2011/03/07

Bizitzaren zertzeladak: Martin

Ajiak jota esnatu da. Sukaldera joan eta han dabil Irene bazkaria prestatzen. Begiratu egin dio, buruarekin ezetz bezala esanez, horrela ezin duela jarraitu, ezin dutela horrela jarraitu, gehiago ez.
Seme alabak etxetik joan zirenetik logela diferentetan egiten dute lo. Emakume ederra da Irene, ona eta pazientzia handikoa. Dena jasan izan du bere familia aurrera ateratzeagatik. Beti jakin du Martinek sekula ez diola desioz begiratuko, baina garai batean ahaleginak egiten zituen dena ondo joan zedin, astean behin gutxienez bere sexu saioa ere edukitzen zuten, pasio handirik ez bazegoen ere, maitasuna adierazteko eta eskerrak emateko modu bat zen. Orain hori ere agortu zaie.
Bizitza osoa erriprimituta eman ondoren orain jubilatu dela atera zaio bere benetako nia adierazteko beharra, bortizki, eta modu desegokian atera ere. 
Lehen, eguna lanean ematen zuenez, pentsatzeko asti gutxi zuen eta dena eramangarriago zitzaion. Orain egun guztia libre duela ezin bere barnea, bere desioak, bere beharrak kontrolatu.
Gauero, zaborra ateratzeko aitzakiaz, kalera irten eta kopatxo bat hartzera joaten da etxe ondoko tabernara. Han pare bat edo hiru gin tonic edan eta gero, gazteenetara hurbiltzen da, haiekin harremanetan jartzen saiatzen delarik, baina berea bezalako herri ttiki batean ezer lortzea zaila zaio. Bata laztantzen ahalegintzen da, besteari musu ematen, gazte horietako bat konkistatu nahiko luke, dirua ordaintzera ere prest egongo litzateke, dena euren gorputz gihartsuak laztandu edo gutxienez miretsi ahal izateko, baina denek barre egiten diote. Penaz begiratzen dute, maritxu atso halakoa, zer pentsatzen du ezer lortuko duenik ala? Eta berak itsu gin tonicak edaten jarraitzen du, noraezean, taberna batetik bestera, amen egingo dion baten bila, azkenean kalera bidaltzen duten arte, eta etxeratu aurretik saiatzen da berriro ere beste batean sartzen, atean zain, kamareroa konbentzitu nahiean utz diezaion azken kopatxoa hartzen.
Etorkizun beltza familia katoliko euskaldun batean hazi eta hezitako agure homosexual erreprimitu batentzat.

No comments:

Post a Comment