2010/09/13

Euskal iheslari politikoen mezua Sarrionaindiaren ahotsean.

Orain topatu dut nik bideo hau, benetan interesgarria eta bizi garen garaietan ezinbestekoa.

ITZALEAN

Txikitan txikiegi ote zinen niretzat
Kontua da ez nuela zugan erreparatu
Aldamenean eduki zaitut urteetan
Bainan nire handitasunak ez ninduen zu ikusten uzten
Orain zu ote zara handiegi niretzat
Kontua da zure inguruan egon arren
Ez nauzula ikusten
Edo ikusten banauzu
Ez duzula nigan erreparatu

Zein paradoxikoa den bizitza
Beti nahi dugu eduki ezin duguna
Edo beti heltzen gara berandu gure ametsetara
Edo besteen ametsak esku tartean urtzen zaizkigunean
Orduan bakarrik bizi nahi ditugu
Inoiz egingo al zaigu errealitate norbaiten ametsik?

Eta horrela igaroko zaigu bizitza
Handitasuna txikitzen zaigun bitartean

AMETSAK AMETS

BEDERATZI
Hasieran zinema zuzendaria izan nahi nuen
Baina filmak zinema aretoetan ikustearekin konformatu naiz
Ondoren idazlea izan nahi nuen
baina liburutegietan harturiko liburuak irakurtzearekin konformatu naiz
Hurrengo batean argazkilaria izan nahi nuela pentsatu nuen
Baina besteek egindako erretratuak erakustaretotan ikustearekin konformatu naiz
Zurekin egon nahi dut
Baina zurekin amets egitearekin konformatu beharko dut.

BIZITZA

Poetak zioen bizitzea hori dela
Maitasunaren bila ibiltzea urtietan zehar
Eta hortan ni aditu xamarra naiz
Hortan joan zaizkit azken hamar urteak
Edo agian azken hogeitamarrak
Eta aurretik dauzkadan horiek ere
Hortan pasako ditudala iruditzen zait
Izugarria da
hain triste eta bakarrik bizi naizen honek
neuk daukat bizitzaren sekretua
eta inguruan dauzkadanak pentsatzen dute
nire bizitzarekin zer egin ez dakidala
inozo halakoak
jakingo balute
nik dakidala bizitzea zer den
ez beraiek

IMAJINAZIOA

BEDERATZI
Nire leihotik zure etxea ikus dezaket
Eta imajinatzen dut
Nolakoa izango den zure logela
Zein liburu izango duzun mesanotxean
Zein erretratuk edo koadrok jantziko dituzten zure paretak
Zein kolorek argiztatuko duten zure espazioa
Zein diskak joko duen zure aparatu estereofonikoan
Zein filma egongo den ipinia zure dvdan
Eta bereziki imajinatzen dut nolakoa izango den zure loa
Zer ez nuen nik emango lo hori zaintzeagatik
Gau batez besterik ez bada ere
Baina imajinatzekotan
Hobe imajinatzea gauero zaintze zaitudala
Zure aingeru goardakoa naizela
Zu konturatu ez arren
Horrela ere
Pozik biziko nintzateke

2010/09/06

ETAren adierazpenen harira

Beste mundu batekoa izango naiz seguruen, amari galdetu beharko diot zein planetakoa den, ze atzo eta gaur egunkari, irrati eta telebistetan irakurri, entzun eta ikusi ditudanak flipatu arazi egiten naute.
Gure herriak gatazka politiko bat bizi du (batzuk hori ikusi nahi ez arren) eta gatazka politiko horren ondorioz gatazka armatu bat ere bizi du. 
Batzuentzat hori da gatazka bakarra, armatua alegia, eta hori aitzakitzat erabiliz herri honi hainbat eskubide ukatzea argudiatzen dute. 
Horrez gain, sektore batek beldurra bizi izan du bere larruan ETAren mehatsua dela eta, (beste sektore batek beldurra bizi izan duen eta egun bizi duen modu berean, baina gaur ez naiz horietaz arituko) ulertzekoa.
Ni ez naiz bizitza edozein preziotan defendatzen duen horietakoa, batzuk buruarekin paretan joko dute agian nire etika, moral "faltagatik". Niretzat bizitza arnasa hartzea baino zerbait gehiago da, bizitza duintasunaren eta justiziaren eskutik doan zerbait da, baina beste batzuentzat ez. 
Beste batzuek bizitza (arnasa hartzea) edozein gauzaren gainetik jartzen duten balore bat da, ez dut konpartitzen baina ulertzen dut, eta horien adierazpenak dira hain zuzen ere ulertzen ez ditudanak.
ETAk, erakunde armatu batek, hilabeteak direla erabaki zuen ekintza armaturik ez zuela burutuko, atzo jakin genuen eta askorentzat berri pozgarria izan da arrazoi desberdinengatik. Batzuk aipatzearren inorentzat atseginak ez diren erasoak gertatuko ez direla esan nahi baitu; aitzakitzat hori erabili dutenek orain beste jarrera batzuk hartu beharko dituztelako edo beste aitzakia batzuk erabili herri honek bizi duen eskubideen ukazioa defendatzeko,...
ETAren adierazpena nahikoa den, ez den, ... horretan hastea ez al da debate antzua? Eta hori da medio gehienetan eta politikari askorengan entzun ahal izan duguna. Nondik eraiki behar dugu etxea teilatutik ala sototik?
Ez al lukete agintari guztiek eta gizarte guztia pozik egon beharko ekintza armaturik egongo ez delako (ETAren aldetik esan nahi dut)? Ez al da hori hasiera ona, aurrera pausoak ematen hasteko? Eta ez al da optimismoa inguruan zabaldu behar duguna, herritar guztiok giro horretan pixkanaka presioa eginez egoerak atzera bueltarik izan ez dezan, benetako prozesu demokratiko bat ireki dadin eta herri honetako eragile guztiek, berriro diot guztiek, eta berdintasun baldintzetan parte har dezaten?,...
Baina ez, gehienen mezua ezkorra izan da (indar abertzale batzuen kasuan salbu), askorentzat piztu den itxaropena zapuztu nahi dutela dirudi, badakit askotan politiko batzuen jarrerak halakoa izan behar duela, segun eta zein bandotan dagoen, baina ez dakit konturatzen ote diren sortzen duten ezinegonaz, erabiltzen duten maltzurkeriaz..., finean justizian oinarritutako bake batetik oso urrun dagoen mezua zabaltzen dute inguruan eta hori guztia bueltan etortzen da lehenago edo beranduago.
Benetan flipatuta nago, ez dut ulertzen, baina ni pozik nago eta nire esku dagoen guztia egingo dut prozesu bat martxan jar dadin eta egoerak apurka apurka aurrera egin dezan atzera bueltarik gabe, merezi dugulako, asko sufritu dugu jada, herri honek merezi duelako, Euskal Herriak merezi duelako.