintzen, markatutakoa, nire herrian. Beno herritik abiatuta, gero hor ibili nintzen Nafarroa, Orereta, agian Donostiako mugetan, ez dakit oso ondo. Bakar bakarrik ibili nintzen. Turismo zero, nik eskertzen dudan gauza, baina aisialdirako eta kirolerako gune bezala markatuta egonik ze gutxiago bidea garbi mantentzea baino. Ikusi behar dituzue nire hankak eta besoak gaur, denak harramazkaz beterik. Ba hori, bidea zikin, iniztorra izugarri hazita, eskerrak dena lehor dagoen, euriarekin handik pasatzerik ez baitzen egongo, sasiak nonahi, lotsagarri samar. Instituzioek diru gehiago gastatu beharko lukete bertako turismoan, gure guneak, gure ibilbideak, gure basoak zainduz, lana sortzeko beste modu bat litzateke gainera eta gure aisialdiaren kalitatean eragingo lukete, gu gara azken finean hemen bizi, produzitu eta kontsumitzen dugunak egunero, cheesecakik jan ez arren.

Eta aisialdiari lotuta, jazzaldian murgilduta gaudela, ez, atzo ez nintzen ETS ikusten egon, besteak beste gure politikoei ez zaielako okurritu horrelako egunetan gaueko autobus zerbitzuak jartzea probintziako kideoi. Hobe lukete hirurehun mila horietako parte bat herritarren mugikortasunean inbertitzea, guk ere aisialdi horretaz ganoraz disfrutatzeko aukera izateko. Baina aizue Donostia turistez lepo zegoen, dago. Zurriolatik buelta bat eman eta ez zegoen tokirik ezertarako. Egia esan planazo bat da, giro onarekin hondartzan kontzertuez gozatzea. Baina asteburura itxaron behar aldirietan bizi garenok.

Eta gaurko bero saparekin hemen nago itzaletan, pantaila aurrean hitz hauek izkiriatzen, ondoren zer egingo dudan erabakia atzeratzen ahal beste. Eta zu zertan zabiltza zeta maitea?

Gozatu oporrak, uda giroa edo dena delakoa.

 

 

2026/07/15

UZTAILAK 15 (ze nezesidade)

Gaur hilak 15 nire oporretako lehen eguna.

Ze nezesidade hilaren batetik oporretan egon nintekeenean hartzen ditudan erabakiak hartzeko, galdetzen diot neure buruari; ze nezesidade besteen hanka sartzeak zuzentzen aritzeko, besteen lana gainbegiratzen ibiltzeko, ze nezesidade. Ze nezesidade besteen lana antolatzeko, kritika besterik ez dela etorriko jakinik.

Egun batean lankide batek -nahi duzulako- esan zidan, zuzendaritza taldeetan egoteak dirua eta ospea ematen duten karguak bailiran. Isildu egin nintzen, nahi dudalako ez, zuek ez duzuelako nahi erantzuteko egon nintzen, konpromisoagatik esatekotan egon nintzen, militantzian ibili garenok sinisten dugun horretan konpromisoak hartzeko joera dugulako, tontoak garelako akaso, edo mundu hobe baten alde eragiteko modua iruditzen zaigulako. Ez diogu ordutegiari begiratzen esateko hamarretan sartzen garela eta ez garela lehenago etorriko, bestelako jarrerak izaten ditugu, lanaz haratago zerbait ona egiten ari garelako ideiak bultzatuta, askorentzat gauzak gaizki egiten ari izanaren ordaina jaso arren.
Edozein kasutan, nezesidade ez, baina hemen nago eta gaur hartu ditut oporrak. Eta gaur hasi da nire urteroko noraeza, nire burua, gogoa eta errealitatea guztiz kokatu arte.

Zer egin? Mendira joan, hondartzara? Norbaitekin plana egiteko aukera? Telefonoa hartu eta baten bati deitu? Edo beti bezala bakardadeari aurre egin naturan galdurik? Baina azken garaietako bero sapa honek ez du asko laguntzen. Hainbat plan egiteko gogoa guztiz ezerezten dit, eta hemen nabil denborari aurre hartu nahi baina ezinean. Gainera, aurten disgustuak besterik eman ez dizkidan furgonetarik gabe nago eta horrek aukerak mugatzen dizkit. Ea ostiralerako lixto dudan.

Baditut planak abuzturako, baina ordura arteko bi asteak oso luze egingo zaizkidalakoan nago, ez badut munduari begiratzeko nire modua aldatzen bederen. Damu naiz uda osorako oporrak hartu ez izanaz, alde batetik; bestetik, lagunekin egiten ditudan planak beharrezko ditut nire gogoa bizirik eta alai mantentzeko. Aitzitik, ezer egin gabe egoten ikasi behar dut, askotan sentsazioa baitaukat beti zerbait egiten aritu behar izanaren gurpilak harrapatuta naukala, ez naizela gai besterik gabe liburu bat hartu eta etxean lasai egoteko, kanpoan dagoen giroari begiratu gabe.

