2011/02/20

aldaketak

Tabernan sartu zara
dena iluna da
ez duzu ezagunik ikusten 
zurekin daudenak ere
arrotzak zaizkizu
disimulatzen saiatu zara
baina ez zara eroso sentitzen
hura jada ez da zure tokia
jada ez da zure jendea
ez behintzat lehen sentitzen zenuen moduan
Zalantzarik ez
aldatzeko garaia da
jendea, tokia, ...
agian dena aldatu behar duzu
zure espazio berria bilatu, topatu
jende desberdina zure bizitzan sartu
ez da traizio bat, bizitza da
elkarrekin egin duzue bide luze bat
eta orain bidegurutzean zaudete
batzuk argi dauzkate hurrengo urratsak
zuk ez, baina ez zara haien atzetik joango
atsedena hartzera geratu zara
aukera guztiak ondo aztertuz
eta pixkanaka bizitza berriari helduko diozu
Erabakia latza da
horretan bakarrik zaude eta
baina ekingo diozu zure patua eraikitzeari
zure tokia munduan bilatzeari

2011/02/16

"ene" joxepa!

Dakizuenez fisika, materiaren aldaketa fisikoak edo fenomeno fisikoak aztertzen dituen zientzia da. Horietako aldaketa batzuk optikoak dira, argiarekin zerikusia dutenak. Islapena edota itzala fenomeno arruntak dira guretzat hauek ikusten ohituta baikaude, baina niri islapena bereziki (bestea sinpleagoa baita) fenomeno harrigarria iruditzen zait.
Gorputz bati argiak ematen dio (uhin elektromagnetiko multzo bat), honek luzera batzuetako uhinak surgatu eta beste batzuk errebotatzen ditu eta horri esker ikusten dugu dagokion forman eta kolorean. Objektuaren aurrean material islatzaile bat jarriz gero, fenomenoa errepikatzen da, hau da, material horretara objektuak errebotaturiko uhin multzoa heltzen da eta honek era berean uhin guztiak errebotatzen ditu, (irudiak kalitatea gal dezake materialaren arabera), eta horrela behin eta berriz gerta daiteke.
Niri islapenak izugarri gustatzen zaizkit, argazkietan sarri bilatzen ditut horrelakoak. Argazki honetan n joxepa ikus ditzakezue hiru ispiluei esker, edo nahiago baduzue hiru joxepa ber n. Bat ere ez ez da erreala, denak irudiak dira, argazkia bera bezala.

2011/02/12

Diktadurak nonahi

Telebistari eta medioei kaso eginez gero, batek pentsatuko luke munduan hiru herrialdeetan soilik daudela erregimen "diktatorialak". Lehena nola ez Kuba, baita Txina eta Ipar Korea ere. Venezuela ezin horrela etiketatu hauteskundeak egiten dituztelako, baina Hugo Chavezen irudia ederki dakigu zein den medio "demokratiko" guztietan.
Nik onartzen dut, geografia politiko kontu horietan ez nagoela oso jantzita (bat ere ez ez esateagatik), baina medioetan ikusi eta irakurri dudanagatik pentsa nezakeen munduko beste herrialde guztietan "demokrazia" zela nagusi. 
Hara nondik eta gure ekialdera gertatzen ari diren errebuelta guztiak medio, orain enteratu naizen Tunezen, Egipton, eta beste hainbat herrialdeetan ere diktaduretan bizi direla.
Danok entzun izan dugu homosexualek Kuban arazoak omen dituztela gobernuarekin, (hor dugu Reinaldo Arenasen kasua esaterako, Julian Schnabelek filme batean erretratatu zuena), baina ba al genekien Egipton homosexualitatea heriotzarekin kastigatua zegoenik, bide hori erabili ez badute ere?
Herrialde horiek direna izango dira, baina mendebaldeko estatuei ez zitzaien interesatzen horien aurka joatea eta gu itsu itsuan denok Tunezera oporretan hegaldiak merkeak direlako besteak beste, jakin gabe hango herritarrek zein pribazio eta zein bizi baldintzak dituzten eta zein askatasun edo askatasun eza bizi zuten. Hori bai Venezuela edo Kubara joanez gero, dena luparekin begiratuz konstatatzeko hango gobernuek benetan herritarrak askatasunik gabe dituztela...
Zein nazka ematen duten gobernuek, euren mezulariek, eta mundua manipulatzen duten guztiek.
Mundura iraultza dator, argi dago. Horrela ezin jarraitu. Gaiztoen eta onen kontu hori amaitu da (niretzat sekula existitu ez bada ere, edo "gaiztoen" alde agertu naizelako beti edo ia beti); ireki ditzagun begiak, zabaldu burua, eta aldarrika dezagun justizia, herritar guztientzat, mundu zabalean, ea danon artean bizitza duinago bat izatea lortzen dugun aldamenekoa errespetatuz.

