2011/03/08

Bizitzaren zertzeladak: Irene

Goizero jaikitzen denean Martinen logelara hurbiltzen da, bertan ote dagoen ikustera, zeren beldur da, egunen batean han egongo ez denaren beldur, telefonoak jotzearen beldur, hor nonbait, txakur abandonatu baten moduan, bazter batean botata, jipoituta, akabatuta aurkituko dutenaren beldur.
Beti jakin du Martin ez zela urteetan denen aurrean, baita berean ere, agertu den pertsona; bere goxotasun, maitasun, alaitasun horien atzean beste izate bat gordetzen zuela, baina itsuarena eta gorrarena egin du ahal izan duen bitartean. 
Asko zor dio Martini. Beragatik ez balitz akaso neska zahar izango zen, jendearekin erlazionatzeko beti izan dituen arazoak ikusita zaila izango zen garai batean beste mutil bat berarengana hurbiltzea. Martinek egin zuen, konkistatu egin zuen eta beti errespetuz tratatu du, inoiz ez hitz bat bestea baino gorago, beti egoki, baita haserre zegoenean ere.
Egia da ohean sekula ez dela pasio handirik izan euren artean, baina berak hori normaltzat jotzen zuen, beste esperientziarik ezean hura nahikoa eta sobera iruditzen zitzaion.
Hiru seme-alaba zoragarri izan dituzte eta esan daiteke familia zoriontsua osatu dutela duela pare bat urte gauzak okertzen hasi ziren arte.
Batetik Unaik etxetik alde egitera zihoala adierazi zien, aurretik joanak ziren Miren eta Joseba ere, orduan Martinek esan zion lehen aldiz handik aurrera beste ohe batean egingo zuela lo, beste gela batean. Irenek ez zuen zergatia galdetzeko adorerik izan, akaso erantzuna bazekielako. Aurrerantzean gauero negar egin du isiltasunean bere izarapean, baina okerrena heltzeko zegoen. Jubilatu zenetik astean zehar gauero zaborra ateratzeko aitzakian kalera irten eta mozkorturik bueltatzen da auskalo zein ordutan. Ez dio inork kontatu baina imajinatzen du zertan dabilen, herrian beti bolo bolo ibili den bere homosexualitatea azkenik agertzen, bere alderik izkutuena errebelatzen. Eta imajina dezake nola gazteek barre eginen dioten eta tristetu egiten da, baina beldur ere bada, horrelako batean baten batek astindu bat eman eta kalean zerraldo utziko duenaren beldur.

No comments:

Post a Comment