Eta nire mundutik haratago futbola. Atzo Donostian ez dakit zenbat Espainiako kamiseta ikusi nituen. Gauean, etxean nengoela, golen ospakizunen oihuak heltzen zitzaizkidan auzoen etxeetatik, eta igandean, Donostian, pantaila erraldoia jarriko dute finalaren jarraipena egiteko. Ez da duela urte batzuk imajinatuko nukeen egoera, baina hori da bizi dugun errealitatea, beste batean sinisten dugunok ez badugu konpromisorik hartzen gauzak aldatzeko. Ze nezesidade gauzak aldatzeko, datorrena etsipenez onartu beharrean. Ze nezesidade.

Ba horixe lagunok, bakoitzak bere erabakiak bere konbikzioen baitan har ditzala.

Karmengo jai onak igaro ditzazuela!

2026/06/23

EKAINAK 23 (Udako Solstizioa)

Larunbata da. Goizeko 4:30etan jo dit iratzargailuak. Ez nuen behar, ez baitut lorik egin. Gau guztia iratzarrik igaro dut, urduri, korapilo bat sabelean eta etengabe mugikorrari begira, heldu ez den zure mezu baten zain.

Aietetik pasa naiz lagun baten bila eta gero unibertsitateetan aparkatu dugu. Bost terdietan abiatzen da BECerako busa. Ezgauza naiz, lo egin barik, emozionalki txikituta, amaren dolua bizirik, zuk eragindako zauriak haragi bizitan.
Baina bizitzan dena ezin da txarra izan, denok merezi dugu atseden bat, airea hartzeko zulo txiki bat, arnasgune bat minatik haratago.

Bingoan bezala zenbakiak ateratzen hasi dira, bigarrena bosta izan da (edo seia zen), IEUP bat egin dut besoarekin, ahoarekin, nire zenbakia da, nire bola, nire gaia, ezin zitzaidan besterik tokatu, 75etik horixe, besterik ez. Dardar batean jarri naiz, ez ditut beste zenbakiak entzun, ez ditut behar, nirea atera da, listo.

Lo egin gabe zaude, baina ideiak ordenatzeko unea da; lasaitu, arnastu, hasi eskema bat egiten eta bota barruan daukazun guztia, zure bizitza laboralean denbora gehien azaltzen eman duzun hori ganoraz eta maila jasoan botatzen, adierazten, ordenatzen. Gogoratu gidoiaz, dena txukun, bibliografia sartu eta pedagogikoki non eta nola jorratuko zenukeen azaldu.

Gustura geratu zara. Bederatzi bat gutxienez esanez irten zara bi ordutako froga horretatik. Orain hirukoaren bila joan behar duzu. Hiruko batekin media eta aurrera. Zailena eginda dago. Baina zailena ondoren etorriko da, bigarren partea egiten hasi eta ikustean ezer ez zaizula ateratzen. Lehenengo problematik bigarrenera, hirugarrenera ondoren, eta horrela seigarrenera arte eta buelta hasierara. Ez dago modurik. Zazpigarren galdera bat ere bada, baina ez duzu ikusi. Nerbioak jota zaude, buruko mina, amorrua. Berrize zerotik hasi zara, eta egin duzun apurra garbian, ondo azalduta adierazi duzu. Ez dago itxaropenik.

Lur jota irten naiz BECetik.

Busa hartu eta buelta etxera. Gaur San Joan bezpera da eta besterik ez bada mozkortu egingo naiz, txarra erre eta beste zerbaitetan pentsatzeko aukera. Bost terdiak aldera heldu naiz etxera. Bazkaldu egin dut, birra batekin, gero beste batekin, hirugarrena ere zabaldu dut. Deitu egin didazu, Hernanin zaudela. Orain? Orain zatoz niri jaiak izorratzera? Etxera etorri zara, negar egin dugu, gogorra izan naiz zurekin, orain ez zaitut hemen nahi, orain ahaztea behar dut eta ondo pasatzea, ez zutaz pendiente egotea.

Zortzi urte igaro dira ordutik. Azkenean hirukoa lortu nuen, baita gainditzea ere, bederatzikorik jarri ez zidaten arren. Zuk eragindako zauriak jada itxita dauzkat, orain beste batzuk ditut, arinagoak ziurrenik, baina gaur ere San Joan bezperan irtengo naiz, eta suteak egitea debekatua dagoen arren, nire minak eta roillo txarrak, gogoan besterik ez bada, erreko ditut, errautsetatik ni berri bat sortzeko asmoz.

