2012/01/28

ispiluari begira

ispiluan begiratu naiz
baina ez naiz ikusi
nire begiak ikusi ditut
baina ez nire begirada
nire ahoa ikusi dut
baina ez nire irria
nire gorputza ikusi dut 
baina ez nire jarrera
nire bihotza ikusi dut
baina ez nire pasioa
nire burua ikusi dut
baina ez nire idealak
hilda ote nagoen 
pentsatzen jarri naiz...

esaldiak 4

la coherencia es la primera forma de rebeldía

2012/01/25

Bizitzaren zertzeladak: Jexu

Hogeigarren mende hasieran jaio zen, Goierrin, familia aberats batean itxura denez, txikitan bi zaintzaile izan zituela kontatzen baitzuen. Garaiko edertasun kanonen barruan egongo zen, ezkongabea zela Balentziagarekin aritu baitzen lanean modelo bezala. Gero begi urdindun napar bat ezagutu eta Donostiara ezkondu zen.
Ezer gutxi dakit haren bizitzari buruz, baina sei seme-alaba izan zituen, bi neska eta lau mutil, eta handik aurrera bere bizitza guztia haiei eskaini zien.
Lau mutil haietatik hiru ez zitzaizkion guztiz oso jaio, atzerapen edo berezitasun, edo dena delako bat baitzuten, eta bizitza osoa haiei begira igaro zuen. Erosketak egitera ateratzeaz gain, egunaren beste ordu guztiak etxean eman ohi zituen, igandeko mezetako tartea salbu.
Goizean goiz jaiki eta gosariak jarri, ontziak garbitu, oheak egin, etxea erraztu, hautsa kendu, bazkaria prestatu, arropak garbitu, arropak plantxatu, mahaia jarri, bazkaria serbitu, mahaia jaso, ontziak garbitu, ontziak jaso, etenaldi txiki bat eta afaria prestatu, mahaia jarri, afaria serbitu, mahaia jaso, ontziak garbitu, ontziak jaso, telebista apur bat ikusi eta ohera. Horrela astelehenetik igandera, nik oroitzen ditudan 25 urtetan behintzat, alargun geratu zenetik aitzina. Gainetik berarekin zuen bizitzen ere bere ahizpa neska zahar ozpindua, bere karga txikia balitz.
Umetan ez zara gauza horiekin ohartzen, baina gerora askotan pentsatu izan dut beragan: zoriontsu izan ote zen? Ez al zituen beste nahi, behar, anbizio? Baina bizitzak ez zion utzi, hura zen bere bizitza bakarra, bere ardura, bere eginkizuna munduan, bere semeak zaintzea berak zekien moduan, eta bere ahizpa jasatea.
Astean behin joaten ginen bere etxera. Ez dut bere aurpegia sekula ahaztuko. Pastazko antioju beltzak bere aurpegian, puskatuak, esparatrapuz lotuak; amantal zikina soinean, sukaldatzen aritu izanaz, eta bere irrifarra ahoan. Beti jaso gintuen irrifartsu, sekula ez nuen haserre edo triste ikusi, agian bere begiradak bazuen malenkonia puntu bat, baina beti aurpegi atseginaz jantzita. 
Hori izan zen gure amona Jexu, inoiz ezagutu dudan pertsonarik onena, atseginena, sakrifikatuena, bereengatik bere bizitza eman zuena txintik esan gabe, eta trukean ezer gutxi jaso zuena, hemendik oraintxe adierazten ari naizen miresmena usaindu ere egin ez zuena, neuk gaztetan ez nuelako jakin izan hori guztia adierazten.
Berarekin une gehiago konpartitu ez izanaz damu naiz, baina berak eskainitako une goxoak barruraino heldu zaizkit eta nire gogoan gordeko ditut betirako.
Mila esker amona!

2012/01/21

bikotea

bikote bat nahi dut
bizitza konpartitzeko

mendira joateko
parranda egiteko
negar egiteko 
barre egiteko

laztanak egiteko
laztanak jasotzeko
maitatzeko eta
batzuetan gorrotatzeko

hitz egiteko
entzuteko
ixilik egoteko
garraxi egiteko

etzanda egoteko
larrutan egiteko
irakurtzeko 
eta kantatzeko

mimoak jasotzeko
mimoak emateko
eztabaidatzeko
eta ados jartzeko

oporretara joateko 
etxean geratzeko
disfrutatzeko
eta tarteka aspertzeko

pasioa eta maitasuna nahi ditut
pasioa eta maitasuna behar ditut
bizirik nagoela sentitzeko
eta horretarako
bikote bat nahi dut

zuk izan nahi al duzu?

