2011/04/26

boikota

Duela hogei bat urte Kubara joan nintzen oporretan. Nire lehen bidai trasatlantikoa zen, eta gainera nora eta Kubara, ez dut esango paradisura gindoazenik, baina bai gizartea antolatzeko modu desberdina zuen toki batera, bere akats eta guzti, eta ideologia ezkertiarra duen batentzat hura paradigma moduko bat izan zitekeen.
Oroitzen naiz nola hegazkina hartu aurreko orduak pasatzeko prentsa española erosi genuen, ez naiz akordatzen país, mundo edo zer zen, kontua da bertan Mario Vargas Llosari elkarrizketa bat egiten ziotela. Esan beharra daukat ordu arte ez nuela sekula bere libururik irakurri, agian nire esku artera ez zelako alerik heldu. 
Elkarrizketa hartan nobel saridunak zur eta lur utzi ninduten iritzi politikoak botatzen zituen, (agian intelektual guztiei beti ikuspegi ezkertiarrago bat lotu izan diedalako, nire akatsa), kapitalismoaren eta neoliberalismoaren aldeko adierazpen sutsu eta bortitzak eginez. Elkarrizketa aurrera zihoan heinean bakarrizketan hasi nintzen, nire ahotik apoak eta sugeak irtetzen zirelarik. Ez nintzateke gai izango bere hitzak erreproduzitzeko (nire memoria ez da sekula onegia izan eta adinarekin kaxkartzen doa), baina erabiltzen zuen tonua grabatuta geratu zitzaidan. Egun hartan bertan bere libururik inoiz ez irakurtzea eta are gutxiago erostea erabaki nuen.
Jendeak esaten zidan gauza bat dela pertsona baten gaitasuna, kasu honetan literarioa, eta beste bat bere iritzi politikoa, baina ni kontu horietan zorrotz xamarra (zorrotzegia esatea ere ez legoke sobera) naiz. Nire horretan jarraitu dut eta denborak arrazoia (nire arrazoia) eman didalakoan nago.
Duela hiru urte intelektual "español" multzo batek, tartean Vargas Llosa peruarra, gaztelania defendatzeko manifestu bat sustatu zuen klik itxuraz estatu espainolean gaztelaniak hizkuntza minoritarioa izateko arriskua baitzuen. Nik orduan pentsatu nuen ea tipo horrek ez zuen gauza hobeagorik egiteko, berea ez den estatu batean bazterrak nahastea baino. Zein legitimidade dauka ba Perutik etorritako idazle batek estatuan zein hizkuntzetan ikasi behar den esateko? Ez da arrazakeria kontua, ez dagokion eremuan sartzea iruditzen zait, are gehiago bere sona kontuan izanik.
Igandean irakurri nuen azkena. Vargas Llosa jaunak, Ollanta Humalaren alde egingo omen du bozka "bere" herriko hautesundeetan, ez oso konbentziturik (tipoa Hugo Chavezen laguna omen da, orain bere diskurtsoa neurtu badu ere), Fujimoritarrak berriro boterera iritsi ez daitezen klok
Ez naiz ni Peruko hauteskundeetaz arituko, han gertatzen denaz deus ez baitakit, baina zein komodo hitz egiten duen nobel sariak Espainiatik (bai nazionalitate bikoitza dauka), "bere" herri pobrea aurrera atera dadin, bere auskalo zenbat metro koadroko etxeko egongelako sofatik. Sasikume halakoa, joan dadila Perura lanera, bere herria aurrera ateratzera hain kezkatuta badago. 
Popatik hartzera, kuadrikulatua naizela esango didate, baina nik jarraituko dut tipo honi boikota egiten.

No comments:

Post a Comment