2011/03/02

Bizitzaren zertzeladak: Miren

Lanetik atera eta etxera joan da zuzenean. Euria barra barra ari du, leiho aurrean paratu da, malenkoniatsu. Horrelako egunak gustoko dituen arren tristetu egiten dute. Ingurura begiratu du, gauza guztiak bere tokian daude, ordenatuta, txukun, baina isiltasuna da nagusi. Bakarrik dago. Denbora asko darama etxera heldu eta inoren musurik edo besarkadarik jaso gabe, inoren agurrik edo hitzik entzun gabe. Aspaldi ez diola inork afaria prestatu, poema bat irakurri, txiste bat kontatu, edo oinetan masajetxo bat eman.
Garai batean egoera hori ondo zeraman, baina urteak aurrera egin ahala, astunagoa gertatzen ari zaio, jasangaitzagoa.
Lagunek kexatzerik ez duela esaten diote, ez duela loturarik, bere denbora librea nahi bezala erabil eta oporretan nahi duena egin dezakela..., nahiko luketela beraiek egoera hori... 
bai zera! Egun guztia bakarrik, oporretara joateko bakarrik, hori nahi dutela? ziria beste bati sar diezaiotela! Horrelakoak bera kontsolatzeko esaten dizkiote, ez benetan sentitzen dituztelako. 
Lagunek batzuetan bakardadea (edo lasaitasuna) botatzen dute faltan, baina ez da gauza bera norberak bilatutako bakardadea edo derrigor datorkizuna; azken horri aurre egitea gogorra da, baina horrelakoak esaten dituenean inork ez dio jaramon handirik egiten. 
Bakardade hori apurtzeko ahaleginetan hasi da, badaki ez dela gauetik goizera gertatuko den zerbait, baina erabakia hartua dauka, egoera eta lagun berriak ezagutzeko aukera bakoitza erabiliko du, bere mundu ttipia zabaldu asmoz.

No comments:

Post a Comment