2012/03/21

Changes

Bi urte pasatxo dira kaiera hau hasi nuela. Asko kostatu zitzaidan pausua ematea, lotsangatik edo, baina hasi nuen, eta, egia esateko, neure ikuspegitik eman ditu bere fruituak. 
163 sarrera egin ditut guztira, batzuk arinagoak, besteak sakonagoak, baina beti ere neure gogotik, neure barrutik. 
Niretzat terapia izugarri ona izan da. Esan dezaket, batere lotsarik gabe, hondamenditik atera nauela sarri, heldu leku bat izan dela nire egun txarrenetan.
Irakurleei dagokienean, zer esango dut? Ba, oso pozik sentitzen naizela. Hasieran despistaturen bat sartzen zen hona, orain despistatu bi edo, baina azken hilabeteetan gora egin du kopuru horrek, eta horrek motibatzen du, zalantzarik gabe. Mila esker despistatu guztiei.
Hala ere, kaiera honi orrialdeak agortu zaizkio, eta berri bati ekiteko unea heldu zait.
Joxeparen Kaierak jarraituko du, betiko tonuan, betiko doinuan, baina ez hemen. 
Irakurle maitea, aitzina, ZuZeun topatuko nauzu,(http://zuzeu.com/blogak/joxeparen-kaiera) hala nahi baduzu, behintzat.
Eskerrik asko ezezagun ezkutu guztiei, zuek gabe ni ez nintzateke ezer.
Gaiztoak izan!
Joxepa

2012/03/09

fukushima mon amour

Blogen historia hau oso bitxia da. 
Sortzen duzu zerbait adierazteko duzulako, zure barrua hustutzeko beharra daukazulako, nahiz eta jakin, ziurrenik, oso jende gutxik irakurriko duela. Gainera, ez duzu inolako feedbackik jasotzen. Beraz, inoiz ez dakizu, esaten, edo pentsatzen, edo sentitzen duzuna zer nolako eraginak sortarazten dituen irakurleengan. Hala ere, berdin zaizu, eta jarraitzen duzu tarteka zerbait idazten nahi duzulako, besterik gabe. 
Baina, egunen baten deskubritzen duzu jarraitzaile fidelen bat duzula, eta haren jarraipena egitea joku moduko batean bihurtzen da, eta engantxatu egiten zara (ziurrenik beste inolako engantxerik ez duzulako).
Duela urte bete deskubritu nuen norbaitek Japonetik jarraitzen ninduela. Lehen bisita ohargabean pasa zitzaidan, baina egun terdiro Japonetik bisitari bat nuela ikusi nuenean, kuriositatea sortu zitzaidan. Estatistikek ez dute gauza handirik adierazten, baina bai zein sistema operatibo erabiltzen duen irakurleak, eta zein nabegadore darabilen. Japoniarrak beti sistema bera zuen, beraz, pertsona bera zela pentsatu nuen. Halako batean Fukushimako hondamendia gertatu zen. Egun horietan oso kezkatuta ibili nintzen, nire irakurle anonimoaz kezkatuta, ondo ote zegoen, hondamendia gertatutako ingurunean ote zen, ala urrutiago, Japoneko mapak behin eta berriz aztertu nituen, hiri ezagunen bila... Egun pare bat edo egon zen ni bixitatu gabe, baina azkenean agertu zen, salbu zegoen. Lasaitu ederra hartu nuen. 
Jarraitu zuten bixitek, baina hamabost egunera edo herrialdea utzi zuen, Japoneko bixita gehiago ez baitut eduki, eta beste herrialde batean azaltzen hasi ziren antzeko bixitak.
Egun haietan idatzi nuen nire blogean bixita gehien jaso duen sarrera: energia nuklearrari buruzkoa. Ez nuen interesatuki egin, barrutik atera zitzaidalako baizik, baina "japoniar" harek zerbait eragin zidan nire barruan, eta nire bizitzako une ilun hartara argi apur bat ekartzea lortu zuen, nahi gabe.

Honako hau idatzi ondoren, bihar ere begiratuko dut ea norbaitek irakurri nauen, ea agertzen den beste amour bat mundu zabalean zehar, edo etxetik gertu, horrek berdin dio.


2012/03/04

martxoak 8

Zeure burua aurkeztu behar duzunean, edo nonbaiten zure profila deskribatu behar duzunean, sarri, gisa honetako galderak erantzun behar dituzu: Zein pertsonai historiko izango zinateke? edota, zeintzuk dira zure ereduak bizitzan? ala, zein pertsonai miresten duzu?
Askotan egin izan dizkiot galdera horiek neure buruari, eta erantzunak ugariak izan litezke, arrazoi desberdinak medio, pertsona desberdinak iruditzen baitzaizkit interesgarri: emakume zein gizonezko, antzinakoak zein gaur egunekoak. Gehien bat politikarekin eta artea eta kulturarekin loturiko pertsonak dira, kasu askotan emakumeak, pertsona argiak, jantziak, munduari nolabaiteko ekarpena egin diotenak. Baina, edozein kasutan, miresmena kontzeptu sakonegia iruditzen zait arinkeritan ibiltzeko, edozein pertsona aipatzeko.
Egun hauetan igerilekuan, hirurogei urte inguruko emakume batekin egin izan dut topo. Bere alabarekin doa. Alabak hogeitamar bat izango ditu (edo gehiago, ala gutxiago), Down sindromea du, eta amak dutxatu egiten du, lehortu, mimoak egiten dizkio,... Igerilekura eramaten du berarekin, eta imajinatzen dut egun guztia berarekin igarotzen duela, hari ahalik eta arreta goxoena emateko asmoz. Ziur naiz amaren kezka izango dela zer izango den alabaz bera falta denean, ez dakit, baina ikusten ditudan bakoitzean sentimendu bereziak pizten zaizkit, hunkitu egiten nau, goxotasuna transmititzen dit. 
Horrelako zenbat emakume dago munduan, duen apurra, edo guztia, seme-alabei ematen diona, bueltan ezer eskatu gabe, maitasunagatik? Agian ez dute kulturarik izango, agian ez dira pertsona argiak eta jantziak izango, agian ez diote munduari mediatan agertuko den ekarpenik egingo, baina horiek dira niri benetan miresmena sortarazten didatenak.
Martxoak 8a bueltan dago, doa hemendik omenaldi sentitu bat horrelako emakume eta ama guztientzat. Horiek baitira eredugarri, bizi garen jendarte konpetitibo honetan, munduari beste perspektiba bat emateko. Biba zuek!!!!