2011/06/29

jakintza

badakit
badakidala, badakizula
ez al dakizu
badakizula, badakidala?

2011/06/28

korapiloak

Azken egun hauetan izugarri urduri sentitzen naiz, korapilo bat daukat sabelean, eta martilleo bat buruan, errealitateaz jabetzen ari naiz baina asko kostatzen ari zait onartzea. 
Onartzea nire egoera eta besteena, pasatako trenak ahaztea eta estazio berriak aurkitzea. 
Oraindik amets batean bezala bizi naiz ohartu gabe amets hori ez dela sekula existitu, dena nire irudimen hutsa izan dela, eta ezin naiz irudi horretaz despegatu, baina nahi dut eta gainera behar dut, benetan inoiz zoriontsu izateko ezinbestekoa zait ezustean edo nahigabean eraikitako muro eta kate guztiak apurtzea.
Zein konplikatuak garen bizidunak, gure bizitzan pasatako unetxoei lotzen gatzaizkie ohartu gabe hori besterik ez direla izan, transitoko uneak, baina batzuetan heldu leku bihurtzen ditugu gure gabeziak estali nahiean edo.
Bizitzako eremu guztietan denak dira askatu beharreko korapiloak, baina batzuetan gogorregiak dira eta ez dira hala nola askatzen. Eta hortan datza azken finean zoriontasunaren ardatza, norberak eraikitako kateak apurtzean norbera izaten ikasteko eta besteenganako harremanak modu sano eta natural batean eraikitzeko.

2011/06/26

ehun

Ehungarren sarrera, anibersariyua, san joanak, aspaldiko partez lasaiak, nire desfasia izan badet ere, baina tranki nao, aspaldiko partez (bai potto baina enaiz idazle), bidea egiten, bizitza eraikitzen, pausoka, pausoka, lagun zaharrak errekuperatzen, obsesiyuak ahazten, bihotza zabaltzen, burua aurkitzen,...
eskerrik asko jarraitzaile anonimoei, estatubatuarrei, alemanei, japoniarrei, brazileroei,... azken batez euskaldunei, nire txapak aguantatzearren, espero hemendik aurrerakoen doinuak desberdinak izatea, alaiagoak, emankorragoak, gozoagoak,...ondo izan zuei danoi, gutxi zarete, baina onak seguru, bizi on bat danontzat, nik neuk hori bilatzen det niretzat ere, patxo handi bat eta milesker!!!!

2011/06/20

aurrerapausoak

Gaizki sentitzen nintzen, egitera nindoana delitu bat balitz bezala. Buelta asko eman nizkion buruari baina azkenean erabakia hartu nuen, ze arraio. Eta hara non atzo enteratu nintzen zuk antzera jokatu duzula.
Ez dakit nik adina pentsatu duzun, nik bezain gaizki pasa duzun zure aukera egiterakoan, egia esateko oraindik ez diogu elkarri horren berri eman, eta ez naiz ni izango adieraziko dizuna, zure hitzen zain geratuko naiz, transparentea eta legala izateaz apur bat nekatu bait naiz.
Dena den pozik nago, apurka apurka badirudilako gure bidea egiten ari garela eta hori biontzat aurrerapauso ikaragarria da.

2011/06/18

esaldiak 2

Oroitzen naiz nola garai batean tabernetako komunetan sartzea museo edo liburutegi batean sartzea bezalakoa zen. Txixa egiten zenuen bitartean atean idatzitako esaerak edo esaldiak leitzen edota bertan egindako marrazkiak ikusten disfrutau egiten zenuen, baita ikasi ere. Jendearen ezinegona, iritziak, desioak edota amorruak adierazteko, zabaltzeko eta ezagutzeko bide bat zen eta sarri bertan bitxi txiki asko topa zenitzakeen.
Gaur egun oraindik ere batzuetan topa ditzakezu horrelakoak, baina askotan "hemen jeniffer egon zen" eta horrelakoak irakurtzen ditugu, lehengokoarekin alderatuz zer ikusirik ez.
Ez dut katastrofista jarri nahi, badakit badela kezka asko dituen jendea, adierazten direnak, antolatzen direnak, baina nire inpresioa da hori ere galtzen doala, zoritxarrez.
Edozein kasutan atzo Donostiako taberna bateko komunean esaldi bakarra idatzita zegoen (astero garbitasunekoek borratze ote dituzte edo iada ez ditu inork idazten), honako hau, eta asko gustatu zitzaidan.


galdutako aukerak ordaintzeko
ez dago nahikoa diru munduan
laztana!


