2011/04/09

elektrizitatea


Askotan esaten da pertsona batzuen artean kimika dagoela. Ez dakit benetan erreakzio kimiko bereziak sortzen diren gure gorputzean horrelako egoeretan, baina egia da batzuekin edo batzuekiko sentitzen duzuna diferentea dela, bortitzagoa, sakonagoa, ez nuke hitz zehatz bat erabiliko sentimendu hori deskribatzeko.
Hori bikote, sexu, deitu nahi duzuen moduan, harremanetara eramanda gogorragoa bihurtzen da. Egia esan niri gertatzen zait, modu oso argian gainera.
Nire lagun batek esango lukeen moduan plazerkide asko izan dut, eta askorekin egia esan oso gustora egon izan naiz, baina gutxi batzuk sortarazi izan didate zirrara.
Kimika delakoa eskuko hatzekin konta ditzakedan apurrekin senti izan dut soilik.

Oroitzen naiz igande arratsalde batez. Taberna batean sartu eta han zeunden bakarrik, trago bat hartzen. Hitz gutxi batzuk gurutzatu genituen baina gero zurera jarraitu zenuen. Alde egiterakoan ez zenuen agurrik esan, zure eskuaz nire bizkar osoa zeharkatu zenuen eta atzera begiratuaz irrifar goxo bat zuzendu zenidan. Une horretan eman zidan zirrara ez dakit inoiz lehenago sentitu ote nuen. Zure atzetik korrika irtetzeko gogoa eman zidan, baina ez nuen egin, ez nuen ausardiarik izan zure erreakzioaren beldur nintzelako, zure ezezkoaren beldur. 
Egia esateko elkarrekin egon ginen apurretan gure artean ez kimika, txinpartak sortzen ziren gure larruak kontaktuan jartze soilarekin. Ez dakit zuk horrela sentitu ote zenuen, baina iruditzen zait erreakzio horiek bi gorputzen artekoak direla, ez bakar batenak.

Lagunek diote zorrotzegia naizela mutil kontuetan, eta bikoterik ez badut nahi dudalako dela. Bai, agian arrazoi dute beti kontrakoa esan badut ere, elektrizitatea bilatzen ari naiz, txinpartaz beteriko bizitza bizi nahi dudalako.

No comments:

Post a Comment