2011/03/23

Agenda 21

Nork ez du entzun agenda 21 programez?
Duela urte batzuk, bizi garen gizarte garatu eta demokratiko hauetan, baten bat ohartu zen munduan egiten ari ginen ustiapena gehiegizkoa zela eta nolabait horien efektuak orekatzeko plan batzuk jarri behar zirela martxan. Agian dena hasi zen Kyotoko protokoloa sinatu zenetik, ohartu zirelako atmosferara isurtzen ari ginen gasen kopurua gehiegizkoa zela,... batek daki.
Kontua da herri guztietan horrelako programak garatzen hasi zirela. 
Herri edo zonalde bakoitzak gai bat aukeratzen du, izan daiteke ura, birziklapena, kontsumoa, energia,... eta gai hori oinarritzat hartuta ikastetxeetan gaia aztertzen da, egoera, arriskuak, eta azkenik ikasleek proposamenak egiten dituzte, gero udalbatzetan aurkezten dituzte eta herri mailako akordio batzuk hartzen dira (hauek sinbolikoak izan badaitezke ere).
Nik dakidala Gipuzkoako herri guztietan egiten dira horrelakoak. Helburua beti garapen iraunkorra bultzatzea eta bideratzea.
Nik lan egiten dudan zonaldean EAJ eta PSOE-ko alkateak daude eta hauek ere horrelako programak bultzatzen dituzte, eta hain zuzen ere bi alderdi hauetako karguak izan ziren lehengo ostiralean Zubietako erraustegiko lehen harria jarri zutenak.
Agenda 21 = erraustegia? Uiiiiii, uste dut galdu naizela edo nire ikasle batzuk esaten duten moduan motza naizela, ze bi kontzeptu horiek batera ez didate koadratzen. 
Norbaitek esplikatuko al dit, nola defendatu daiteken garapen iraunkorra, berotegi efektua sortzen duten gasen isuriketaren murrizketa, eta erraustegi bat jartzea aldi berean?
Nola ager daiteke inor zaborrak biltzeko atez ateko sistemaren aurka eta garapen iraunkorraz hitz egitea?
Nola bultzatu daiteke AHTa egitea, Gipuzkoako eta Bizkaiko kosta zeharkatzen dituen bia bakarreko tren kaxkar bat daukagun bitartean, jakinik hau egokituko balitz milaka pertsonek erabiliko luketela euren lantokietara joateko autoa etxean utziz? Horrela bai aurreztuko litzatekela erregaietan, eta noski konbustioan sorturiko CO2-a murriztu.
Bai gizarte demokratiko eta iraunkorretan bizi gara. 
Zorionez herritarrok beste ikuspegi batzuk ditugu eta baditugu horiek adierazteko bideak. Lehengoan Zubietako frontoian izandako flash-mobak hori erakutsi zigun. Benetan ikusgarria izan zen. Ehundaka pertsona, heldu zein gazte, batera dantzatzen, euren haserrea modu alai eta baketsu batean adieraziz. Gazte japoniar batek irakurritako mezua izan zen protestari amaiera jarri ziona, ze hemen eta mundu guztian ere argi dago nuklearrak ez datozela bat iraunkortasunarekin "jakintsu" asko oraindik kontrakoan tematzen bada ere.

1 comment:

  1. Iraunkortasuna, agenda 21, ekologia...banderak dira, eta haizeak aireratu egiten dituen bezala, barealdiak trapu bilakatzen ditu. Hainbatek bere ahoa betetzen du hitz potoloz, eta poltsikoak bestelako kontuez.

    ReplyDelete