2012/01/18

Comprar, tirar, comprar

Aztarna ekologikoa, hondakinen kudeaketa, sistema lineala, sistema zirkularra, ingurumena,... gai horren inguruan proiektu bat egiten nabil, eta honako dokumental hau partekatzea interesgarria iruditu zait. Telebistan eman zuten, duela ez asko, baina berriz ere zabaltzea merezi duela uste dut. Cosima Dannoritzer alemaniarrak zuzendutakoa da. On egin!

2012/01/14

begiradak 2

azkenean
aurpegira begiratu didazu
aspalditik somatu gabeko
begirada horrekin
agian ez du ezer esan nahi
baina niretzat izugarria izan da
lasaitu egin naiz
ondo egin dut lo
astea pozik igaro dut

ez dakit 
noiz ikusiko zaitudan berriro
baina beste patxada batez
igaroko naiz zure ondotik
hori besterik ez bainuen behar
nire korapiloa askatzeko
erraz konformatzen bainaiz
ergel xamarra bainaiz
batzuetan




2012/01/08

"Blindness" (a ciegas)

Batzuetan pelikulak estrenatu eta ez zara enteratu ere egiten. Niri honekin horixe gertatu zitzaidan, eta lehengoan liburutegian topatu nuen kasualitatez.
2008an Fernando Meirelles brasileroak zuzendua, Jose Saramagoren "Ensayo sobre la ceguera" liburuan oinarrituta dago.
Ez dut liburua irakurri eta beraz, ezin konparaziorik egin, baina oso gomendagarria iruditu zait.
Gizateriari buruzko hausnarketa, gogorra, baina interesgarria, zer pentsatua ematen duena. Ahal baduzue ikusi.



hitzak soberan daude!

Gaurkoan hitzak soberan daude, ez dira profesional baten argazkiak, ez dira  100.000 pertsona ikusten, ez da beharrezko, etorkizun hurbilaren lehen urratsa besterik ez da!

2012/01/06

sarri 2

Hona hemen Sarrionaindiaren beste poema bat bideo batekin. "Hau da ene ondasun guztia" diska liburutik ateratakoa.



2012/01/05

kolosala izango da!

Herri honek merezi duen tokira heltzeko gurekin behar ditugulako bete ditzagun larunbatean Bilboko kaleak, kartzelak hustutzeko!!!!!!!
Kolosala izan behar da, izango da!
Libertad para los pres@s polític@s vasc@s!!!!!
Euskal preso eta iheslariak etxera!!!!!

2012/01/04

egoismoak

Badira pertsona batzuk zurekin akordatzen direnak soilik zerbaitetarako behar zaituztenean. Euren kolkoa besterik ez dute ikusten. Berdin da zein harreman lotzen zaituen eurekin. Izan daitezke lagunak, beno ezagunak esan beharko nuke, lankideak, senitartekoak: urrutikoak, zein gertukoak. Lotura bera dute: egoismoa.
Ez dituzte besteen beharrak, nahiak, ezinak ikusten, eurenak bakarrik dakusate, eta zure laguntza eskatzen dizutenean ezezkorik ezin dute jaso. Gainera okerrena da ezezkoa emanez gero zu sentitzen zarela gaizki, delitu bat egingo bazenu bezala, eta horrez gain eurek egoistatzat hartzen zaituzte, lagundu nahi ez bazenu bezala.
Erreta nago gai honekin, beti berdin. Gaur horrelako episodio bat izan dut, eta behingoagatik ezezkoa izan da nire erantzuna, baina ez nago lasai. Buruari bueltaka nabil denbora guztian, baina ze arraio, akordatzen al dira nirekin inoiz? Egoistagoa izaten ikasi behar dut, buruhausterik gabe, ergelarena egiteaz nazkatu naiz eta.

2012/01/01

urte zahar on!

ene, ene, ene, 
oraindik ez altzera enteratu 
onena opa dizudala?
ene, ene, ene, 
muxu busti eta goxo bat
zuretzat!