2011/02/06

Witness for the Prosecution


Hainbeste telezaborraren artean kateren batean azken boladan film interesgarriak botatzen hasi dira.
Atzo larunbata, etxean goiz eta zein nire sorpresa la sexta 3-en honako hau: "Witness for the prosecution" 1957an Billy Wilderrek zuzendutako zine beltzeko film zoragarria. Tirone Power, Marlene Dietrich, sekundario mundial batzuk (etxeko laguntzailea eta erizaina besteen artean) eta Charles Laughton handia abokatu lanetan.
Azkenaldian gutxitan izan dut telebista ikusiz hainbeste disfrutatzeko aukera, ea hau ohitura bilakatzen den eta beste kate batzuk ere eredu bera jarraitzen duten.
Ahal baduzue bideotekan hartu, (edo deskargatu...) benetan merezi du eta.

2011/02/05

GORROTOA

Ikasle batek gorroto dudala adierazi du herriko aldizkarian.
Horrek hausnarketa ugari sortarazi dit.
Herriko aldizkariak, euskara bultzatzeko asmoz herri guztietan sortutako ekimenak, euskara hutsean izanagatik ere, esateko eta eztabaida askotarako ematen duten horiek, nire uste apalean, erabiltzen duten gaitegi, tonu eta abarrengatik... baina ez da nire asmoa horretaz aritzea oraingoan, tesi baterako emango lidakelako, agian.
Gorrotoa. Hitz potoloa. Horrek sortu dit harra, barruan, zer da ba gorrotoa?
Ikasle batek gorroto dudala sentitzen du eta hala adierazi du publikoki, nire izen eta guzti, baina nik inor gorroto al dut? Edo inoiz gorrotatu al dut inor?
Niretzat gorrotoa maitasunaren pareko sentimendua da. Pertsona asko apreziatzen ditut, baina maitatu? Eta gorrotatu?
Nazka ematen didan jendeak indiferentzia besterik ez dit sortzen.
Norbait gorrotatzeko zerbait oso gogorra egin behar izan dit. Egia esan halako sentipenak oso pertsona gutxirekin izan ditut, eta beti, edo ia beti, maitasunaren aurkako erantzuna moduan, erreakzioz, momentu zehatzetan, maitasunak bihotza apurtu dizun horietan, baina beti akzioa bueltan etortzen delarik.
Ez, nik ez dut sekula ikaslerik gorrotatu, badaukat beste zereginik nire barrua hortan murgiltzea baino.
Ikasleak hezitzea da nire lana, gauza batzuk erakustea, irakastea. Batzuekin primeran konektatzen duzu, beste batzuekin tira, batzuekin ez duzu feelingik, punto.
Benetako gorrotoa, inoiz sentitu badut, noizpait bai, beste eremuetarako erreserbatua daukat, nire eguneroko lanaz oso urrun.
Oso gogorra zait nire izena eta gorrotoa hitzak esaldi berean irakurtzea, herriko aldizkarian. A zer irudi izan behar duten nitaz, herrian, gorrotatzaile borde hori.
Seguruen ez ditut ikasleak maite, batzuekin oso ondo konektatzen dut, baina beti ere beraiek hor eta ni hemen; batzuk urteetara lagun bilakatzen dira, gutxi batzuk, beste batzuk nire listetatik pasatako izen ezagunak besterik ez dira, baina gorrotoa arazo potologoei erreserbatutako bizipena da. Eta zenbat eta gutxiagotan sentitu orduan eta hobe.