Gustatzen?

riff truckers

Atzo zuzenean deskubrituriko talde bat, mundialak txo!
http://vimeo.com/8470828

2011/06/14

mete patas

Def: dícese de el o la que mete la pata, osease joxepa, ni neu!
Beste behin ere hanka sartu dut, ez da lehenengo aldia izan, seguru ez dela azkena izango, baina oraingoan nahi gabe izan da!!!!!!!... kaka zaharra!!!!!!
Zer egingo diogu, nobody is perfect, neither me!!!!!

2011/06/13

Bilduren gestioarekin bueltaka

Udalak eratu dira, normaltasuna heltzen hasi da apurka apurka gure herrira (oraindik normalizaziorako asko falta baita), baina betikoak betiko diskurtsoarekin jarraitzen dute gauzak aldatu izan ez balira bezala.
Badirudi deabrua datorrela, zer gertatuko da orain gure herriekin... 
...baina zertan ari dira euren burua demokratatzat duten politikillo guztiak? Zer pentsatzen dute Bilduko 300.000 bozak herria suntsitzeko direla ala? Zer pentsatzen dute 300.000 horiek kobazulotan bizi garela, kulturarik ez dugula, zientziaz, teknologiaz, ekonomiaz deus ez dakigula?
Atzo Donostiako plenoaren errepikapena ikusten aritu nintzen eta Gasco jaunari entzunez flipatu egiten nuen. Bere diskurtsoa entzunda bazirudien Juan Karlos Izagirre paramoan isolatuta bizi izan den tipo bat dela. Ez al da ba bera bezain donostiarra? Ez al ditu bere herriko interesak defendatuko, ez al da ba horretarako aurkeztu eta ez al da hori izan donostiarrek bere boza ematearen arrazoia?
Progresoaren abanguardian kokatzen zuen Gascok bere burua besteak gutxietsiz. Une batean hizkuntzez aritu zen, eleanitztasuna defendatuz, baina ez dakit bera eta bere talde politikoa horretan egokienak diren. Herri honetan hautetsi gutxienez elebidunak dituen alderdi edo koalizio bakarra nik dakidala Bildu da, beraz ze lezio eman behar digu euskara ofiziala izanda ere, euskara apenas erabiltzen duen gobernu baten ordezkariak? Hori al da berak eleaniztasunaren inguruan, kulturaren inguruan eta hezkuntzaren inguruan eman behar digun eredua?
Egia da Bilduko hautetsi ugari berria dela kudeaketa kontuetan, baina nor jaio da jakinda? Akaso Elorza jauna hogeitagutxi urtekin Donostiako zinegotzi berritan ezer ba al zekien guzti horri buruz?
Hemen gertatzen dena da beldurtuta daudela, zeren ematen hasi den aldaketak bere fruituak ematen baditu, eta nik hala espero dut, askori txoiloa amaitu egingo zaio.
Egia da, eta neuk hala espero dut behintzat, kudeaketa eredu berriak etorriko direla, filosofia, ideia, eta lan egiteko era berriak eta hori ez zaie gustatzen, baina guri ere ez zitzaizkigun eurek egindako asko gustatzen eta hemen egon gara. 
Saiatuko dira gobernu berri guztiak satanizatzen, betiko gaiarekin nola ez, eta baten bat engainatuko dute, baina euskaldunok ez gara ergelak, geu ere ikasiak gara, jantziak gaude alor eta eremu guztietan eta hutsuneak eta gabeziak osatzen joango gara, lehenago beste batzuk egin zuten modu berean. 
Aldaketa garaia da, herri honetan itxaropena berpiztea lortu da eta horrek ez du atzera bueltarik. Ekin diezaiogun elkarri lanari eta ikusiko dugu nola denborak bakoitza bere tokian ipintzen duen. 

