2011/05/30

gauaren erdian

Ametsetan nengoela telefonoak jo du. Iratzarri egin naiz, 
-baaaaiiiiiiii?
-Gabon Miren...
Zur eta lur geratu naiz! Ezin sinetsi beste aldetik zure ahotsa datorkidala, lozorroa gainetik kentzen ahalegindu naiz...
-badakit berandu dela, baina zugan pentsatzen ari naiz, zurekin egoteko beharra daukat, gogoa...
badirudi egunak ematen ez dizun ausardia etorri zaizula gauean, adorea eduki duzu eta hots egin didazu, agian zerbeza batzuk daramazkizu gainean, berdin da. Nik ezin dut hitzik artikulatu baina bat-batean zure gorputza imajinatu dut nire maindire artean
- Zure etxera joan al naiteke?
zer esango dizut ba, ni desiatzen ari naiz eta...
-nahi baduzu
ez dira hamar minutu ere igaro tinbrea jo duzunerako, bilutsik ireki dizut atea, ez dizut hitzik esan, zuk ere ez duzu ezer esan, begira geratu zara atean une batez, muxu bat eman didazun arte, zuzenean ohera joan gara...

Hori guztia gertatu izan zitekeen, baina... ez da horrelakorik inoiz gertatu.
Hots egin didazu bai, baina nik telefonoa itzalita neukan orduan. Seguruen ondo kalkulatu duzula noiz deitu, nik erantzungo ez dudan garaian. Nahi gabe egindako deia izan zitekeen, baina nola deitu nahi gabe sekula markatu ez duzun telefono batetara?
Goizean jaiki naizenean mobila piztu eta mezu batek eman dit zure deiaren berri. 
Zurekin harremanetan jartzen ahalegindu naiz, alferrik izan da ordea. Gaueko adorea damu bilakatu zaizu egunsentiarekin. Ez duzu ausardiarik izan azalpen txiki bat emateko ere, ez duzu pretendituko nik ezer esatea naturaltasun osoz ezta? Zer pentsatu behar dut, adarra jotzen ari zarela? 
Gaizki sentitu naiz denbora luzez, inork ez nau sekula horrela tratatu, matematiketan ona banaiz ere zure kalkuluak ez zaizkit inondik inora ateratzen, zein izan da guzti honen helburua?
Kobre zaporeko maitasuna izan zitekeena, harreman mikatza bilakatu duzu gauaren erdian.

2011/05/26

komunikazioarekin bueltaka

Gogoeta asko egiten ari naiz gai honen inguruan.
Lehengoan idazten nuen komunikaziorik gabe komunikatzen ginela, eta hala dela uste dut, baina ez dut konprenitzen, ez dakit zer bilatzen duzun guzti horrekin, zerbait bilatzen baldin baduzu. Ez dakit utzitako arrastoarekin zerbait adierazi nahi izan didazun, edo dena nire paranoia handi bat izan den, edo ni guztiz enparanoiatzea bilatu duzun. Ez dut uste azken hau zure helburua denik, bestela kabroi hutsa zarela demostratuko zenidake, eta oraindik ere bihotz ttipi bat baduzula pentsatzen dut, edo hori pentsatu nahi dut.
Ez da lehen aldia horrelakorik egiten duzuna, zoritxarrez, baina oraindik ere zure berriren zai nago. Beti bezala.
Zuk nahi ala ez, hor eduki nauzu bueltaka, portaera ulergaitzen ondoren damuz beteriko keinuak eginez, zuzenean, eta beti geratu naiz inoiz heldu ez den erantzunaren zain, edo inoiz purrustadaren bat jaso izan dut bueltan, halere ez zaitut gorroto, inoiz ez zaitut gorrotatu, nahita ere ezingo nuke.
Hori al da zuri bizitzak irakasten dizuna, ni bezalako bihotz ahulekin jolastea?
Behingoagatik izan zaitez zintzoa, zurekin eta bereziki nirekin; zuregatik ez bada egizu niregatik edo elkarrekin igaro ditugun une goxoengatik, baina mesedez, amaitu ezazu nire ezinegonarekin, utzidazu bakean bizitzen gutxienez, nire buruarekin, nire sentimenduekin eta nire ametsekin bakean. 
Zerbait adierazi nahi badidazu, edozer dela ere, egizu beldurrik gabe, etzaizu damutuko, nik bihotzetik eskertuko nizuke.

