2011/04/28

selfportrait

Hemen idazten ditudanak niretik asko dute, gauza batzuk nire iritziak dira eta besteak nire errealitatea fikzio dosi batzuez lagunduta, batzuetan dena fikzio hutsa bada ere, baina gaur nire burua aurkeztera nator, barruak eskatu didalako, gogoa daukadalako, besterik gabe.
Ni emakumea naiz, euskalduna. Ikasketez fisikaria, ogibidez irakaslea eta tutorea, nerabeen tutorea. Nire eskuetatik pasa dira ehundaka gazte eta haiei nire irakaspenak ahalik eta hoben ematen ahalegindu naiz eta ahalegintzen jarraitzen dut, tarteka ikasleek pazientzia gutxi dudala esaten badidate ere.
Alaba naiz eta arreba, baita izeba ere. Ezkongabea naiz, heterosexuala,  eta uzten didatenean maitalea. Laguna naiz, nire lagunen laguna.  Mesfidatia naiz eta lotsatia, izugarri lotsatia. Ameslaria naiz, apasionatua, behatzaile inkontzientea, sorgin xamarra. Pertsona langilea naiz, arduratsua, diziplinatua eta aldamenekoari laguntzeko prest agertzen dena.
Jendearengan zintzotasuna, argitasuna, transparentzia eta koherentzia baloratzen ditut. Bekaizkeria eta faltsukeria ezin ditut jasan. Zorrotz xamarra naiz kontu batzuetan eta mala hostia "pittin" bat badut ere.
Kirolzalea naiz, baina bereziki mendizalea, parrandazale amorratua banaiz ere.
Melomanoa naiz, musika da gehien maite dudan afizioetako bat, baina zinemazale ere banaiz eta artezalea, bereziki argazkigintza dut maite.
Ideologikoki ezkertiarra naiz, anarka xamarra, punki xamarra, sistemak ezarritako legeak beti bete eta errespetatu baditut ere. Beti errespetatu dut hurkoa bere iritzien aurka egon arren.
Atea naiz, fededunak errespetatzen baditut ere; ekologista ere banaiz eta berdintasunaren aldekoa. 
Independentista naiz, internazionalista, bakezalea, justizian oinarritutako bakearen zalea eta gainera baketsua. Ez dut sekula harri bat ere inoren eta ezeren aurka jaurti.
Ez nuen aitona ezagutu faxistek fusilatu baitzuten Espainiako gerra zibilean, baina hala ere ez naiz mendeku zalea eta ez naiz batere herratsua.
Nire zergak beste edozein herritar baten moduan ordaintzen ditut eta gainera horren aldekoa naiz sistemak modu orekatuago batean funtziona dezan.
Duela urte batzuk Herri Batasuna zenaren lista batzuetan joan nintzen hauteskunde munizipal batzuetan eta herritarren bozkei esker aukeratua izan nintzen nire herriko zinegotzia izan nintzelarik.
Hortik aurrerakoak badakizkizue, ezingo nintzateke berriro aurkeztu nik nahi ditudan siglekin (hori balitz nire asmoa), birus bat dudalako, arin kutsatzen den horietakoa, beste hogeitahemeretzi mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi herritar euskaldunekin batera klik. Hori bai, nire dirua, zergetatik "herritar guztiengana" doan hori (aht-a finantziatzeko; eskolta, polizia, "biktimak" ordaintzeko; erraustegiak eraikitzeko; kartzelak eraikitzeko;...) ez dago kutsaturik, inork ez dit eskatu ez ordaintzeko gizartea kutsatzeko arriskuaren izenean!
Ahaztu lehen esandako guztiak, onak zein txarrak, zuen gustokoak eta baita gustatu ez zaizkizuenak ere, ni ez bainaiz hori guztia, ni ILEGALA naiz eta kitto!

No comments:

Post a Comment