2011/06/08

nor da?

nor da gogoan daukazuna, nor da
lo aurreko zure instanteen jabe, nor da
bihotzean daramazuna, nor da
zure begietan gorderik, nor da
nor da gogoan daukazuna, nor da
                               ruper ordorika

zurikeriaz

Zuzena eta zorrotza izateak bere alde onak eta txarrak dauzka.
Onartzen dut, batzuetan zuzenegia naiz, baina pentsatzen dudana adierazi beharra daukat, bereziki ideia horiek niregan eta ondokoengan eragina badute. Kontua lanekoa bada, tontakeriak eta norbanakotasunak alde batera utzi behar direlakoan nago, eta zintzo jokatu, kolektiboan pentsatuz ez soilik gure buruan. Baina hori, beste kontu asko bezala, bizitzan utopia da, ia, ia. Jendeak berea defendatzen du soilik, aportazioak bere zilborrari begira egiten ditu eta horrela ezin irtenbide egokirik topatu. Une horretan ni bezalako borde (ixkin, bazter, corner) batek bere gordinkeria botatzen badu, jendea mintzen hasten da, zerbaitegatik izango, agian bete betean arazoan eman duzulako?
Batzuk begi txarrez begiratzen zaituzte, eta besteak... ixilik geratzen dira, ohitura duten zurikeriaz. 
Horrela erraza da etsaiak egitea eta ez da atsegina, baina nahiago dut pentsatzen dudana argi eta garbi adierazi, nire kartak mahai gainean jarri besteek jakin dezaten zerekin aurkituko diren, nik zoritxarrez ez dut zorte bera izaten normalean.

2011/06/06

traste zaharrak

paper zaharrak ordenatzen hasi
trasteroan gordetako kutxa zaharra arakatu
eta hor ageri zait zure erretratua

sabela irauli egin zait
ederra zaude, beti bezala
ez, inoiz baino ederrago

denbora geratu egin da une batez
zenbat oroitzapen
zenbat une
zenbat barre eta zenbat desio

patuak zu nire gogoan gordetzera bultzatzen nau
etengabe
joan egin baitzara 
baina joan gabe
hor jarraitzen baituzu
toki guztietan agertzen baitzara
nahita 
baita nahi gabe ere

madarikatu egin zaitut
erretratua eskuan hartu 
eta sutondora hurbildu naiz
baina ezin izan dut bota

bi eskuekin tinko heldu dut
elkarrekin igarotako uneak
betirako gorde nahian edo
betirako bizi nahian edo

elkarrekin egin gabekoak
partitu gabeko guztiak
imajinatu ditut
berriro ere
eta gure harremana
edo harreman eza 
ulertzen saiatu naiz
alferrik ordea

argazkia kutxa zaharrera bueltatu
trasterora eraman
eta bere tokian utzi dut
egon daiteken toki bakarrean
traste zaharren artean