2011/05/24

begiak itxi ditut

begiak itxi ditut
zure aurpegia nire gogotik aldentzen saiatu naiz
egia esateko nekez oroitzen dut
baina hor ageri zait zure begirada
zorrotza, mespretxuz josia

tristetu egin naiz
oroitzapen horrek mina ematen dit
eta nire buruari zergatik galdetzen diot
erantzunik ez dut halere

egunak pasa ditut horrekin tematuta
egun gehiegi, gau gehiegi
denbora gehiegi
bizitza laburregia baita
laburregia akordatuz bizitzeko
laburregia akorduez bizitzeko


2011/05/23

Bildu Euskal Herria

Hainbeste sufrimendu eta gero, argia somatzen da tunelaren amaieran. Zorionak Hego Euskal Herria, urratsez urrats aurrera goaz eta!

2011/05/21

seinaleak

Seinale bat egin didazu
edo ez!
nire senak dio baietz
seinale bat  izan dela
eta urduri jarri naiz 
izugarri urduri
eta ez dakit zergatik

azken finean 
kanpotik begiratuta
ez baita ezer berezia
baina guk badakigu badela
ze zuk 
nik bezain ondo dakizu
zein den gure hizkuntza

neurri batean 
elkar ulertzen dugu 
hitzik esan gabe
keinu zuzenik gabe

komunikaziorik gabe
komunikatzen gara
eta polita da, bitxia
baina nik 
beste zerbait behar dut

zertarako seinale hori?
bizirik zaudela adierazteko?
zutaz ahaz ez nadin ziurtatzeko?
Joku horiek nazkatuta naukate
nire burua nahastea
nire loa eragoztea
hori da lortzen duzuna

eta barkatu baina nik
nire loa zainduko duena
bilatzen ari naiz
lasaituko nauena
aurpegira hitz egingo didana...

Nirekin komunikatu nahi baduzu
ongi etorri, 
ni topatzea ez zaizu zaila izango
baina egizu zuzenean 
hori baita nire erantzuna jasotzeko
izango duzun bide bakarra

2011/05/16

Maiatzak 22

Atzo mobilizazioak izan ziren estatuko hiri guztietan edo gehienetan behintzat gaur egungo sistema politikoa salatuz eta benetako demokrazia exijituz, eta ez da harritzekoa ikusirik langabezi tasa gora doala, betikoak aberasten jarraitzen dutela, gazteen artean prekarietatea areagotzen ari dela... 
Bai egia da, bizi garen sistema agortuta dago, aldaketa beharrezkoa da eta politikariek oro har ezerezean geratzen diren promesak besterik ez dituzte egiten, poltsikoak betetzen dituzten bitartean.
Ados egon naiteke planteamentuekin hein handi batean, baina Euskal Herrian bizi dugun egoerak eta une politikoak bestelako irakurketa bat egitera narama ezin bestean.
Herri guztiek bizi dituzten arazo globalez gain, gure herriak badu plus bat erabakitzeko eskubidearekin, normalizazio politikoarekin eta bakegintzarekin lotutakoa eta nire uste apalean horri heltzeko garaia da.
Munduan bizi diren arazo guzti horiei aurre egin behar diegu eta aurre egingo diegu, baina ezin ahaztu oraindik ere bigarren mailako biztanle izaten jarraitzen dugula herri honetako milaka lagun.
Orain daukagu aukera gauzak aldatzen hasteko. 
Beste egoera batean (edo beste herrialde batean) agian ez bozkatzeko deia egitea aukera onena izan ziteken, oraingoan ordea hautestontziak boto ezkertiar eta abertzalez betetzeko unea da, hori baita herri hau justizian oinarritutako beste eszenatokira eramateko bide bakarra, etxean geratuz betikoei lana erraztu besterik ez baitiegu egingo. 
Nik argi daukat. Maiatzaren 22an gertatzen denak herri honen etorkizuna baldintzatuko du ezbairik gabe. Gure esku dago aldaketa gauzatzea, herria ezkerretik eraikitzea, bizi baldintza duinagoak eskuratzea, munduan euskaldun gisa borrokatzea. 
Maiatzaren 22an botoak BILDU behar ditugu, ahal diren gehienak, hainbeste sufrimendu eta gero merezi dugulako, bidean gelditu direnek eta etxetik urrun bahiturik daudenek merezi dutelako. 
Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko maiatzaren 22an nire boza BILDU.