Gora San Joanak

2026/06/11

AMETS (busti) BAT

Aulki batean eserita nago

hankak zabalik

buru bat nire iztartean

gora begiratu du

irribarre bat ahoan

 

Zu zara

nire barrunbeak esploratzen

 

Derrepentean esnatu naiz

izerditan blai

dena bustita

baita hankartea ere

eta ohean bilatu zaitut

ametsetan nagoela

jabetu arte

 

Penatuta baina

lanak neure kabuz

amaitu behar izan ditut

zure ahoaz nire sekretuak

miazkatzen zabiltzala

imajinatzen dudan bitartean 

2026/06/04

BESTE (amets) BAT

Herenegun nioen amets bat nuela. Beno, zintzoa izateko amets ugari daukat, edo izan dut edo izango dut. Lehengoan bihotzeko kontuetan korapilatu nintzen, maitasuna delako mundua mugitzen duena, edo hori da behinik behin nire iritzi xumea. Baina bestelako ametsak ere baditut, ugariak, eta batzuk sekula beteko ez direla dakidan modu berean, beste batzuk gauzagarriak dira. Eta gauzatzen dira.

Ez da nire asmoa hemen eta orain biluztea, nire amets guztiak aitortzea, norberarentzat gauzak gordetzea ederra baita, hor baitatza ametsaren magia. Baina beste bat aitortuko dizuet, zuentzat huskeria bat izatearen inolako beldurrik gabe.

Amets bat izan dut, eta bertan itsasondoan egiten nuen lan (bai, gehiengoak bizirauteko lana derrigorrezkoa dugu, lanak duin egiten diguneko esaldi, iritzi edo dena delakoa, jauntxo kapitalista batek botatako amarru bat dela pentsatu arren). Ba esan bezala, lanetik irten eta itsasondoan nengoen, olatuen marmarra entzunez, laneko estresa paseo bat emanez baretuz, edo uretan murgilduz.

Ba aizue, ametsa bete zait, lortu dut. Nire jubilazio arteko lan urteak itsasondoan igarotzeko aukera izango dut, eta egia esanda oso pozik nago. Maitasunik ez, baina, gutxienez, egunero bakea sentitzeko tartea izango dudalako.

Amets bat nuen (beste batzuen artean) eta bete zait.

Amesten jarraituko dut, zer gerta ere. Eta zuk, ba al duzu ametsik?

 

 

 

2026/06/02

EKAINAK 2 (I have a dream)

Irakurle maitea, ez zaitzala izenburu horrek nahasmenera eraman. Ez naiz ariko 1963ko abuztuaren 28 hartan Martin Luther Kingek ahotan izan zuen ametsaz. Ni ez naiz ez kolektibo baten, ez herri baten, ez erakunde baten eledun, ezta inoren ordezkari ere. Ni neure buruaren adierazle besterik ez naiz, eta oraingoan nire hitzek altruismotik gutxi izango dute, nire zilborretik eta nire zilborrerako adierazitakoak besterik ez dira.

Amets bat daukat, sarritan errepikatzen zaidana, esna nagoela, beti. Kaletik noa eta ustekabean parez pare agertzen zara. Elkarri begiratzen diogu, hurbildu egiten gara eta hitzik esan gabe aurrez aurre gaudenean, besarkatu eta musukatzen hasten gara, sutsuki.

Irudi hori hainbat filmetan ikusi izan dugu sarri, baina beti esaten da errealitateak fikzioa gainditzen duela, beraz, zergatik ez litzaidake niri halakorik gertatu behar?

Eta bai amets hori izan dut, askotan, maite desberdinekin, bizitzako une anitzetan, baina orain artean ez zait sekula bete. Aitzitik, normalean kontrakoa gertatu izan zaidala iruditzen zait, nire desiotako objektua ez ikusiarena egiten saiatu dela alegia. Edota hori ezinezkoa izan bada, nahiko hotz agurtu nauela eta ni gainetik kentzen saiatu dela dida batean. Horrelakoak gogorrak izaten dira, baina lainoetatik jaisteko beharrezkoak, amets bat izatea ondo baitago, baina amets ezinezko batean bizitzea gehiegikeria da, zoriontasunaren bila dabilen nire gisako izaki sinple batentzat.

Bai, amets hori nuen, zurekin, lehenago beste batzuekin izan dudan modu berean, eta goizetik gauera zapuztu egin zait. Errealitatezko bainu bat hartu dut, ez gozoa, ezta oso garratza ere, jakitun bainintzen ez zenuela nirekiko inolako interesik, baina nik amets bat nuen.

Eta amets ezinezko horietan katramilatuta nenbilela, errealitateko une inportante bat pasa zait ustekabean. Ama, atzo ez nintzen zurekin akordatu, gugandik joan zinela hamar urte betetzen ziren egunean. Badakit ez zarela nirekin haserretuko, egiten dudan gauza bakoitzean, beno ez guztietan, zu baitzaitut gogoan, eta badakizu beti ametsetan galtzen naizela.

Amets bat neukan. Espero dut bihar beste bat edukitzea.

I had a dream, but I need another one.