2011/06/03

lagunak

Zer dira lagunak? A ze galdera? Erantzunak sinplea ematen du. Lagunak zure ondoan dauzkazun pertsonak dira, ez ondoan fisikoki, edo ez fisikoki soilik, edozein gauzetarako kontatu ditzakezun pertsona horiek.
Bizitzak askotan eramaten zaitu jende batekin harremana edukitzera eta denboraren poderioz zure lagun bihurtzen dira edo hori da pentsatzen duzuna, baina beti ez da horrela izaten.
Azken urteetan nire bizitza monotono xamarra izan da, baina inguruan nuen jendearekin gustora nengoen, ederki pasatzen nuen eta ez nizkien gauzei buelta askorik ematen, baina hori pixkanaka aldatzen joan da.
Gehienek bikotea lortu eta apurka, apurka desagertzen joan dira, baina nik hor jarraitu dut ohartu naizen arte bakarrik nagoela, edo ia bakarrik. Baten bat hor dago eta bai, zure laguna da, baina pentsatzen hasten zara eta ez da zuk nahita aukeratu duzun laguna, nahigabean gertatu den zerbait da, eta analizatzen hasita konturatzen zara pertsona horrekin ezer gutxi duzula komunean. 
Bapatean badirudi lagun harreman hori ia ia bikote harremana bilakatu dela, toki guztietara pertsona horrekin joan behar duzula eta gainera zure pausuen azalpenak eman behar dizkiozula. Baina hori ez da okerrena, okerrena da desagertu direnek ere pentsatzen dutela zure bizitza pertsona horrekin konpartitu behar duzula, biak "bakarrik" zaudetenez, zure obligazioa dela.
Oso haserre nago eta oso dezepzionatuta sentitzen naiz lagun kontsideratzen nituen askorekin.
Berrogei urte dauzkat eta ez nago txorakeriekin ibiltzeko. Bizitza nire erara eta nire modura bizitzen hasi nahi dut, nire gustoko gauzak eginez eta ahalik eta gehien disfrutatuz eta horretarako orain artekoarekin apurtu behar badut, ez al dut eskubiderik hori egiteko?
Noski baietz, baina ez da erraza, zerotik hasi behar dut, hamalau urte neuzkanean bezala, baina adin honekin zerotik hastea zailagoa da, bereziki mundu guztia ezagutzen duzun herri txiki batean.
Azken boladan nahiago izaten dut etxean bakarrik geratu kalera betikoekin irtetea baino, konturatu naizelako iada ez daukadala ezer beraiekin konpartitzeko parrandaren bat ez bada, behintzat.
Lagunak badauzkat bai, eskuko hatzekin kontatu ditzakedan batzuk, eta une puntualetan beraiekin kontatu dezaket, baina bakoitzak bere bidea egin du. Nik nirea topatu behar dut, eta horretan ari naiz, baina lehen gauza eta inportanteena nire buruaren laguna izatea da, eta horretan nabil.
Badakit agian gauza asko galtzen ari naizela, nire izakerarengatik ez zaidalako erraza egiten kalera irten eta ezagunekin juntatzea, baina bakoitza den bezalakoa da eta hori ere onartzen jakin behar da.
Halere faltan botatzen dut astean behin, edo hamabostean behin, edo ez dakit tarteka, lehen beti egoten ginenak elkartzea, gutxienez barre batzuk egiteko. Besteek ez dute behar hori sentitzen ez daudelako bakarrik, beti dutelako euren egunerokotasuna zeinekin konpartitu. Bejondeiela, ez diet ezer txarrik desiatzen, baina jakin nahiko nuke zer ez luketen esango eurak balira nire egoeran daudenak. 
Horrelako lagunak edukita zertarako etsaiak? Bitez zoriontsu, ni neure aldetik saiatuko naiz, baina ez daitezela harritu euren bizitzetatik betirako irteten banaiz.

2011/06/01

Beatsteaks - A-Way

Gaur inspiratua sentitzen naiz. Talde honek lehengoan Platerunean jo zuen oker ez banago. Ez nintzen joan, baina hemen euren temazo bat: a-way

amodiozko sarrerak

Atzo nire blog anonimo honi errepaso txiki bat egiten aritu eta konturatu nintzen sarrera asko enamoratu batek bere maiteari idatzitako gutunak, poemak ziruditela. Egia da askotan pertsona jakin bati buruz aritu naizela, eta berak bakarrik jakin dezakela zertaz aritu naizen. 
Erridikulu xamar sentitu nintzen une batez, baina onartu beharra daukat horrelako zerbait egon dela guzti horren atzean, jakin ez badakit ere kontzienteki izan den ala ez.
Aitorpenak egiten hasita agian intentzio guztiarekin idatzi ditut horrelakoak, sekula esan gabeko hitzak eta adierazi gabeko sentimenduak kanporatu behar nituelako, helarazi behar nizkiolako, jakin behar zuelako nola sentitu naizen eta bide batez barruan nuen korapiloa askatu beharra neukalako. Ze ez dakit zein arrazoirengatik pentsatzen nuen berak irakurri egiten zituela, baina atzo ohartu nintzen ezinezkoa dela. 
Ezinezkoa da zugan interesik agertu ez duen pertsona batek zure bloga irakurtzea. Ezinezkoa urtebetetzea zoriondu eta eskerrak eman ez dizkizunean; ezinezkoa bere egoeraz kezkatu eta hitza ahoan bakarrik utzi zaituenean, ezinezkoa. Zergatik eta zertarako? Ongi idazten dudalako? Emmmm, ez dut uste. Autokonplazentziagatik? Absurdo xamarra iruditzen zait. 
Pertsona batekiko inolako interesik ez baduzu, ez zara berarekin akordatu ere egiten, are gutxiago bere blogean sartu; ez da zure buruan existitzen, punto.
Nik uste dut nire hitzekin aukera ugari eman dizkiodala nirekin kontaktuan jartzeko, baina ez da horrelakorik sekula gertatu, beraz...
Halere sarrera hau irakurriko balu jakin dezala asteburu bat pendiente daukagula...je,je!!!
Zauria ixteko garaia heldu dela uste dut, elorriak barruan badirau ere. 
Ea zortea dudan eta zutaz desenamoratzen naizen.