2011/05/09

IKTak

Aurreko astean izandako berri egarria zela eta (Bildurekin zer gertatuko ote zen jakinminez), ordu mordoa eman nituen internetera konektatua. 
Ostegunean Garan sartua egon nintzen denbora luzez eta haren orriaren eskumaldean twitterrak zebiltzan goitik behera pasatzen etengabe, jendearen iritzi, aportazio, sentimenduak adieraziz. 
Une batean analfabeta xamarra sentitu nintzen sare sozialen kontu horretan, eta atzean geratzeko beldurrez edo, twitterren kontu bat irekitzea erabaki nuen. 
Ez nekien kontua irekia egin denek ikusteko bezala, hala pribatu moduan utzi, soilik nik oniritzitako jarraitzaileen eskaerak onartuz, zer egia esan pentsatzen dudana publikoki adieraztea lotsa handia ematen dit (ez edukiengatik, formarengatik baizik), atzean irakurleak baino epaileak egongo direla imaginatzen dudalako. Tontakeria bat izango da seguruen, ez dudalako uste gauza handirik esango dudanik eta edozein kasutan ezkutatzeko ezer ez dudalako, baina hor ibili nintzen deliberatzen.
Gauza da kontua ireki nuela eta batzuen jarraitzaile egin naizela, baina egia esan ez dakit tresna hori nola erabili eta gainera ez dakit horren beharrik ote dudan ere, baina tira hogeitabatgarren mende honetan, badirudi horrelako gauzak derrigorrezkoak direla, edo derrigorrezkoak egiten ditugula progresoaren eta informazioaren puntan egoteko.
Pentsatzen jarrita horrelako hamaika kontu dauzkadala ohartu nintzen. Posta elektronikoko bi kontu (bat lanekoa, bestea pertsonala); sare sozialetako beste bi (hi5, sekula erabili ez dudana, eta facebooka, horri bai ateratzen diodala nolabaiteko etekina bereziki urrun bizi diren lagunekin informazioak eta afizioak partitzeko); flickr-en kontu bat argazkiak erakusteko; groovesharken beste bat musika lortu eta konpartitzeko; youtuben ere kontua ireki nuen aspaldi ez dakit zertarako; bi blogen kudeatzaile ere banaiz (nire txoko "anonimo" hau, jende ezagun gutxik ezagutzen duelako, eta beste bat bere momentuan nire barrua hustutzeko sortutakoak); lanean ere hainbat blogetan tarteka nire aportazio "profesionalak" egiten ditut. Horrez gain beste hamaika orrietako erabiltzailea naiz, bakoitza bere erabiltzaile izen eta pasahitzekin...
Ze hori da bestea, guztietan, edo gehienetan behintzat, anonimoa izaten jarraitu nahi dut. Inozo halakoa, libre sentitu nahi dut eta alde guztietatik kontrolatua egongo naiz ziurrenik, nahi duenak eta dakienak, kontu horiek deszifratu ahalko dituelako...
Ufffff!!!!! mareatzen hasia naiz horrenbeste gakoekin..., uste dut agendatxo bat erosi beharko dudala nire pasahitz eta goitizen guztiak apuntatzeko.

2011/05/08

ikuspegiak

zein erraza den
besteen bizitza bizitzea
besteek egiten dutenaz mintzo
eta egin ez dutenaz jardun
hain erraza zer
beste batzuek niri buruz esandakoak
nahi nituzke jakin
ea behingo batez
neure bizitzak dituen konplikazioak
beste begiekin ikusteko ahalmena dudan
ea niretzat hain zailak diren kontuak
errazak bihurtzen diren
ea buruan dudan zentrifugadora
betirako apurtzen den 
                 
                    2005eko urtarrila

2011/05/06

ostirala

Gaur ostirala da. 
Pozik egoteko nahiko motibo badauzkat; Bildu-ren legalizazioarekin esnatu gara, berri ona; ez dut klaserik izan eta goiza lasai lasai pasa dut, lanean baina presiorik gabe; aste honetan egin beharreko entrebistak eta haien erregistro guztiak eginak utzi ditut; zure autoa ikusi dut gidaria zu ez bazinan ere, eta gustatu egin zait; beste jarraitzaile bat dudala deskubritu dut; aste guztian ez dut zigarrorik erre; froga batzuk zuzentzeko baditut ere asteburu guztia aurretik daukat disfrutatzeko...
Halere ez dakit egiten duen bero sargoriarengatik ote den edo, baina malenkoniatsu nago. Gaur norbaitekin (ez edonorekin noski) afari txinatar bat, pelikularen bat, porrotxo bat eta ohea konpartituko nituzke, baina ez da horrelakorik gertatuko eta gaur bereziki pena daukat, barruan ditudan poza eta ilusio guztia eterra bezala desagertuko direlako. 
Tristea da gero, baina horrelakoak normalean ostiraletan gertatzen zaizkit. Zer egingo diogu? 
Bai, gaur ostirala da.

2011/05/02

berriak

Gaur goizean bi notizirekin esnatu gara. Bata Bin Ladenen hilketa, bestea Bilduren ilegalizazioa.
Itxura denez medio españoletan lehena izan da titular nagusia, zeintzuk eta bizitzarako eskubidea ozen eta beste edozerren gainetik aldarrikatzen duten horiek, pertsona baten (ez dut nik kalifikatiborik erabiliko) heriotza biolentoaz "pozten" eta demokraziaren izenean atentatu hori goraipatzen. Ez al dira konturatzen euren teilatura harrika ari direla, euren argudioak ezeztatzen ari direla? Horretarako ere motz?
Noski bestea oso ozen ematea ez zitzaien gehiegi interesatzen, ze neuronak minimoki konektaturik dauzkan edonork badaki bere burua demokratatzat duen estatu batek ezin duela enegarren aldiz alderdi, koalizio edo dena delakoa ilegalizatu eta herritarren multzo handi bat bere eskubide politiko eta zibilik gabe utzi, ondorioz notizia bigarren plano batean utzi dute, beste behin ere, hemen ezer gertatu ez balitz bezala.
Baina hemen, orain dagoen arazoa ez dira islamistak, hemen jokoan dagoena herri oso baten erabakitzeko eskubidea da, eta etsaiak badaki. Badaki euskaldunok lehenago edo beranduago hitza hartuko dugula, gure hautua egingo dugula eta beldur dira, montatu zuten txiringitoa desmantelatu egingo zaielako, dena pikutara joango zaielako.
Ez dakit zer gertatuko den ostegunean politika kontuetan ez bainaiz oso abila, baina herri honetan sortu den ilusioa, biltzen ari diren indarrak ez dute atzera bueltarik. Jarrai dezagun lanean, espainolek egin dezatela nahi dutena, argi dago etorkizuna gure esku dagoela. BILDU lanera!

2011/05/01

ixilik

ixilik zaude 
non da zure ahots laguna
ozenki mintzo zait gaur zure ixiltasuna
egiazko ipuinetan legez
zientzia liburuan ere 
ez da hain ozen
mintzo egia
hain nabarmen 
hain garden egia...

ruper dixit

itxaropena

agian su ta garren kontzertu baten egon naizelako:

ez dut galduko itxaropena
nahiz ta zu ez egon 
zuretzat naiz!!!!!!!!!